Loreto Santa Marina Rodriguez. Biodonostiako ikertzailea

«Haurdunen egoera sozioekonomikoa ezagutu behar da»

Santa Marina ikertzen ari da zer eragin daukaten haurdunaldian, eta hortaz osasunean, hezkuntza mailak eta alde ekonomikoek gizartean kraskatzen dituzten ezberdintasunek. Datuetan aldeak ikusten dira: desorekak.

arantxa iraola
2019ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Biodonostiako ikertzailea da Loreto Santa Marina Rodriguez (Donostia, 1957). Osasun arloko ikerketa zentro bat da, baina ikertzaile honek, beste hainbat aditurekin batera, gorputzari ez ezik gizarteko aldagaiei ere begiratzen die: aztertzen du zer-nolako arrastoa uzten duten osasunean. Izan ere, jaiotzetik bertatik daude aldeak, baita haur bat ernaltzen denetik ere; hori erakusten duten datuak biluzi ditu, adibidez, Santa Marinak, Isabel Larrañaga ikerketa lagunarekin batera, Zumarragako erietxean (Gipuzkoa) egiten ari den ikerketan. INMA proiektuaren barruko azterketa bat da, Herrialde Katalanetako eta Espainiako hainbat ikertzailerekin garatzen ari direna. Haurdunen hezkuntza mailari eta lanbideari buruzko datuak aintzakotzat hartuta, ikusten dute haurdunaldien bilakaera nolakoa den, eta zer-nolako osasuna duten umeek jaiotzean eta ondorengo urteetan. 2006tik ari dira horretan. Berriki, European Journal of Public Health argitalpenean plazaraturiko artikulu batean eman dute hainbat aurkikuntzaren berri.

Aldeak badirela diozue: zertan igartzen dira, bada?

Daturik argienek erakusten dute hezkuntza mailaren eta lanbideen arabera ezberdintasunak daudela emakume haurdunen osasunean, bizi ohituretan eta norbere buruari ematen dioten zaintzan: dietan, tabakoaren kontsumoan, sedentarismoan... Baita haurdunaldiaren kontrola egiteko pautetan ere. Ikasketa mailan gora egin ahala, emakumeek informazio gehiago izaten dute ohitura osasuntsuen inguruan: ez erretzea, ariketa fisikoa egitea... Aldiz, ematen du kualifikazio apalagoa eskatzen duten lanbideetan diharduten haurdunek dieta kalorikoagoak dauzkatela, eta, ondorioz, gainpisu eta obesitate gehiago. Umeen jaiotzako datuei begira, ikusten da esku lanean ari diren andreek eta unibertsitate ikasketarik gabeek arrisku handiagoa dutela pisu gutxiko haur bat izateko. Esku lanean dihardutenek arrisku handiagoa dute, halaber, haurra garaia baino lehen jaiotzeko. Beraz, haurdunaldi osasuntsu bat izateko, ez da aski aldagai klinikoen kontrola: haurdunen egoera sozioekonomikoa ere ezagutu behar da, osasuntsuak izan ez daitezkeen jarrerak aldatzeko.

Zer dago alde horien atzean?

Osasuneko gizarte aldagaiek zedarritzen dute zer baldintzatan jaiotzen, hazten eta zahartzen diren pertsonak, eta hainbat eredu daude azaltzeko zer aldagaikeragiten duten osasun arloko desberdintasunetan. OME Osasunaren Mundu Erakundearen Osasuneko Aldagai Sozialen Batzordeak, esate baterako, honako irizpide hauek hartzen ditu kontuan: testuinguru sozioekonomikoa eta politikoa, egoera sozioekonomikoa, bitarteko aldagaiak... Azken horien artean faktore asko daude: ikertutako pertsonen etxea nolakoa den, zer diru sarrera dituzten, inguruan babes sarerik baduten, zer bizi ohitura dituzten...

Zer arazo mota izan ditzakete haurdunaldian kalteberagoak diren emakumeen umeek?

Amen desberdintasun sozioekonomikoek jaiotzako egoera baldintza dezakete; esaterako, pisu txikia izatea edo garaia baino lehen jaiotzea. Horrek eragina izan dezake umearen etorkizuneko osasun arazoetan. Horiek horrela, baliteke desberdintasuna belaunaldi batetik beste transmititzea: horren birsortzea betikotu dezake. Egun eskura dauden ebidentzien arabera, esaterako, garaia baino lehen jaiotako haurrek, eta pisu txikiarekin jaiotakoek, joera handiagoa dute helduaroan osasun arazoak izateko: bihotzeko gaitzak, II motako diabetesa, eta bat-bateko heriotza ere bai, bizitzaren zikloan dituzten arrisku faktoreak dena delakoak izanda ere.

Nola egin daiteke hobera?

Gizarte bidezkoago baten alde egin behar da. Jendearen bizi baldintzak hobetzera jo behar da, eta gizarte babeserako politikak sustatu behar dira; bizitzaren ziklo osoa aintzat hartuta, gainera. Horretarako, bizitza garatzen den guneetan eragin behar da: auzo, herri, etxebizitza... Horiek guztiak osasun iturri izatea hartu behar da xedetzat, eremurik kalteberenetatik hasita. Eutsi eta hobetu egin behar da osasun sistema publikoa ere; hor ere kalteberatasun handiena duten pertsonak lehenestera jo behar da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.