Haurrak euskalduntzeko egindako ahalegina aitortu diete Mañeruibarko familiei

Euskaltzaindiak eta Iruñeko Komunikabideak fundazioak aitortza egin diete euskaraz ikasten duten umeei. Oskar Alegriaren film labur bat ere aurkeztu dute. Bestalde, Tafalla Erdialdeko Euskal Jaia ospatu dute, eta Arbizun Oinez Basoa inauguratu.

Mañeruko haurrei plazan gaur egin dieten aitortza ekitaldia. EUSKALTZAINDIA
Mañeruko haurrei plazan gaur egin dieten aitortza ekitaldia. EUSKALTZAINDIA
mikel p ansa
2024ko maiatzaren 25a
19:17
Entzun

Umeak izan dira protagonista gaur Mañeruko (Nafarroa) plazaren erdian. Euskaltzaindiak eta IKF Iruñeko Komunikabideak fundazioak aitortza egin die Mañeruibarren seme-alabak euskalduntzeko ahalegina egin duten familiei, eta Oskar Alegriak ondu duen Gu berde iluna gara! ikus-entzunezkoa eman dute udaletxean.

Film laburrean, umeek gogoratzen dute Bonaparte printzea XIX. mendean iritsi zela Mañeruibarrera, eta gerora, euskalkien mapa egin zuenean, berde ilunez tindatu zuela eremu hori. «Gu ere berde iluna gara!», esaten dute Mañeruko gazteek bideoan, eta beren kontuez ez ezik euskarari buruz ere zer iritzi duten azaltzen dute.

Artazu, Girgillao, Mañeru eta Ziraukiko familiak eskertu dituzte gaurko ekitaldian. «Euskara galdua zen herri horietako familiak saritu dira, bertan euskara errotzearen eta sendotzearen alde egunero harturiko konpromisoarengatik», azaldu dute sari emaileek. Sagrario Aleman Euskaltzaindiaren ordezkariak eskertu egin die «aurrekoen hizkuntza berreskuratzeko egin duten eta egiten ari diren ahalegina; ea beste herri batzuek ere ildo berean lan egiten duten».

Enrike Diez de Ultzurrun IKFko presidenteak, berriz, gogora ekarri du ume euskaldunak zigortuz egin zuela euskarak atzera XIX. mendean. «Orain, bereziki haurrei eta familiei esker itzultzen ari da euskara Mañeruibarrera». Gogoratu du halako aitortzak egiten zirela 1936ko gerraren aurretik; eta gero ere, 1957tik aitzina, Nafarroako Diputazioak 7.000 haur euskaldun saritu zituela, euskararentzako atxikimendua sustatzeko. «Ekimen hura ekarri nahi izan dugu gogora».

8 eta 12 urte arteko 45 umeri diplomak eman dizkiete ekitaldian. Diez de Ultzurrunek nabarmendu du gaur egun haurren %95ek D ereduan ikasten dutela, azken euskaldun zaharrak XX. mende hasieran hil ziren ibarrean.

Familiek gogora ekarri dute Mañeruko eskola itxi egin zutela, ez ume faltagatik, baizik eta «D eredua ez zutelako eskaini nahi». Umeek Garesera joan behar izaten dute, euskaraz ikasi ahal izateko. Itziar Martinez Mañeruko alkateak, berriz, berretsi zuen lanean jarraituko dutela Mañeru eremu mistoan sartzeko.

Erdialdeko jaia eta Oinez Basoa

Ez da euskara goratzeko ekitaldi bakarra izan gaur Nafarroan. Tafallan, Agerraldiak eta Altafaylla kultur elkarteak antolatuta, egun osoko festa egin dute, Erdialdeko Euskal Jaia ospatzeko. «Garen horretaz harrotzeko espazio bat izanen da. Ematen du nafar batzuk ezkutuan egon garela, esan gabe zer garen edo zer izan nahi dugun». Hori hauspotzeko egin dute jaia, beraz.

Eta Arbizun, berriz, Oinez Basoa estreinatu dute, Andra Mari ikastolaren 50. urteurrena ospatzeko festaren barruan. Iazko Nafarroa Oinez-etik dator proiektua: Arbizuko Udalak utzitako herri lur batzuetan jarri dute basoa, ikastolaren eskutik. Oinez Basoaren ideia 2009an hasi ziren, eta ordutik 11 baso sortu eta 51.000 arbola aldatu dituzte.

Arbizuko lehen baso horrek, hamabost urteotan, espezie ugaritako 5.200 arbola hartu ditu, eta haren inguruan ekosistema oso bat sortu da; putzu bat ere bada basoan, eta animalia espezie ugari bildu dira bertara, tartean ehun bat txori espezie. Basoa garbitu, arbola batzuk gehiago aldatu, eta itxitura berritu dute orain; txoriak ikusteko begiratokiak ere jarri dituzte. Sakanako hiru enpresak lagundu dute horretan: Magotteaux, Eseki eta Saka Kooperatibak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.