Etxe kaleratzeetan umeen eskubideak ez direla «behar adina kontuan hartzen» ikusita, kaleratzeek familietan eragindako errealitatea zein den, nolako bizipenak dituzten eta zer sentitzen duten aztertu du Joana Migelenak (Irun, Gipuzkoa, 1985). Unicefek saritu egin du Migelenaren lana, umeen eskubideei buruzko azterketa eremuari egin dion ekarpenagatik.
Etxea galdu izanak zein eragin du umeengan?
Etxe kaleratze bat ez da etxea galtzea bakarrik, baizik eta horretara iristeko familia guztiak, umea barne, pasatu behar izan duen guztia. Eta behin etxea galduta ere, ez dute zama guztia gainetik kentzen; bankuarekin duen zorrak bizitza osoa baldintzatuko dio familia horri. Horrek tentsio handia sortzen du gurasoengan, eta seme-alabek ere sufritzen dute. Umore eta jarrera aldaketak izaten dituzte, gurasoen zama eurena ere badela sentitzen dute, eta, batzuetan, zama hori arintzeko ardura dutela uste dute. Errendimenduan behera egiten dute eskolan, eta lagun taldea aldatu beharrak kezkatu egiten ditu.
Zertan eragiten die umeei halako prozesu batek?
Elkarrizketatutako nerabe batek esan zidan berak ordura arte bizitzarekiko zuen ikuspegia aldatu egin zuela. Askoz ere helduagoa sentitzen zela, arduratsuagoa. Ondo portatu behar zuela onartu zuen, eta amari lagundu behar ziola; bere kabuz onartu zuen, nahiz eta prozesuaren hasieran bere jarrera ezberdina izan.
Zein eremutan islatzen dira gehien umeek izan ditzaketen arazoak?
Etxe kaleratzeek eremu guztietan dute eragina: familia eremuan, lagunartean, eskolan, aisialdian... Baina gehien harritu ninduena lagunekin duten harremana da, haiek dituzten aurreiritziengatik.
Zertan aldatzen da lagunekin duten harremana?
Ordura arte zuten erlazioa aldatu egiten da. Gogoratzen dut elkarrizketatutako nerabe batek nola esan zidan: «Alde batera utzi naute ez daukadalako haiek adina diru». Halako egoeretan lagun taldez aldatzen dute askok, eta jarrera ere aldatu egiten dute: errebeldeago, harroago bihurtzen dira batzuetan.
Ikasketetan ere eragina duela aipatu duzu.
Erabatekoa, gainera. Errendimendua jaisten dute; emaitza kaskarragoak lortzen dituzte; eskola ere uzten dute batzuek... Etxe kaleratze bat egokitu zaien ume askok laguntza behar izaten dute; laguntza psikologikoa, baina pedagogikoa ere bai.
Zer sentitzen dute familiek prozesuan?
Lehenengo, lotsa eta errua. Gertatu zaiena ezkutatzen dute; ez dute nahi inork ezer jakiterik. Euren burua zigortzen hasten dira gero: «Zer egin dut, zergatik gertatu zait hau...», esaten dute. Askok etxe kaleratzeen aurkako plataformetan bilatzen dute babesa, eta, ondoren, ahalduntze sentimenduak ordezkatzen ditu lotsa eta errua. Egoera berdinean edo antzekoan dauden beste kide batzuekin egoteak lagundu egiten die. Denborarekin, sistemaren biktima sentitzen dira.
Eta horrek nola eragiten du umeengan?
Gurasoek duten zama eta horrek sortzen dien tentsioa eurena egiten dute, eta familia osora zabaltzen da ardura, lotsa eta haserrea. Umeak konturatzen dira gauzak aldatu direla, eta zerbait ez dagoela ondo. Helduek bezala, umeek ere sufritu egiten dute.
Etxe kaleratzeetan umeen eskubideak urratzen diren ere aztertu duzu. Zein ondoriotara iritsi zara?
Hainbat eskubide aztertu ditut, baina haurren interes gorena zuzenean urratzen dela ikusi dut. Eskubide horrek jasotzen du haurrei eragiten dieten egoera eta erabaki guztietan haien interesak lehenetsiko direla; horregatik, etxea izatea ez al da interes goren bat? Iritzia emateko duten eskubidea ere ez da behar bezala bermatzen, eta justizia prozesuetan ez zaie entzuten. Hezkuntzarako eskubidea ere aztertu dut, eta konturatu naiz eskola batzuetan ikasle horien egoerara egokitzeko ahaleginik ez dutela egiten.
Aisialdi eskubidea ere ez da beti bermatzen. Dirua gastatzea eskatzen duen ekintzarik ez dute egiten. Parkera joatea ere, adibidez, gurasoen jarrerak baldintzatzen du, eta azkenean umea etxean geratzen da. Ez diskriminatzeko eskubidea ere beti urratzen da, legearen aurrean ez delako berdina umeak 3 edo 6 urte izan, adibidez. Horregatik, niretzat garrantzitsua da azpimarratzea haurtzaroarekin lotutako gauza guztietan beti umearen interesa lehenetsi behar dela.
Etxe kaleratzeen inguruko legeek babesten al dute umea?
Ez, ez dago haurrei dagokien legerik. 2013an arau bat onartu zuten Espainian, eta hor bakarrik aipatzen dira umeak. 3 urtetik beherako umeak zituzten familiei ezin zitzaiela etxerik kendu jaso zuten arau horretan. Baina zer gertatzen da 3 urte eta egun bat duten umeekin, adibidez? Horiek ez al dute babesik behar? Haientzat etxea ez da garrantzitsua? Ume bati galdetzen badiozu ea berarentzat etxea garrantzitsua den, baietz esango du. Arazoa da hor inork ez duela esku hartzen. Bankuen interesak nagusitzen dira beti.
Zergatik egin duzu ikerketa hau?
Batetik, plataformako kide batekin nuen harremanagatik. Kaleratze kasuak kontatzen zizkidan, eta niri beti atentzioa ematen zidan umerik ez zuela aipatzen; nik beti galdetzen nion: eta umeak? 2013an hasi nintzen azterketa egiten, justu etxe kaleratzeen gaia puri-purian zegoenean. Eta ikusten nuen umerik ez zela inoiz agertzen komunikabideetan, elkarretaratzeetan, kaleratze uneetan... Horrenbeste babestu nahi ditugu, beti eremu pribatuan geratzen baitira, eta ahaztu egiten zaigu haiek ere eskubidea dutela zer gertatzen ari den jakiteko eta nola sentitzen diren esateko. Gainera, badute horretarako gaitasuna.
Zergatik bideratu duzu ikerketa umeen eremura?
Haurrei hitza emateko eta haien egoera ezagutarazteko. Gai hau ikusteko dugun modua aldatu egin behar da, orain arteko ideiarekin apurtu, beti izan baitugu buruan familia horiek euren aukeren gainetik bizi izan direla. Horrekin apurtu behar da, eta umeen egoeraren interpretazio hau bada horretarako modu bat. Haurren egoerak jendea kontzientziatzeko balio dezake. Gainera, halako egoera bat izan duten familiek eta haurrek errealitate hori plazaratzeko eskubidea dute, eta aukera hori eman nahi nien, ahal nuen neurrian lagundu.
Joana Migelena. EHUko Garaian ikerketa taldeko kidea
«Haurtzaroko gaietan beti umearen interesa lehenetsi behar da»
Etxetik kaleratu dituzten familien eta umeen egoera zein den aztertu du Joana Migelenak, eta prozesuak haurrengan duen eraginean sakondu du, umeei eta nerabeei «hitza emateko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu