Gaurtik ez da zertan maskararik jantzi kalean, eta aurrerantzean haurrek ere ez dute maskararik jantzi beharko Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetako jolastokietan. Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak eta Gotzone Sagardui Osasun sailburuak bilera egin dute gaur goizean, eta Espainiako Gobernuak ikastetxeetako jolastokietan maskararen derrigortasunari buruz ateratako dekretuaren nondik norakoak aztertu dituzte. Dekretu horren arabera, umeek ez dute zertan maskararik erabili; betiere, aire zabalean daudenean.
Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak asteartean utzi zuen bertan behera kalean maskara jantzi beharra agintzen zuen murriztapena. Asteazkenean argitaratu zen Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialean, eta gaur sartu da indarrean. Ministroen Kontseiluak onartu baino lehen, lurralde arteko ezohiko Osasun Kontseilua egin zuten astelehenean, eta hor onartu zuten proposamena.
Carolina Darias Espainiako Gobernuko Osasun ministroak izurriaren bilakaera hobetu izanarekin lotu zuen erabaki hori, eta adierazi zuen bilakaera horri esker dagoela aukera maskara derrigorrezkoa ez izateko. Nolanahi ere, espazio publiko itxietan derrigorrezko izango da oraindik ere, orain arteko baldintza berberetan.