Heldu den ikasturterako Haurreskolak partzuergoko matrikulazioaren behin-behineko datuak aztertu, eta prentsa ohar bat plazaratu du Steilas sindikatuak, hainbat ondoriorekin. Badira baikorrak. Esaterako, nabarmendu dute zerbitzuaren doakotasunaren ondorioz nabarmena izan dela izen-emate kopuruaren igoera, eta horrek ekarri duen onura txalotu dute: «Izan ere, horrek aukerak zabaldu ditu hainbat guraso eta familiatan». Hainbat «gorabeherari» ere erreparatu diete, ordea. Esaterako, matrikulaziorako ezarritako irizpideek ekarri dituzten arazoei: «Onartze araudi horrek haur askori mugatu die haur eskolarako sarbidea».
Steilasen ohartarazpenetako bat, horra: urritzen ari dira urtebete baino gutxiago duten umeen matrikulak. «Horien izen-ematearen jaitsiera oso esanguratsua da, haur eskola askotan ez da adin tarte horretako izen-emate eskaerarik egon». Aditzera eman dutenez, gurasotasun baimenak luzatu izana izan da horren atzeko motiboa. Baikorra da hori, baina, sindikatuaren arabera, badira aurretik haur eskolen premia duten familiak, eta aintzat hartu behar dira horien egoerak ere. «Familia askok lehenago eraman behar dute haurra haur eskolara, arrazoi, behar, baldintza eta egoera desberdinengatik. Horien artean daude lan prekarioagoak dituzten familiak edota baimenak hain erraz hartzeko benetako aukerarik ez dutenak; guraso bakarreko familiak, adibidez».
Herri txikietako eskolak
Arazo gehiagoren sorburutzat ere badute araudi berria. «Herri txikietako edota gela bakarreko haur eskoletan ordutegi murriztuak ezarri nahi dituzte; sei orduko zerbitzua eskainiko dutenak, 14:00ak arte. Baldintza hauek ez datoz bat familia askoren beharrekin», ohartarazi dute. «Ondorioz, kaltetuak beste aukera batzuk bilatu beharrean egongo dira, haien herritik kanpo edo are kezkagarriagoa dena, haurtzaindegi pribatuetan». Horrek, halaber, herri txikietako haur eskolen «itxiera» ekar dezakeela ondorioztatu dute.
Steilas sindikatuaren kezketako bat da administrazioak «ratioak» handitzeko asmoa duela: «Gela berriak zabaltzeko gutxieneko haur kopuru bat ezarri nahi du, hiru haur, eta ireki bitartean gainontzeko geletan bi haur gehiago sartu nahi ditu». Abisu eman dute: horrek artaren kalitatearen eskastea ez ezik, «lanpostuen murrizketa bat» ere ekarriko du.
Sindikatuaren ustez, arazo horien iturburuetako bat da Haurreskolak partzuergoaren zuzendaritza batzordeak antolaketarako irizpideak ezarri dituela gainerako eragileekin adostu gabe. Horregatik, aintzat hartua izan dadila eskatuta, alorrerako bere eskea berritu du sindikatuak: «Haurreskolak partzuergoak beste planteamendu sendo bat behar du. Haur eskola guztiek eskaini behar diete zerbitzu bera familiei ordutegiei dagokienez, eta ikaspostuak gehitu behar dira itxaron zerrenda handiak dauden eskualdeetan». Horiek, bereziki, hirigune eta herri handietan daudela gogorarazi dute.