Martxoaz geroztik etxean egon ostean, astebete barru Hego Euskal Herriko haurrak eta nerabeak eskolara itzuliko dira. Hain zuzen, izurriteak eragin duen egoeraren ondorioz, hainbatek izan dituzte beste gazte batzuekin erlazionatzeko zailtasunak. Ondorioz, Haurrak Ere Bai plataformak eskatu du eskolarako itzuleran haurren eta nerabeen osasun integrala gogoan hartzeko: «Ezinbesteko sentitzen dugu ikastetxe barruan zaintza eta babesa kalitatezkoa eta gertukoa izatea, ikasleriari gertutasunez laguntzea». Plataforma osatzen duten familia umedunen arabera, aurkeztu dituzten hezkuntza protokoloak «aldakorrak» dira, eta beharrezkoa da «ongizate fisikoaren, mentalaren eta sozialaren kontzeptua» ulertzea.
Plataformak haurren kutsatze maila ere gogoan izan du: «Kutsatze mailari dagokionez, haurrek pertsona helduok baino kutsakortasun maila baxuagoa dutela ikusi da hainbat ikerketetan». Haien ustez, adingabeak ez dira izan izurritearen garapenaren arrazoi, eta ondorioz, «onartezina» iruditzen zaie ikastetxetan maskarak nahitaez erabili behar izatea, metro eta erdiko segurtasun distantzia mantentzea eta «familiak eskoletako bizitzatik kanporatzea». Eskolaren eta gizartearen arteko elkarlana aldarrikatu dute, elkar zaintza oinarri izanda.
Neurrien aurrean, proposamenak
Haurrak Ere Bai plataformak proposamen batzuk egin ditu. Batetik, umeen ratioa erdira murriztea lehentasun gisa ezartzen dute, eta horretarako irakasle taldeak handitzea edo familien babesa eta laguntza onartzea. Irakasleen formakuntza bermatzeko beharrezkoak diren baliabide materialak eta gizatiarrak eskaintzeko eskaria ere egin dute, ikasleei ahalik eta «harrerarik emozionalena» egiteko helburuarekin. Kontziliazioari dagokionez ere neurriak eskatu dituzte, «lana eta bizitza bateragarriak» izateko. Plataformak uste du beldurra ezin daitekeela heziketaren oinarria izan, eta, beraz, haurtzaroa errespetatzeko deia egin du: «Saiatu gaitezen haurtzaroaren ondoan egoteko modua aurkitzen, tratu onetik, errespetutik eta bizitzarako beharrizanetatik abiatuta, benetako etorkizuneko gizarte errespetutsurako eta osasuntsurako bidea hasteko».