LAB, Steilas eta ELA sindikatuek ohar bateratua plazaratu dute Haurreskolak partzuergoko langileek gaur egin duten grebaren balorazioa egiteko. Beharginen %85ek greba egin dutela esan dute, eta, oro har, atzokoaren parekoa izan dela erantzuna. «Atzo Eibarren egin genuen manifestazioan, ehunka haur-hezitzaile eta kudeaketa alorreko langile bildu ginen. Gaur beste horrenbeste bildu gara Bilbon, Donostian eta Gasteizen». Hain justu ere, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak dituen ordezkaritzetako atarietan egin dituzte protestak. «Haurreskolak Partzuergoan lan baldintza hobetu» dioten pankartak zabaldu dituzte.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza sare publikoko langileek abian duten «greba dinamika» baten barruan ari dira Haurreskolak partzuegoko beharginak protestan. Lehengo astean abiarazi zuten dinamika irakasleek, bi greba egunekin, eta, aurrekoetan egin duten eran, gaur berriro ere sindikatuek gogor kritikatu dituzte Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzu «gehiegizkoak».
Nafarroan ere grebara deituta daude gaur sare publikoko irakasleak. Mobilizazio dinamika indartsua da han ere sindikatuen artean; konpondu ezinik dabiltza Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamenduarekin dituzten harremanetan, eta lehengo astean berretsi zuten bihar greba egingo dutela berriro ere. Irailean eta urrian ere greba egunak izan zituzten, eta aski mobilizazio jendetsuak egin zituzten.
Haurreskolak partzuergoan gertatzen ari dena hizpide hartuta, sindikatuek beren-beregi salatu nahi izan dute hamasei urte badirela lan ituna «eguneratu» gabe dagoela, eta hainbat eskari ozendu beharrean daudela horregatik. Hona hemen aldarri behinenetariko batzuk: lan zamak arintzea, gazteberritze plana adostea, enplegu publikoa egonkortzea, erosahalmena berreskuratzea eta euskara zein hezkidetza bermatzeko neurriak eskatzea. Aurrerabideak egite aldera, «proposamenak» eskatu dizkiote Hezkuntza Sailari, eta gainerakoan mobilizazioetan jarraituko dutela aurreratu dute. «Grebetan jarraitzeko indarra badaukagu». Eta, hain justu ere, beste bi deialdi iragarrita dauzkate Haurreskolak partzuergorako: otsailaren 12rako eta 13rako.
Gaurko deialdiak izan duen indarra erakuste aldera, propio nabarmendu dute hainbat zentrotan erabateko babesa izan duela grebak.
Bihar berriro protestak
Greba dinamikak bihar izango du segida: eskola publikoetako sukaldeetako eta garbiketa zerbitzuetako langileak daude grebara deituta. LAB, ELA eta CCOO bat daude eginda deialdian, eta bi egunekoa da hori ere: ostiralerako ere eginda daukate. Langileek Bilbon egingo dute bihar protesta. 11:30ean abiatuko da manifestazioa, Plaza Eliptikotik.
Sindikatuek adierazia dute bihar kalera irtengo den kolektiboa dela zaurgarriena dinamika horretan sartuta daudenetatik. «Baldintza prekarioenak» dituen eta feminizatuena dagoen sektorea da. Azaldu dutenez, gainerako sektoreetakoek baino lanaldi luzeagoak dituzte, eta ezinbestekoa da lan zamak arintzea ere.