Erika Salvatierra. Sexologoa

«Haurrek primeran ulertzen dute; gero eta txikiago, errazago»

Transexualitate egoeran dauden haurrentzako protokoloez harago, aniztasunaren defentsan eta goratzean heziko duen sistema batera egin behar dela uste du: inor ez dadin inoiz kanpo sentitu.

IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
arantxa iraola
2017ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
«Segurua». Ezaugarri hori ezinbestekoa du eskolak; erreferentzia aski garrantzitsua da haurrak hezteko prozesuan, eta babesturik sentitu behar dute bertan: diren modukoak izateko libre. Eta transexualitate egoeran dauden umeen errealitatera begira, azken urteotan urrats agerikoak egin direla uste du Erika Salvatierra sexologoak (Iruñea, 1989). Kattalingune Nafarroako LGTB informazio eta arretarako zerbitzu publikoan ari da; bertan, halako egoeretan dauden ikasleei buruzko itaunekin hurbiltzen zaizkien hezkuntzako profesionalak gero eta informatuago atzematen dituzte, gaiari buruzko garai bateko beldurra, hein batean, apalduta.

Eskola eremu segurua izatea da, beraz, lehen betebeharra...

Bai. Azkenean, ziur sentitzen bazara, eroso bazaude, irakaslearekin konfiantzazko giro bat baduzu, erraza izan daiteke «ni neska naiz», «ni mutila naiz», esatea.

Etxean egin aurretik?

Bai, bai. Edo akaso etxean esaten dute, baina eskola konfiantzazko inguru bat bada, eskolan ere has daitezke gaiari buruz hitz egiten. Irakasleak etorri izan dira, geurera, Kattalingunera, esanez halako edo bestelako ikaslek esan diela mutila dela edo neska dela. Eskola konfiantzazko gune bat bada, haurra seguru sentitzen bada, etxean bezala izan daiteke; edo, agian, haurrak etxean beste oztopo batzuk aurkitzen ditu.

Izututa hurbiltzen zaizkizue halakoetan irakasleak? Galduta?

Gehienetan bai. Izututa bainoago, galduta. Nolanahi ere, gero eta informazio gehiago dago, eta irakasleak askotan etortzen dira guregana etortzerako informazio asko bilduta. Chrysallis Euskal Herriak egiten duen lana ere egundokoa da, eta igarri egiten da hori. Bi urtean berebiziko lana egin dute. Eta orain, esaterako, irakasle bat etortzen denean, hau esanez dator: «Uste dut haur transexual bat dudala ikasgelan». Lehen ez zekiten zer izen jarri; egun izenarekin etortzen dira.

Aldatu behar dira eskolan erabiltzen diren materialak?

Nik esango nuke guztiz aldatu behar liratekeela eskola liburuak: goitik behera. Duela 3-4 urte lagun batek ikerketa bat egin zuen, eta ikusi zuen Euskal Autonomia Erkidegoan edo Nafarroan erabiltzen diren euskarazko testuliburu askok ez dutela klitoria zer den esplikatzen, edo aipatu ere ez dutela egiten. Hortik abiatuta, aldaketa bat egin behar da; gorputzen kanonak apurtu behar dira, ulertu behar dugu guztiok dugula geure gorputza, askotarikoa dela, eta bulbarekin edo aluarekin jaiotzen diren pertsona guztiak ez direla neskak izango, eta alderantziz. Apurtu behar da estereotipoekin. Ez bakarrik gorputz estereotipoekin, baita ere zerekin jolasten dugun, nola janzten garen, nola daramagun ilea... Chrysallisek ateratako materiala, esaterako, oso polita da: azalaren kolore anitz daude, gorputz anitz daude, ilearen neurri anitz. Uste dut, transexualitate egoeran egon edo ez, ume guztiek ikusten dutela beren burua irudi horietan.

Beraz, ikasgelan egoera horretan dagoen ume bat izatea aukera eder bat ere bada gainerako haurrak hezteko bidean, ezta?

Guztiz ados. Azkenean, orain Nafarroan egin den protokoloa oso ongi dago, baina zer gertatuko da? Zoritxarrez, ikasgelan horrelako egoeran dagoen umerik ez duten haurrek ez dute errealitate horren berri izango? Protokoloa ongi dago, baina hasi behar dugu benetan sexu hezkuntza fundamentuzko bat egiten; ez bakarrik zer gorputz duzun, baita zerekin jolastu nahi duzun, zein lagun dituzun... ere. Aniztasunetik lantzen hasi behar dugu hori guztia; aniztasunetik zoriontasunera.

Aholkua behar dute eskolek?

Bai, baina hori uste baino errazagoa da. Baditu zailtasunak, baina oro har umeek primeran ulertzen dute; gero eta txikiagoak, errazago ulertzen dute. Maiz haiek esaten dizute: «Zer zatoz zu guri hau neska bat dela esatera? Nik badakit eta; guretzat, beti neska bat izan da». Horregatik, garrantzitsua da txikitatik benetako sexu hezkuntza bat irakastea: aniztasunean. Hartara, gero eta garrantzi gutxiago emango zaie halakoei, naturaltasunez ulertzera egingo da.

Baina laguntza behar da oraindik ere sarri askotan, ezta?

Transexualitatea tabu bat izan da, helduen munduarekin lotutakoa, askotan prostituzio eta drogekin: beldurrak hortik sortzen dira. Orain dela bi urte arte ia hitz egin ere ez zen egiten ume horiei buruz. Haurrei buruz hitz egitean, ordea, aurreko eskemak apurtu egiten dira, eta beste imajinario batzuk sortzen dira. Horrek, nolabait ere, hankaz gora jarri du orain artekoa, eta horregatik ematen zaio horrenbesteko garrantzia. Eta izan, badu garrantzia; azkenean, ulertu behar dugu mundu guztiari esplikatu behar zaiola, eta mundu guztiak errespetatu egin behar duela, gainera. Baina, tira. Pertsona itsu bat bezala; akaso zailtasun batzuk izango ditu hark ere bere bidean, baina azkenean bizitza normal bat egin dezake.

Alegia, gaiari larritasuna kentzera egin behar da...

Argi dago. Haur horiek ezagutu, eta neska eta mutil zoriontsuak dira. Behin errespetatzen duzula beraien nahia, diren hori, beste guztia ahaztu egiten da... Eurek ere ahaztu egiten dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.