Haurrak eta nerabeak «subjektutzat» jotzen dituen legea, aurrera

Eusko Legebiltzarrean babes zabala lortu dute Haurren eta Nerabeen Legeak, batetik, eta Lankidetzarako eta Elkartasunerako Legeak, bestetik.

Eusko Legebiltzarra
EH Bilduko Nerea Kortajarena eta Mikel Otero, Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politikako sailburuaren hitzartzea entzuten. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
Ion Orzaiz.
2024ko otsailaren 15a
16:00
Entzun

Haur eta Nerabeen Lege berria onartu du gaur Eusko Legebiltzarrak, babes zabalarekin. EAJrekin eta PSE-EErekin batera, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk ere baiezkoa eman diote arauari. PPk eta C's-ek abstentziora jo dute, eta Vox izan da kontrako botoa eman duen talde bakarra. Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua «pozik» agertu da legeak erdietsitako «adostasun zabalagatik», eta gogorarazi du hainbat eragilek, erakundek eta talde politikok parte hartu dutela haren garapen prozesuan: «Lan ona egin dugu guztion artean».

Sailburuak azaldu du legearen xedea dela adingabeak sozialki eta juridikoki babestea eta euren autonomia sustatzea. Testuaren berrikuntza nagusia da haurren eta nerabeen interes gorena «eskubide substantiboa» izanen dela; hau da, adingabeak eskubideen jabe bihurtuko direla. «Lege berriak subjektutzat hartzen ditu [haur eta nerabeak], bereziki, haiengan eragina duten gai guztietan parte hartzeari dagokionez», esan du.

Legearen onarpena txalotu dute gobernuz kanpoko zenbait erakundek ere. UNICEFek, esaterako, «oso positibotzat» jo du araua: «Haurrak eta nerabeak eskubide osoko subjektutzat hartzen ditu, eta politiken erdigunean jarri; gainera, euren ongizatearen gaineko ikuspegi transbertsala ekaintzen du, erakundeen arteko elkarlana sustatuz». Antzerako iritzia plazaratu du Save The Children-ek ere, ohar bidez. Erakundearen aburuz, legeak «apustu argia» egiten du haurren eta nerabeen eskubideak bermatze aldera, «eta konpromiso batzuk hartzen ditu horiek sustatzeko, zaintzeko, prebenitzeko eta babesteko, ikuspegi integral eta zeharkako batetik».

Lankidetza Legea

Gaurko osoko bilkuran, Lankidetzarako eta Elkartasunerako Legea ere onartu dute legebiltzarrean, ia aho batez. Kasu honetan ere, Vox izan da kontrako botoa eman duen bakarra. Arau berriaren arabera, Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartzen du urteroko gastuen %0,7 kooperazio proiektuetara bideratzeko. Horrez gain, administrazio publikoak ezinen du kontraturik sinatu «erabilera militarrerako armak edo teknologia ekoizten, merkaturatzen edo finantzatzen dituzten» eragileekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.