Haurrak ezin dira inskribatu euskaraz EAEko 230 herritan

2005etik legez aitortutakoa betetzeko oztopoak daudela diote gurasoek, Uemak eta Hizkuntz Eskubideen BehatokiakNafarroan, Barañainen, erregistratu dute ume bat euskaraz, «akuilu» lana egin ostean

Haurrak euskaraz inskribatu nahian dabiltzan gurasoak, Uema eta Behatokiko ordezkariekin. GARI GARAIALDE / ARP.
arantxa iraola
Donostia
2011ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Nahi izatea ez da aski. 2005eko ekainetik legez aitortuta dago erregistro zibiletako inskripzioak euskaraz egitekoeskubidea, eta sarri plazaratu da erakundeen partetik, eskubide hori bermatzeko asmoa. Baina, errealitatean, saiatzen diren familia asko nahi eta ezinean geratzen dira. Atzo agerraldia egin zuten Donostian hainbat gurasok, Hizkuntz Eskubideen Behatokiko eta Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko ordezkariekin batera. Datu kezkagarria jakinarazi zuten: Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 230 herritan eskubide hori ezin da gauzatu. Nafarroan, aukera bada; baina erregistroetako langileen jarrera beti ez da aldekoa. Saiatzen denak, hala ere, lortzen du. Hil honen 11n, «akuilu» lana egin ostean, Barañainen euskaraz inskribatu du bikote batek alaba jaioberria: Arhane.

«Haur bat jaiotzen denean, honen gurasoek egin behar izaten duten lehen tramiteetako bat haur hori erregistro zibilean inskribatzea da», gogora ekarri zuen Unai Iturriotz abokatuak. «Derrigor egin behar den tramitea da».Eta aparteko garrantzia du hainbat urrats administratibo abiatu ahal izateko. «Haur bat, jaiotze inskripzioa izan ezean, ofizialki, ez litzateke pertsona izango». Epe jakin batean bete behar izaten da izen-ematea. Guraso asko aurkitzen dira ataka zailean; beste aukerarik ez, eta urratsa gaztelaniaz egin behar izaten dute. Eta ez dute ondo ulertzen zergatik.

2007tik, esaterako, Katalunian eta Galizian inskripzioak beren berezko hizkuntzan egiteko aukera dute. 2007tik Euskal Herrian hainbat eskari egin dira, eta hitz onak ere ugari heldu dira erakunde publikoetatik, baina arazoa oraindik ez da konpondu. Nafarroan bai, foru erkidegoan, berez, eginda daude euskarazko hautua emateko urratsak. Nolanahi ere, erregistro askotan ez dute aukera hori bermatzeko urratsik egin, eta langileen jarrera beti ez da ona.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan motelago joan da dena. 2008ko urtarrilaren 9an Eusko Jaurlaritzak eta Red.es erakunde publikoak urtebeteko lankidetza hitzarmena izenpetu zuten, inskripzioak euskaraz eta euskarazko euskarrian egiteko, baina aurrerapausoak eskasak izan dira ordutik. 2008ko urrian Euskal Herriko hamalau barruti judizialetako erregistro nagusietan—tartean hiriburuetakoak daude— euskarazko hautua emateko urratsa egin zen, eta aurten, aste honetan, proba pilotu batean sartu dituzte beste sei herri: Aretxabaleta, Lazkao, Zumarraga, Legazpi, Errenteria eta Ibarra. Hogei herritan eskubidea bermatuta dagoela esan nahi du horrek; gainerako 230ak falta dira.

«Ukazioaren» ondorioa

Jon Bollar Uemako lehendakariak argi du: «Hizkuntza gatazka baten erretratua da hau». Uemak erregistroetako jarduna euskalduntzeko hainbat neurri sustatu baditu ere, gainerako erakundeen partetik laguntza txikia jaso duela dio. Kritikoa da Jaurlaritzarekin: «Motel ibili da». Eudelekin ere bai: «Ezer gutxi egin du». Arazoaren muinean hizkuntz eskubideekiko errespetu falta ikusten du. «Hemen ez dago arazo tekniko bat, ukazio bat dago. Bigarren mailako herritar gara, baita udalerri euskaldunetan ere».

Irakurketa antzekoa egin du Garbiñe Petriati Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendariak. «Ezin gara diskriminatuak izan euskaraz bizi nahi izateagatik». Administrazioari eskaria egin dio: «Exijitzen diogu bidegabekeria hau amaitu eta hizkuntz eskubideak gauzagarri egiteko». Herritarrei ere mintzatu zaie; ekiteko eskatu die: «Bidea jorratuz gero, emaitzak lortzen dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.