Haurren aisialdia euskaraz bermatzeko exijitu dute

Gasteizko hemezortzi ikastetxetako guraso elkarteek eta Behatokiak salatu dute aisialdiko eskaintza ez dela beti euskaraz bermatzen. Instituzioei neurriak hartzeko galdegin diete.

Gasteizko hainbat ikastetxetako familiak, guraso elkartek eta Behatokiak eman dute prentsaurrekoa gaur arratsaldean. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU
Edurne Begiristain.
2023ko ekainaren 13a
19:58
Entzun

Gasteizko Zabalgana auzoko gizarte etxea. 2021.urtea. Umeentzako psikomotrizitate ikastaroak antolatu ditu Gasteizko Udalak. Zabalganen ez ezik, hiriko beste bederatzi gizarte etxeetan ere ikastaro bera eskaintzen dute, baina guztien artean bitan bakarrik euskaraz. Gainontzekoak, ele bitan. Ikastaroa euskaraz eskaintzen duen gizarte etxe batean eman dute alabaren izena gurasoek, nahiz eta horretarako hiriaren beste puntaraino mugitu beharko duten. Eta, hala eta guztiz ere, zera gertatu zaie: «Hamar saioetatik hirutan begiraleak ez zekien euskaraz; gaur, ez du hitz bakar bat euskaraz esan. Ez da onargarria».

Hizkuntz Eskubideen Behatokian jasotako salaketa errealitate baten isla da: haur eta gazteei zuzendutako aisialdiko eskaintza ugaria da Gasteizen, gehienetan ordainpekoa, baina oso gutxitan  izaten da euskaraz. Instituzioen jarrerarekin gogaituta daude Gasteizko ikastetxe ugarietako guraso elkarteak, eta ahotsa altxatu nahi izan dute: «Instituzioek eskaintzen dituzten ordainpeko ekintzetan euskara bermatua ikusi nahi dugu». Gasteizko dozenaka familiak, hemezortzi ikastetxetako guraso elkarteren izenean, egin dute salaketa, agerraldi batean.

Datuek argi erakusten dute: ikasleak ezin dira hezkuntza formalaren bidez soilik euskaldundu eta gurasoek eta irakasleek euskararekin duten jarrerak ez ezik, eskolaz kanpoko jarduerek ere berebiziko garrantzia dute. Ideia horretan jarri dute azpimarra agerraldian: «Eremu ez formaletan ematen den sozializazioa euskaraz izatea kohesio elementu indartsua da, ikasleen aniztasuna aintzat hartuz». Gainera, uste dute Gasteizko egoera soziolinguistikoari erreparatuta, «koherentea» dela aisialdia euskaraz bermatzea: izan ere, Gasteizko Lehen Hezkuntzako ikasleen %94,1 dago D eta B ereduetan daude matrikulatuta. «Euskarazko aisiak ardatza izan behar du esparru ez formaletan euskararen erabilera bermatzeko», ondorioztatu dute.

Haatik, «gabezia handiak» ikusten dituzte Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak eskaintzen dituzten aisialdiko eskaintzetan, Bergoi Madernaz Zabalgana eskolako guraso elkarteko kideak salatu duenez. Euskarazko eskaintzaren ahuldadea instituzio publikoei egotzi die: «Gasteizko Udalak euskaraz diseinatu egiten du jarduera, baina azkenean, azkenean gazteleraz edo ele biz eskaintzen da».

Hemezortzi ikastetxetako guraso elkarteek elkarrekin egindako salaketak islatzen du «ohikoa» bilakatu dela hirian aisialdiko jarduerak euskaraz ezin jasotzea. «Guri ere gertatu zaigu», kontatu du Madernazek: «Umeek eta bostok irristaketa ikastaro batean eman genuen izena Zabalganeko gizarte etxean. Euskaraz zen jarduera, baina iritsi ginenean, gaztelera hutsean ari zen begiralea, gure sorpresarako. Azalpenak eskatu nizkion eta esan zidan ikasle batzuek ez zutelako euskaraz ulertzen ari zela gazteleraz. Kexa aurkeztu nuen. Baina azkenean ikastaroa ez zen euskara hutsean eskaini: talde bati gazteleraz eskaini zitzaion, eta besteari, ele bitan».

Instituzioei deia
Tankera horretako hamaika salaketa jaso ditu Behatokiak azken urteetan, eta kezkatuta mintzo da Agurne Gaubeka zuzendaria: «Orokortua dago arazoa, Araban ez ezik, Euskal Herriko luze zabalean ere gure haur eta gazteek aisialdiari lotutako euskarazko eskaintza urriagoa dute». Herritarrek helerazitako kasuak aztertuta, Behatokiak ondorioztatu du erakunde publikoek antolatutako aisialdiko euskarazko eskaintza «urriagoa» izaten dela, eta, askotan, euskaraz iragarritakoak ere baldintzatu egiten direla, edo, zuzenean, gazteleraz egiten direla. «Euskara ezagutzen ez duten pertsonak izateak ezin du gaztetxoek espazio guztietan euskaraz bizitzeko duten eskubidea mugatu edo zokoratu», ohartarazi du.

Haurrek gaztelania edo frantsesarekin batera, euskara ezagutzeko eta erabiltzeko aukera zabaltzen du aisia euskaraz eskaintzeak, Gaubekaren irudiko. Horregatik, erakunde publikoei zuzendu zaizkie–ekintzak antolatzen dituzte eta azpikontrataturik dauden enpresak barne– euskarazko eskaintza «nahitaez» bermatu dezaten eskatzeko.

Guraso elkarteek ere eskaera bera egin diete Gasteizko Udalari eta Arabako Foru Aldundiari. Galdegin diete gizarte etxeetako ekintzak eskaini behar dituzten begiraleak «trebatzeko» eta ele biko jarduerak birplanteatzeko, «praktikan, euskara tokirik gabe geratzen delako sarri». Aldundiaren eta udalaren menpeko erakundeen kasuan ere– Arte eta Lanbide Eskola, Artium Museoa...– euskarazko eskaintza bermatzeko eskatu diete, halaber.

«Gure seme-alaben hizkuntza eskubideak betearaztea nahi dugu», esan du Madernazek. Gogoratu du instituzioek egiten ez duten lana bere gain hartzen ari direla guraso elkarteak eta euskara taldeak, baina esfortzu handiarekin:  «Arraunean kontrakorrontean ibiltzen gara euskaraz bizitzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.