Hezkuntza

Haurren autonomiaz hausnartzeko bideak

Haurrak eskolara oinez eta euren kabuz joateak dauzkan onurak nabarmendu ditu Eskolabidean proiektuari buruzko azterlan batek, baina gurasoen kezkak ere azaleratu ditu, eta gogoeta berriak ireki.

Maite Asensio Lozano - Bizkaiko Hitza
2022ko uztailaren 8a
15:44
Entzun

Haurrak eskolara oinez eta euren kabuz joateak onurak dakartza umeen osasunean eta autonomian, baita ingurumenean eta hirian ere. Eskolabideak egitasmoa «eredugarria» da, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko ikerlari Idoia Legorburuk egindako txostenaren arabera. Bilboko Udalak sustatu du proiektua, Solasgune elkartearekin batera, eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren babesarekin, eta, dozena bat ikastetxetan izandako bilakaera ikusita, ondorioztatu dute zentro gehiagotara eta beste herrietara zabaltzeko moduko «praktika on bat» dela. Eta, gainera, gogoeta berriak eragin dituela: «Lagundu du haurren autonomiaren gaia azaleratzen, ez baita askorik lantzen, ez familietan, ez etxeetan».

2016an Bilboko mugikortasunari buruzko plangintza jorratzearekin batera hasi zen udala eskolarako ibilbideen gaia lantzen. Funtsean, proiektuaren helburua da umeek etxetik ikastetxerako bidea oinez egitea —patinean edo bizikletan ere egin dezakete—, taldeka eta euren kabuz, hau da, helduen laguntzarik gabe eta umeek eurek diseinatutako ibilbideetatik, hurbil bizi diren lagunen arabera. «Distantziak askotarikoak izan daitezke, baina, hamar minututik gora egin behar direnean oinez, zailtasun gehiago agertzen dira; halere, zentro batzuetan egiten dituzte horrelakoak», azaldu du Legorburuk.

Lehen hezkuntzako laugarren, bosgarren eta seigarren mailetan aplikatzen da egitasmoa, hau da, 9, 10 eta 11 urteko umeekin. Bilboko Udalak gida bat ondu zuen eskolarako bideak diseinatzen eta martxan jartzen laguntzeko, eta, ikerlariaren arabera, arrakastaren giltzarrietako bat izan da: «Pausoak ondo zehaztuta daude, eta horrek lana errazten die eskolei, badakitelako zer baliabide tekniko eta pertsonal beharko dituzten». Hainbat eragilek parte hartzen dute halako prozesuetan, bai ikastetxeetako zuzendaritzek eta lantaldeek, bai guraso taldeek, bai ikasleek, eta haien arteko elkarlana «oso positibotzat» jo dute. Baita erakunde publikoen inplikazioa ere; bereziki, udalarena: «Sinesgarritasuna ematen dio proiektuari».

Baina, batez ere, egitasmoak haurrengan izandako ondorio positiboak nabarmendu dituzte indarguneen artean. «Umeen autonomia eta parte hartzea sustatzen da», adierazi du Legorburuk. Nora Abete Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Iraunkortasun zinegotziak gaineratu du umeen «ahalduntzea» ere ekartzen duela, eskolara oinez joateak ez ezik, bide hori diseinatzeak ere: «Autoek espazio handia hartu dute hirietan: askatasuna kendu diete umeei, eta gune seguru gutxiago utzi dizkiete. Gure hiriak ez daude haurrentzat pentsatuta, baina eskola bide hauek aukera ematen diete espazio hori berreskuratzeko». Eta horrek, era berean, haien osasunean eragiten du: «Ariketa fisikoa egiten dute, ohitura osasuntsuak barneratzen dituzte, eta harreman sozialak bultzatzen dituzte».

Beldurrak eta arriskuak

Ingurumenean ere nabari da egitasmoaren inpaktua, Legorburuk berretsi duenez: «Zenbat eta haur gehiago oinez joan eskolara, orduan eta auto gutxiago egongo dira kalean, eta horrek iraunkortasuna sustatuko du». Abetek zehaztu du egiaztatu egin dutela proiektua martxan jarritako eskola inguruetan ibilgailuen zirkulazioa gutxitu dela, eta, beraz, zarata eta kutsadura ere murriztu egin direla: «Etorkizunerako apustu bat da hau». Bat etorri da Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko zuzendari Itziar Larizgoitia: «Bizi kalitatea eta osasuna hobetzen ditu proiektuak».

Ahulguneen artean, ordea, familien zein eskolen «beldurrak» aipatu dituzte: umeen autonomiari eta askatasunari lotutako arriskuek eragindakoa, hain zuzen. Dinamizazioan aritu den Solasgune elkarteko kide Pedro Blancok azaldu du kalako kezkak eta zalantzak ohikoak direla helduen artean: «Haurrek berez ez dute txarto ikusten hiria, baina arreta euren autonomian jarri behar dugu: konfiantza gehiago behar dute umeek, hau da, gurasook haienganako konfiantza izan dezagun eta haien gaitasunez ohar gaitezen».

Eskolabidean proiektuaren bidez gaiaz hausnar daitekeela uste du Legorburuk: «Umeen premietan pentsatzean datza, eta hiriak demokratizatzean; azken batean, umeek berezkoa dute autonomia hori». Ildo horretan, «komunitatean ikasteaz» mintzatu da Blanco: «Ematen du halakoetan soilik umeek ikasten dutela, baina gainerakook haiekin batera ikasten dugu. Izan ere, horrelako eraldaketa prozesuak ez dira onak haurrentzat bakarrik, baizik eta denontzat, hiri osoarentzat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.