Koronabirusa. Hezkuntza. Nahia Idoiaga. EHUko irakaslea eta psikologoa

«Haurrei ezin zaie eskatu bete ezin dituzten neurriak hartzeko»

Aurrez aurreko eskolara itzuliko dira haurrak datozen egunetan. Batzuk beldur dira ikastetxera bueltatzeko, Idoiagak azaldu duenez. Batzuek badute egoera ulertzeko heldutasuna, baina egokitzapena behar dute.

BERRIA.
2020ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Aurtengo ikasturte hasiera ohikoa baino aldapatsuagoa izango da, eta ziurgabetasuna nabaria da irakasleen, ikasleen eta gurasoen artean. Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleengan egoerak nolako eragina duen azaldu du Nahia Idoiaga EHUko Hezkuntza Fakultateko irakasle eta psikologoak (Bilbo, 1985).

Zergatik da garrantzitsua eskolara itzultzea?

Hezkuntzan eskola telematikoa adabaki bat izan da, nahiz eta borondaterik onenarekin egin den. Hezkuntzan azken urteetan aurrerapauso handiak eman dira, eta metodologia aldetik oso hezkuntza sistema aktiboak planteatu ditu, eta horrek, oraingoz, online ez du funtzionatzen. Eskola fisikorako prestatutako materiala online-rako bihurtu den arren, oraingoz ez dago aktibotasuna mantentzerik. Irakaslearen figura ere galtzear egon da, gurasoek ez dutelako horretarako formakuntzarik eta esperientziarik. Bestalde, sozializatzeko aukera ere galdu da. Konfinamenduan haurrek zioten faltan sumatzen zituztela ikaskideak, eskola eta irakasleak. Eskola bera ez da edukiak ematen dituen eraikina soilik, eta irakasleak ez dira edukiak ematen dituzten pertsonak, besterik gabe.

Inklusioaz ere oso gutxi hitz egin da. Hezkuntza sarea pentsatua dago ume guztiek hezi ahal izateko aukera berdinak izan ditzaten. Haur askok etxean ezin izan dute euskaraz aritu, eskola baita askok euskaraz bizitzeko duten aukera bakarra. Gainera, askok ez dute izan Interneteko konexiorik, ezta baliabiderik ere, nahiz eta instituzioek ozen esan zuten berme guztiak emango zituztela.

Zer gertatu da premia bereziak dituzten ikasleekin?

Haien beharrak ez dira ase. Terapia asko eskolan ematen dira, eta ez da halakorik egon. Kasu honetan, gizarte gisa ez gara egiten ari egin beharko genukeenaren hamarrena ere.

Etxean biolentzia kasuak dituzten haurren egoera ere ez da kontuan hartu. Eskola figura garrantzitsua da askorentzat, kasu batzuetan eskola da egunean otordu bat bermatzen duen bakarra ere, eta ezinbestekoa da hausnartzea hori noraino bermatu den.

OME sortzeko testuak dio osasuna ez dela soilik gaixotasunik eza, baizik eta ongizate emozional, fisiko eta soziala ere badela. Gaixotasunik eza bermatu behar dugu, noski, baina baita beste ongizate horiek ere, eta, gaur egun, online formatua ez dago horretarako prestatua.

Haurrak gai dira egoera behar bezala ulertzeko ?

Apirilean egindako ikerketa batean galderak egiten genizkienean, erantzunak oso errealistak ziren, eta oso ondo ulertzen zuten zer ari zen gertatzen. Oso helduei begirako krisia izan da, umeak azkenaren hurrengoa izan dira, baina, batzuetan, helduek baino hobeto ulertu dute. Sakrifizio oso handia erakutsi dute, eta orain ere arreta umeengan ari da jartzen. Badute heldutasuna egoeraren garrantzia ulertzeko, baina guk ematen dizkiegun mezuak aztertu beharko lirateke. Ez baditugu zoratzen, haur txikienetatik hasita ere, badute gaitasuna ulertzeko eta egoerari haien erara aurre egiteko.

Nola landu daiteke gaia?

Gaixotasuna zer den oso barneratua dute. Sei aste egon dira etxetik atera gabe, eta gerora ere traba handiak izan dituzte. Ikastetxera joatean, neurri berriak ere azkar barneratuko dituzte. Dena den, arauak logikoak izan behar dira, ezin zaizkie eskatu bete ezin ditzaketen neurriak, hots, parekoekin egotea baina ez harekin jolastea, ez elkarrekintzan aritzea, edo ez ukitzea. Kontuan hartu behar da zer eskatzen zaien. Eskolara itzultzea ez da txantxa izango, eta buelta bat eman beharko litzaioke, egokitzapen prozesu guztiak direlako garrantzitsuak, eta are gehiago 2 eta 3 urte bitarteko haurretan. Errutinara itzultzea kosta egiten da irailean, eta aurtengoa ezohikoa da.

Beldur izan daitezke?

Noski, eta logikoa litzateke, bakoitzak bere egoera pairatu duelako. Kezka asko izan ditzakete, eta hori aintzat hartu behar da. Besteak beste, esan zaie jendearekin ez elkartzeko, eta orain, bat-batean, 20-30 pertsonako geletara itzuli behar dute. Horrez gain, ume askok ez dute itzuli nahiko, egoerak sortutako antsietatea kudeatzen jakin behar delako. Uste dut irakasleek laguntza beharko dutela egoera hasieratik emozionalki kudeatzen jakiteko. Gainera, horri gehitu behar zaio ikasturte berria dela, ez direla bueltatuko lehengo mailara, ez lehengo irakaslearenagana. Batzuek ikaskide berriak ere izango dituzte, eta, beraz, kurtso hasierako urduritasuna handiagoa da aurten.

Inguruko giroak nola eragiten die haurrei?

Helduok ere beldur gara osasunagatik eta kontziliazioagatik, eta zaila da gure kezkei iragazkia jartzea. Ez dakigu haurrak hamabost egunez etxera bidaltzen dituztenean zaintza sarerik edo gaixo baimenik izango dugun. Familia askotan zailtasunak izango dira, eta egoerak urduritasuna sortzen du. Hori umeei transmititzen diegu, eta azken asteetako urduritasunek ez diete batere laguntzen.

Eskolako itzulera ez da ari batere lasaia izaten. Denbora izan dugu ikasturte berria antolatzeko, eta azkeneko momentuan antolatu ezinda gabiltza. Epidemiologikoki azken momentura arte gauza batzuk ezingo dira antolatu, baina beste batzuk, bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.