Haurren eta Nerabeen Legearen inguruan ados jarri dira EAJ, PSE, EH Bildu eta EP-IU

Arauaren helburua da haurren eta nerabeen «nortasunaren garapen askea» ziurtatzea, eta urratzen zaizkien eskubideak «berreskuratzea» eta «lehengoratzea».

Bi haur, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU.
Bi haur, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU.
Isabel Jaurena.
2024ko urtarrilaren 22a
15:30
Entzun

EAJk eta PSEk akordioa lortu dute EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-IU alderdiekin Haurren eta Nerabeen Legeari buruz. Datorren astean Eusko Legebiltzarreko batzordean irizpena onartuko balute, otsailean eginen den Osoko Bilkuran bozkatuko dute, eta han erabakiko da legea onartu ala ez. Oposizioko bi alderdiek agerraldiak egin dituzte adostutakoaren berri emateko. Oihana Etxebarrieta EH BIlduko legebiltzarkideak azpimarratu du legea «mardula, sakona eta erpin anitzekoa» dela, eta, horregatik, 77 zuzenketa aurkeztu zituztela. Aldaketa horiek guztiak egin zituzten kontuan hartuta haurrak ez dituztela «etorkizunean subjektu bilakatuko diren pertsona gisa ulertzen, baizik eta orainaldian eskubideak dituzten subjektu aktibo gisa».

Hala, hiru ildotan banatu daitezke legean txertatu dituzten zuzenketak. Lehenbizikoaren helburua da «berdintasun ikuspegiaren zeharkakotasuna txertatzea», indarkeria matxistaren biktima diren haurrak babesteko batez ere. Ildo horretan lortu dute indarkeria instituzionala onartzea, eta printzipioen zatian genero ikuspegiaren atala gehitzea.

Bigarren ildoa jasangarritasunarekin eta ingurumen eskubideak txertatzearekin lotuta dago. Ildo horren barrenean, proposatu dute, bertzeak bertze, aintzat hartzea «ingurumen garbian» aritzeko eskubidea eta naturarekin «harreman jarraitua» izatekoa, baita nerabeek eta haurrek aldaketa klimatikoan izan dezaketen parte hartze aktiboa onartzea eta sustatzea ere.

Azkeneko ildoan, haur zaurgarrienak eta babes txikia dutenak babesteko mekanismoei buruzko zuzenketak daude, bertzeak bertze: haurrentzako babes psikologikoa eskaintzea Osakidetzaren barnean, haurren eta nerabeen «pobrezia egoerak prebenitzeko laguntzak diru sarrera bermatzeko errentarekin bateragarriak» izatea, eta justizian «espazio seguruak» egotea.

Zuzenketa andana onartu badiete ere, bertze zenbait kanpoan gelditu dira. Horien berri ere eman du Etxebarrietak: gizarte langileen ratioak eta lan baldintzak aztertzen zituena eta haurren ongizate subjektiboaren indize orokorrak sortzea. Dena den, uste du haurren eta nerabeen eskubideak babesteko tresnak jarri dituztela mahai gainean.

Etorkizun «bidezkoagoa»

Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IU alderdiko bozeramaileak, berriz, adierazi du aspaldi hasi zirela gaia lantzen, baita lege proiektua ontzeko negoziazioak egiten ere. Guztira 41 zuzenketa egin zizkioten proiektu hari, eta horietatik 35 sartu dira legean. Nabarmendu du bere taldeak lortu duela adopzioagatik edo jaiotzagatik ematen diren prestazioak zabaltzea legearen xedeetako bat izatea. «Euskal erakunde publikoek pixkanaka gaur egungo epeak luzatzeko eta zenbatekoak handitzeko konpromisoa txertatu dugu», azaldu du. Hain justu, zuzenketa bat sartu dute zeinean jartzen baituen «indartu» egingo direla lana eta haurren zaintza bateratzeko prestazio eta zerbitzuak.

Horrez gain, erantsi du beraiek legeari egindako beste ekarpen baten bidez haurren pobreziaren aurkako neurriak hobetuko direla; hain justu ere, zuzenketa horretan jartzen du administrazioek jardunbideak «sakonduko» dituztela haurrak dituzten familiak pobrezian ez direla egongo bermatzeko «baliabideen» alde, eta prestazioak ezarriko direla horretarako.

Familia ereduen «aniztasuna errespetatu eta integratzeko ekarpen bat» ere egin dutela adierazi du: «Gurasoek osatutako familiez hitz egiten zuen jatorrizko testua» aldatu dutela zehaztu du, eta «gaur egun gure gizartean elkarrekin bizi diren familien aniztasunean txertatzen duen hizkera batean» jarri. «Figura batek, ama batek edo aita batek osatutakoak, edo bi amak osatutakoak, bi aitak osatutakoak» hartu dituzte aintzat, «garen gizarte plurala ezagutzeko eta babesteko».

Sistema judizialari lotutako aldaketak ere egin dituzte: «Sistema judizialean sartu dugu aurretik eratutako frogaren beharra, birbiktimizaziorik izan ez dadin». Bertze hainbat alor ere landu dituzte: adingabeentzako publizitatearen kontrola, osasuntsu jateko eskubidea, eta haurren eta nerabeen osasunerako txarrak diren jakien eta edarien kontsumoa apaltzeko edukiak.

Funtsean, pozik agertu da, uste baitu «etorkizun bidezkoagoa eta hobea» eraikitzeko moduko akordioa egin dutela: «Haurrak zaintzen ez baditugu, ez dugu etorkizun zuzenik izango».

Adingabeak, eskubideen jabe

Legearen bidez, babestu beharreko subjektu izateari utziko diote adingabeek, eta eskubideen jabe bihurtu. Funtsean, arauaren helburua da pertsona horien «nortasunaren garapen askea» ziurtatzea, eta urratzen zaizkien eskubideak «berreskuratzea» eta «lehengoratzea». Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak adierazi du erabaki guztien erdigunean jarriko dutela haurren eta nerabeen «interes gorena»: «Lege honek haurren eta nerabeen bizitzaren alderdi guztiak jorratzen dituen sistema integrala proposatzen du, haien segurtasuna eta garapen osoa bermatu, eta haien eskubideen babesa eta sustapena politika publiko guztien ardatz gisa jarri».

Adierazi du legea diseinatzeko orduan kontuan izan dituztela Nazio Batuen Erakundeko Haurren Eskubideen Batzordeak egindako oharrak, baina Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako «errealitate eta behar espezifikoetara» egokitu dituztela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.