Haurrak (ere) nola babestu

Etxean indarkeria matxista bizi duten adingabeak bortizkeriaren «biktima zuzenak» direla nabarmendu dute hainbat adituk. «Instituzioen tratu txarrak» pairatzen dituztela salatu dute.

Montse Plaza i Aleu psikologoa, atzo, Gasteizen, Amapaseren jardunaldietan. RAUL BOGAJO / FOKU.
edurne begiristain
Gasteiz
2023ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Indarkeria matxistak emakumeengan ez ezik, seme-alabengan ere ondorio lazgarriak ditu. Guztiak dira bortizkeriaren biktima, eta guztiek behar dute babesa, arreta eta arta. Aitzitik, adingabeak biktima ikusezinak dira, eta, sarri askotan, ahaztuak. Familian bortizkeria matxista bizi duten haurren beharrak perspektiba askotatik aztertu dituzte Gasteizen, Amapase Arabako Guraso Bananduen Elkarteak antolatutako jardunaldietan. Aditu denak bat etorri dira adingabeak ere babestu behar direla indarkeria matxistako kasuetan, haiek ere «biktima zuzenak» baitira.

Montse Plaza i Aleu psikologo sozialak ia hogei urte daramatza bortizkeria matxistaren biktima diren emakume eta haurrekin lanean, eta ohartarazi du indarkeriak ondorio andana uzten dizkiela adingabeei. Guztien gainetik, bat nabarmendu du: «Haurtzaroa galtzen dute». Azaldu du indarkeria matxistak bizitzaren etapa guztietan duela eragina, haurdunalditik bertatik hasita, eta umeen osasun fisikoan zein emozionalean arrasto latza uzten duela. Etxean indarkeria matxista duten umeek sintoma ugari azaleratzen dituzte; tartean daude depresioa, lo hartzeko zailtasuna eta beldurra, eta gehienek «helduenganako konfiantza falta» garatzen dute. Plazaren ustez, ezinbestekoa da haurrengan arreta jartzea, den-denek egoera traumatikoak sufritzen baitituzte, «baita indarkeria egoerak bertatik bertara ikusi ez dituztenek eta horri buruz hitz egin nahi ez dutenek ere».

Zaintzari ere erreparatu dio psikologoak. Zehazki, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeek zaintza aurrera eramateko ezintasunari. Azpimarratu du emakume horiek babestu eta lagundu behar direla, seme-alabak babesteko eta zaintzeko modua izan dezaten. «Genero indarkeriako egoeretan, umeentzat amak dira babeserako oinarrizko erreferenteak. Horregatik, amekin lan egitea ezinbestekoa da».

Plazak uste du seme-alabek ez luketela harremanik izan behar aita erasotzailearekin, «genero indarkeria erabiltzen duen gizon bat ezin baita aita ona izan». Eta, errehabilitazio programa batean dagoen gizon baten kasuan ere,egoera «kontuz» aztertu beharko litzatekeela iritzi dio psikologoak. Izan ere, gogorarazi duenez, indarkeria matxista pairatu duten emakumeek batez beste hamar urteko terapia behar izaten dute osatzeko, eta gizon erasotzaileak birgaitzeko dauden programak, berriz, hogei saiokoak baino ez dira.

Justiziaren gabeziak

Genero indarkeriaren biktimak babesteko tresna legal eta juridikoak mahai gainean jarri dituzte Miren Ortubai eta Patricia Verdes abokatuek. Biak ala biak kritiko agertu dira sistema judizialaren babes mailarekin: indarrean den zigor sistemaren gabeziez aritu da Ortubai, eta auzitegietan biktimek jasaten duten tratu desegokiaz Verdes.

«Zigor zuzenbideak ez du baliobiktimari ordaina emateko: ez ditu babesten indarkeria matxista sufritu duten emakumeen interesak». Zorrotz jardun du Ortubaik zigor sistemaren aurka, iritzita ez duela bermatzen emakumeek eta adingabeek behar duten babesa.

Indarkeria bikarioari dagokionez, azpimarratu du beti existitu dela, baina duela gutxi arte ez dela berariaz aipatu legedian. Ohartarazi duenez, araudian jasota egonda ere, ez da handitu biktima diren adingabeen babes maila. «Areago: indarkeria bikarioaren biktimak gero eta gehiago dira urtez urte».

Ortubairen iritziz, punitibismoan oinarritutako sistema ez da indarkeria matxista amaitzeko soluzioa, eta ez da aldaketa sozialerako tresna bat: «errepresiboa» da. «Zigor sistema ez da emakumeen aliatua». Gainera, uste du indarkeria matxista eta sexista «desitxuratu» egiten dituela, ez duelako aintzat hartzen biolentzia horietan eragina duen sistema patriarkala. «Zigor zuzenbidea ez doa patriarkatuaren aurka, gizon matxista batzuen aurka baizik».

Preseski, justiziaren«kutsu patriarkalaren» ondorio arriskutsuez ohartarazi du abokatuak, bi adibide jarrita.Lehena: emakumeen eta adingabeen sinesgarritasuna zalantzan jarri eta salaketa faltsuen mitoa elikatzen da. Bigarrena: adingabeen aurkako indarkeria salatzen duten amak kriminalizatu egiten dituzte. Errealitate horri izena jarri dio Ortubaik: «Misoginia judiziala da».

Justiziak bortxa matxistaren biktimei ematen dien tratuaz mintzatu da Verdes,emakumeek zein adingabeek epaitegietan egin behar duten bide ilunaz, eta erakundeen eskutik pairatzen duten «tratu txarrez». Abokatu feminista da Verdes, eta emakumeei aholkularitza juridikoa eskaintzen die Galdakaoko Udalean (Bizkaia). Epaitegietako jarduna gertutik ezagutzen du, eta gordin mintzo da: «Emakumeek epaitegietan bizi behar dutena ikaragarria da, eta adingabeen esperientzia, basatia».

Kezka agertu du indarkeria matxista pairatzen duten haur eta nerabeei justizia sistemak ematen dien tratuaren inguruan, askotan bide oso nekosoa egin beharizaten baitute beren kasua kontatzeko. «Tunel baten antzekoada prozesua, eta birbiktimizatu egiten dituzte», azaldu du.«Tratu txar instituzionala» dela salatu du Verdesek, eta tresna egokiak galdegin ditu justiziak adingabeen eskubideak berma ditzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.