Haurrak bestaren erdigunean

'Erdian erein!' lelopean ospatzen ari dira Nafarroa Oinez besta Tafallan, eta asteburu osoko jaia antolatu dute. Garces de Los Fayos ikastolak zor ekonomikoari aurre egiteko erabiliko du dirua

Haurrak bestaren erdigunean.
Olaia L. Garaialde.
2022ko urriaren 16a
00:00
Entzun
«Gure ikastola txikia, apala eta auzolanaren isla gardena da». Hitz horiekin deskribatu du Garces de Los Fayos ikastola Paula Arregik, Tafallako ikastolako zuzendariak. Duela 52 urte zazpi familia ziren, eta gaur egun, 233 familia, 35 langile eta 318 ikasle daude. «Arazo eta oztopo asko gainditu ditugu, traba sozialak, legalak eta burokratikoak, baina orain ekonomiak estutzen gaitu», azaldu du Arregik. Atzo hasi ziren Nafarroa Oinez ospatzen, eta gaur «egun handia» ospatuko dute; lortutako diruarekin ez dute inbertsio «handirik» egiteko asmorik: «Estutzen gaituzten eta lo egiten uzten ez diguten zorrei aurre egin nahi diegu».

Asteburu osorako egitarau oparoa antolatu dute. «Ilusio handiz egindako programa bat da», azaldu du Xabier Salvok, Nafarroa Oinez-eko jardueren batzordeko buruak. «Oso eskertua» sentitzen da jendeak parte hartzeko erakutsi duen prestutasunagatik: «Oso erraza izan da, jende asko gerturatu zaigulako, baina ez dugu denentzako lekurik aurkitu». Beste urteetanjendea aurreko egunetik hurbiltzen zela ikusita, larunbaterako eta iganderako antolatu dituzte gauzak: adibidez, dianak, artisauak, ipuin kontaketak, erraldoiak eta euskal dantzak izan ziren atzo. Joan den urtean ere bi egunekoa izan zen, baina helburua zen jende pilaketarik ez egotea.

Lau gune daude ia bi kilometrotan banatuta: Sustrai, Hazi, Zuhaitz eta Kimu. Guneak antolatzeko orduan adin guztiak hartu dituzte kontuan, baina Salvok azpimarratu du bereziki haurrengan jarri nahi izan dutela arreta: «Ikusi genuen txikitatik parte hartzen dugula Nafarroa Oinez-en: lehenengo txikiak izan ginen, gero gazteak, eta orain guraso gara, eta seme-alabekin joaten gara». Horregatik, «txikientzat» sortu dute: «Mila modu daude Nafarroa Oinez ospatzeko, eta guztiei lekua jarri behar genien». Horretarako, puzgarriak, eskalatzeko txokoa, konfeti besta eta material birziklatuekin jolasteko txokoak sortu dituzte, besteak beste. «Txikiek bakarrik dakiten mundu fantastikoan murgiltzeko eta libre jolasteko lekuak dira». Hazi eta Sustrai guneak dira bereziki haurrei zuzenduta daudenak. Beste urte batzuetan haurrentzako eskumuturrak banatzen zituzten bertan telefonoa idazteko, eta galdu ezkero haur horrekin zegoen helduari deitzeko, baina aurten ez dute egingo, ez zirelako eraginkorrak. Horren ordez, boligrafoak eskura daude, eta gomendatu dute besoan telefonoa idazteko.

Gazteei dagokienez, Kimu gunea haientzat sortu dute bereziki; hala nola Skakeitan, Rotten XIII eta Trikidantz musika taldeek joko dute. Salvok uste du «asko gozatuko» dutela eta Trikidantzek dantzan jarriko dituela. Kontzertuez gain, beste zerbait eskaini nahi izan diete gazteei; horregatik, grafiti eta abarka-jaurtiketa lehiaketak antolatu dituzte. Sokasaltoan ibiltzeko soka bat ere egongo da: «Arrakasta handia izaten du, eta oso kooperatiboa da». Salvok azpimarratu du eguneko momenturik «deigarriena» Erronka izanen dela, 11:00 aldera: «Jendea txundituta geratuko da; mundiala izango da». DBHko ikasleek, 140 ikasle inguruk, herrian barna zenbait froga gainditu beharko dituzte: esate baterako, lastozko labirintotik ateratzea.

Ingurumena errespetatuz

Euskararekiko konpromisoaz gain, ingurumenarekiko eta iraunkortasunarekiko konpromisoa islatu nahi dute antolatzaileek, eta, horregatik, duela 11 urte Oinez basoa sortu zuten. «Ezerezetik sortu genuen, eta egun, herrian erabat integratuta dago», esan du ikastolako zuzendariak. Aurten ez dute zuhaitzik landatuko; horren ordez, Cascarruejos aintziran hegaztien behatokia sortu nahi dute: «Proiektuarekin oso pozik gaude, eta aurrerago hitz egingo dugu horren inguruan». Helburua da jaiak uzten duen aztarna ekologikoa «konpentsatzea».

Horrez gain, ia bi kilometro dituen ibilbidean zenbait iturri daude plastikoaren erabilera murrizteko. Dei egin dute jendeak bere edalontziak ekar ditzan; hala ere, edalontzi birziklagarriak daude, eta hortik ateratako dirua Oinez basoa eta behatokia hornitzeko erabiliko dituzte.

«Inongo erasorik gabeko euskararen festa nahi dugu; denok errespetatuak sentitzeko eta gozatzeko festa», azpimarratu du Arregik. Horrez gain, txoko guztietan puntu moreak daude.

Oraina aipatzeaz gain, etorkizunari aipamen txiki bat egin dio Arregik, eta hemendik 50 urtera ikastola nola irudikatzen duen azaldu du: «Irribarrez eta gogoz jositako argazki bat irudikatzen dut; jende askoren ilusioa islatzen duena». Horrekin batera, euskara Tafallan, Erdialdean eta Euskal Herri osoan zabaltzen jarraitzea gustatuko litzaioke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.