Lan baldintzak hobetzeko akordioa izenpetu du Haurreskolak partzuergoak gehiengo sindikalarekin. Hitzartu dute, besteak beste, 63 urtetik gorako hezitzaileek lanaldia heren bat murriztu ahal izatea, baldin eta errelebo kontratu baterako baldintzak konplitzen ez badira. Murrizketa hori eskatzen duten beharginek era izango dute ikasturte amaieran metatu eta gozatzekoa.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak zabaldu duen ohar baten bidez jakinarazi da berria. Oharraren arabera, aldi baterako langile gehiago kontratatzeko aukera ere jaso dute akordioan. Matrikulazioek une jakin batean gora egiten badute, kontratazio horiek egiteko modua egongo da. Hitzartu dutenaren arabera, irakasle premia horrek ondoren beste bi ikasturtetan ere lehengoan jarraitzen badu, «finkatu» egingo dira kontratazioak, eta «egiturazkoak» bihurtuko dira.
Hitzartu dituzten aldaketak egingarri egite aldera, partzuergoaren lan itunean jasotako 12. eta 52. artikuluak moldatu egingo dituzte.
Hezkuntza Sailaren oharrean esan dute bai departamentuak eta bai Haurreskolak partzuergoko zuzendaritzak ere uste dutela «positiboa» izan dela akordioa, eta baita hori lortu ahal izateko ordezkari sindikalekin bideratu duten negoziazio prozesua ere.
LAB eta Steilas sindikatuek izenpetu dute ituna, eta bien artean partzuergoko ordezkaritza sindikalaren %82,9 dute. LABena da sektoreko ordezkaritzaren %53, eta Steilasena %29.