Psikologo, idazle eta aholkularia da Pepa Horno (Zaragoza, Espainia, 1973), eta haurren heziketaren inguruan egin ditu lan gehienak. Joan den astean Donostian izan zen, EHUko Udako Ikastaroetan, haurren aurkako sexu abusuen inguruan hizketan.
Eskolan egin behar al da sexu abusuak prebenitzeko lana?
Abusuak prebenitzeko ardura gizarte osoak dauka, eta haurrak babesteko ardura helduona da beti. Helduok prozesu pertsonal bat egin behar dugu gure historiarekin, gure gorputzarekin dugun konexioarekin. Horrez gain, erakundeek neurriak hartu behar dituzte, profesionalek formakuntza egokia jaso behar dute abusatutako umeen kasuak identifikatu eta horiek prebenitzeko. Heldu guztion ardura da; izan ere, zure ondoko etxean bizi den haur bat ere bada zure ardura, ez bere gurasoena bakarrik, edo bere eskolarena. Paretaren beste aldean oihuka entzuten baduzu, zure ardura da hari laguntzea. Hortaz, abusuak prebenitzea gizarte osoaren erantzukizuna da.
Guraso gehienentzat, tabua dira sexu abusuak. Nola landu haiekin halako gai bat?
Errazenetik hastea izaten da onena: ezinbestekoa da haiek ulertzea abusuen prebentzioa ez dela sexu heziketa. Hainbat pertsonarentzat tabua da sexualitatea, eta oso garrantzitsua da pertsona horiei azaltzea haurren aurkako sexu abusuak botere kontu bat direla, eta ez sexualitate kontu bat. Prebentzioaren oinarria da haurrei irakastea harreman osasuntsuak garatzen, erakustea identifikatzen nork maite dituen ondo, nork zaintzen dituen... Horrez gain, gurasoek ulertu behar dute sexu abusuak prebenitzea prozesu pertsonala dela: semea edo alaba babestu nahi baduzu, baliabideak eman behar dizkiozu. Litekeena da zuk zeuk baliabide horiek eduki ez izana; hala bada, zuk ere egin beharko duzu lan bat. Prest egon beharko duzu txikia zinenean esan zizkizuten zenbait gauza auzitan jartzeko, eta hainbat balio berrikusteko.
Ikastetxeetan egiten al dute, egun, prebentzio lan hori?
Ez, eta are gutxiago sistematikoki. Noizean behin egiten dute hitzaldi edo tailerren bat, baina ez dago hezkuntza curriculumetan txertatuta. Egitekotan, gainera, institutuan egiten dute, ez haur eta lehen hezkuntzan; izan ere, sexualitatearekin lotutako gai gisa ikusten dute. Benetako prebentzioa, ordea, haur eta lehen hezkuntzan egin behar litzateke.
Zergatik ez da jorratzen?
Hasteko, hainbat gai zalantzan jartzeko prozesu bat egin behar litzatekeelako. Horrez gain, hezkuntza curriculumean aldaketa handia egin beharko litzatekeelako; erraza dirudi, baina ikaragarri zaila da. Azkenik, guztioi beldurra ematen digulako. Sexu abusuen gaiak auzitan jartzen du mundua ikusteko era: pertsonek egin ditzaketen gauzak, familia zer den, babestuta egotea zer den. Sendi ugarik uste dute seme-alabei sexu abusuez hitz egiten badiete beldurtu egingo dituztela. Burbuila batean izan nahi dituzte, zoriontsu izan daitezen, eta ez dira konturatzen gaia ez jorratzeak jartzen dituela arriskuan. Arrazoi asko dira, ulergarriak denak. Ez dute intentzio txarrez egiten; ardura falta bat dago, eta kontzientzia falta bat, baina ez asmo txarra.
Irakasleen prestakuntzan gai horri garrantzia emateak aldatuko al luke egoera?
Bai, guk urteak daramatzagu eskatzen haurrekin lan egiten duten profesional guztien trebakuntza curriculuma alda dezatela. Irakasleek, psikologoek, gizarte langileek, abokatuek, medikuek... Guztiek dute inzidentzia oso txikia duten gaixotasunen berri. Horietako bakar batek ez dauka, ordea, inolako trebakuntzarik sexu abusuen inguruan. Eta gizartean sexu abusuak jasan dituzten pertsonen intzidentzia ikaragarri handia da: %20. Ez daude prestatuta disoziazioa identifikatzeko, ezta tratu txarrak identifikatzeko ere. Nola ikusiko dute ezer, ez badiete irakatsi ezer ikusten? Formakuntza ezinbestekoa da: ezin da egin gabe utzi.
Biktimen ikuspegitik hitz egin duzu prebentzioaz; eta erasotzaileak, zer?
Sexu abusuak botere kontu baten gisan ikustea da gakoa. Boterea ez da soilik beste bati ematen diozuna; zuk zeuk daukazuna ere bada. Haurrei irakatsi behar diegu bi botere mota horiek kontrolatzen; horixe da prebentzioaren oinarria. Norbait maite duzunean, boterea duzu pertsona horrengan; botere hori onerako erabil dezakezu, baina mina ere eman diezaiokezu. Haurrek ikusi behar dute zenbateraino eman dezaketen mina; hori ere bada prebentzioa. Esaterako, ume zaharrenak, txikiagoak zaintzen ikasten dutenean, boterea era positibo batean erabiltzen ikasten ari dira. Gauza bera gertatzen da harreman afektibo sakonak kudeatzen ikasten dutenean, maite dituztenak zaintzen ikasten dutenean. Diferentzia gauza positibo gisa ikusten ikasten dutenean, eta ulertzen dutenean ezberdin izateak hobeak egingo dituela, ez dute arazo eta mehatxu gisa ikusiko; ezberdintasun hori maitatu eta desiratuko dute. Hori eginez, haurrei irakatsiko diegu beren boterea modu positiboan erabiltzen.
Pepa Horno Goicoechea. Psikologoa eta idazlea
«Haurren kontrako sexu abusuak botere kontua dira»
Sexu abusuak prebenitzeko programak hezkuntza curriculumean txertatu beharko liratekeela uste du, bereziki oinarrizko hezkuntzan. Hala ere, hori egiteko beldur handia ikusten du oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu