Hauspotu egin dute lan arloko euskalduntzea

Gehiengo sindikalak bat egin du Donostiako Protokoloarekin. Hizkuntza politika ausartak eskatu dituzte; patronalari ere dei egin diote

Sindikatuetako ordezkariak atzoko ekitaldian; erdian, Paul Bilbao. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
arantxa iraola
Donostia
2017ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Iazko abenduaren 17a data zinetan garrantzitsua izan zen hizkuntza gutxituen defentsan diharduten eragileentzat; Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa aurkeztu zuten, Donostiako Protokoloa. Eragile horien «ahalduntze historikoa» izan zela oroitarazi zuen atzo Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok, eta poza adierazi zuen agiri horri atxikimendua adierazteko batu zirelako Donostian egin zen ekitaldi batean LAB, ELA, EHNE, ESK, Steilas eta Hiru sindikatuetako ordezkariak: euskal gehiengo sindikala. «Protokoloa da inoiz babes handiena lortu duen hizkuntza politikari lotutako proposamena. Hori Kursaalean argi geratu zen moduan [hantxe aurkeztu zuten protokoloa], gaur ere irudikatu dugu», goraipatu zuen Bilbaok. Kontseiluak argi utzi du protokolo horren inguruan ardaztu nahi duela jardun nagusietako bat. Atzo ideia berretsi zuen: «Protokoloak izaera estrategikoa izan behar du datozen urteotan». Nazioartean gero eta eragile gehiago ari zaizkio atxikimendua azaltzen, eta Euskal Herrian ere trinkotu eginnahi dute dokumentuaren inguruko sarea.

Sindikatuen izenean, ELA eta LABeko ordezkariek hartu zuten hitza. Bilbaok nabarmendu zuen biek parte hartu zutela protokoloa idazteko prozesuan, eta Kontseiluak aitortza publikoa egin nahi ziela egindako lanarengatik. Bi ordezkari sindikalek adierazi zuten agiriaren garrantzia. ELAko idazkari nagusi Adolfo Muñozek oroitarazi zuen hizkuntza eskubideak «eskubide sozialak» direla, eta irmo defendatu behar direla. Horretarako protokoloa aski tresna egokia dela esan zuen: «Donostiako Protokoloa interesgarria da langileen hizkuntza eskubideak bermatzeari begira, neurri zehatzak biltzen dituelako eta, horrekin batera, geuk ere badauzkagulako ekarpenak egiteko arlo horretan». Aditzera eman zuenez, etxe barruan euskara suspertzen jarraitzeko bide ere bada haientzat protokoloa. Bide horretan hainbat egitasmo dituztela adierazi zuen, eta elkarlanean ari direla, esaterako, LABekin Urola Kostan, egitasmo batean.

Euskaraz lan egitea helburu

Garbiñe Aranburuk ere dokumentuaren garrantzia nabarmendu zuen. «Euskaraz bizi nahi dugu; euskaraz lan egin nahi dugu», adierazi zuen. Horretarako hizkuntza politika «ausartak» behar direla esan zuen, eta bidean aurrera egiteko mugarriei irmo eutsi behar zaiela. «Protokoloak ate berri bat ireki du lan munduan ere euskara normalizatzeko. Konpromiso osoa dugu hori inplementatzeko». Bi idazkari nagusiak bat etorri ziren: lan mundua euskalduntzeko, ezinbestekoa izango da patronalaren atxikimendua ere. «Interpelazio» zuzena egin zioten. «Bidean ezinbestekoak dira enpresaburuak ere; hain justu, guztioi dagokigu protokoloa bultzatzea», ohartarazi zuen Muñozek.

EHNE sindikatuaren izenean, Joxean Odriozola; Steilasenean, Susana Egia; ESKrenean, Antonio Perez; Hirurenean, Jaione Ugalde. Horiek izan ziren gainerako sinatzaileak. Bilbaok eskertu egin zien protokoloa ezartzeko prozesuan«bidaide» izateko egin duten hautua. Izan ere, atzoko keinuarekin lan munduan euskara normalizatzeko eta langileen hizkuntza eskubideen defentsari leku handiagoa egiteko konpromisoa hartu dute sindikatuek, eta, bide horretan, protokoloa praktikara eramatekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.