Hausnartzeko deia gizarteari

ETAk eragindako minak «berariazko balorazioa» eskatzen duela iritzi dio Urkullu lehendakariak

Ordezkari instituzionalak eta hainbat biktima, atzo, Donostiako mahai ingurua jarraitzen. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
edurne begiristain
2015eko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Euskal gizarteak indarkeriadela-eta hamarkadetan izan duen jarrera ez da zuzena izan: zati bat «isilik» egon da giza eskubideen urraketak direla-eta, beste batek indarkeria «justifikatu» egin du, eta hainbatek «beste alde batera» begiratu dute. Hala uste dute, bederen, Andoitz Korta, Carmen Hernandez eta Pili Zabala ETAren eta GALen indarkeriaren biktimek. Horregatik, iraganean izandako jarreraren inguruan «hausnartzeko» eta «azterketa kritikoa» egiteko eskatu diote euskal gizarteari. Globernance institutuak eta Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetzarako idazkaritzakautokritikari buruz Donostian antolatutako jardunaldien azkeneko egunean egin dituzte gogoeta horiek biktimek.

ETAren eta GALen indarkeriak euren bizitzetan irekitako zauriaz mintzatu dira mahai inguruan, nork bere esperientzia pertsonala azalduta, eta hirurek azpimarratu dute «iraganaren autokritika» ezinbestekoa dela elkarbizitza eraikitzeko. Carmen Hernandez ETAk hildako Jose Maria Pedrosa PPko zinegotziaren alargunak gizarteari dei egin dio «berrikuste ariketa» bat egin dezan eta giza eskubideen urraketak baztertuditzan. Haren esanetan, «euskal gizartearen zati handi batek indarkeria justifikatu du, eta beste zati batek beste alde batera begiratu». Alderdi politikoei «ausardia» eskatu die Hernandezek, pausoak emateko eta hiltzea «gaizki» egon zela aitortzeko.

Andoitz Korta ETAk hildako Joxe Mari Kortaren semeak, berriz, autokritika egin du. Onartu du aita hil zioten arte ez zela bakearen aldeko ekintzailea eta inoiz ez ziela babesik eskaini beste biktima batzuei. «Orain, badakit gaizki jokatu nuela. Gaizki sentitzen naiz nire aitaren alboan eta indarkeria pairatu zuten beste biktima batzuen ondoan ez egoteagatik», aitortu du.

Euskal gizarteak urteetan izan duen «hondatze etikoa» deitoratu du Pili Zabala GALek bahitu, torturatu eta hildako Joxi Zabalaren arrebak. «Hemen, denok egon gara isilik». Pairatutako «samina» azaldu ostean, nabarmendu du hilketaren errudunek, PSOEk eta segurtasun indarrek «barkamena» eskatu beharko luketela, eta gauza bera egin beharko lukeela ezker abertzaleak ETAren indarkeriarengatik.

Eskaera ezker abertzaleari

Jarraian, politikariek hartu dute hitza: Juan Mari Atutxa Jaurlaritzako Herrizaingo sailburu ohiak, Jose Ramon Rekalde sailburu ohi eta ETAren atentatu batean larri zauritutakoak, PPko Iñigo Manriquek, Aralar alderdiaren sortzaile Patxi Zabaletak eta Ahal Dugu-ko Josetxo Arrietak autokritikaren balio politikoaz hitz egin dute.

Jardunaldiak amaitzeko, iraganaren azterketa kritikoaren garrantziaz mintzatu da Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria. Iragana «argitzeko» konpromiso partekatua hartzea proposatu du, lau printzipioren gainean: ETAren edozein legitimazio ukatzea, giza eskubideen urraketarik ez onartzea, ezein indarkeriaren justifikaziorik ez egitea eta biktimen arteko diskriminazioa saihestea.

Urkulluren ustez, «gabezia garrantzitsu» bat dago, beste indarkeriekin ez bezala ETAren hilketen «injustizia» aitortzerakoan adostasunik ez dagoelako. Hala, lehendakariak ezker abertzaleari eskatu dio ETAren indarkeriaz autokritika egin dezala, eta nabarmendu du ETAk eragindako saminak «berariazko balorazioa» eskatzen duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.