«Oraindik ez daukat iritzi argirik». June Fernandez kazetari eta idazleak Aingeruak eta neskameak saiakera idatzi du, helburu batekin: haurdunaldi subrogatuari buruzko eztabaida garatzeko, «diskurtso feminista kolektibo plurala» ahalbidetzea eta zabaltzea. Haurdunaldi subrogatuari buruzko liburu bat da, beraz, Susa argitaletxearen Lisipe bildumako hamalaugarren zenbakia. Fernandez kazetaria da, eta nabaritzen da liburuaren metodologian. Erantzunak eman baino gehiago, galderak egin ditu: «Liburuaren funtsa nire zalantzak, kontraesanak eta dilemak dira». Alor desberdinetako adituek eta arituek —feministak, denak— eman dizkioten erantzunak dira liburuaren oinarria. «Esloganek errealitatea sinplifikatu egiten dute», adierazi du, eta horregatik saiatu da hain gai konplexuaren inguruko eztabaidak duen polarizaziotik harago joaten.
Gaur aurkeztu du liburua, Donostiako udaletxe zaharrean. Kazetaria eta idazlea izateaz gain, eragile feminista transmaribibolloa ere bada Fernandez. Pikara Magazine aldizkaria sortu zuen, 2010ean, eta hura koordinatzen pasatu du hamarkada bat. Kazetari autonomo gisa egiten du lan gaur egun, eta gaur aurkeztutako liburua du bosgarrena. «Ez da ohiko liburu bat», esan du Fernandezi editore lanak egin dizkion politologo feministak, Jule Goikoetxeak. «Ez du bere iritzia jorratu eta azaldu, baizik eta eremu desberdinetako emakumeak hartu ditu —gizon pare bat ere bai—, eta galdetu egin die. Ahots horiek jaso ditu, lotu eta elkarrizketan jarri liburuan zehar».
Hain zuzen ere, zazpi ikuspegi baliatuta heldu dio Fernandezek haurdunaldi subrogatuaren gaiari: filosofia, kultura, gizarte zientziak, ikuspegi antirrazista, ikuspegi perinatala, familia aniztasuna eta legegintza. Eztabaida horretan dagoen polarizazioaz jabetzeko, harentzat «mugarri» izan zen une bat azaldu du. Iaz Bilboko Azkuna zentroan haurdunaldi subrogatuaren bidez guraso izandakoek kongresu bat antolatu zuten, eta kanpoan zeuden Itaia emakume talde sozialista eta Las Criadas izeneko talde feminista abolizionista; sare sozialetan, Bilgune Feminista eta EHGAM. «Korronte desberdinetako lau eragile zeuden, eta, hala ere, haien diskurtsoaren funtsa antzekoa zen: ugalketaren merkantilizazioaren aurka daude, alokairuzko sabelak indarkeria erreproduktiboa dira, umeen merkantilizazioa eta emakumeen esplotazioa».
Azaldu du «deigarria» izan zela beretzat, eta eztabaidak duen «konplexutasuna onartzeko beharra» ikusi zuen: «Feministegia sentitzen nintzen hor barruan egoteko, baina erlatibistegia kanpoan egoteko. Gustatzen zait hori: hitz egin dezagun argi-itzalez».
Batetik zein bestetik urrun
Izan ere, Fernandez «urrun» sentitzen da batzuengandik zein besteengandik. Hala ere, liburuan zenbait iritzi argi utzi ditu: «Ez dut uste guraso izatea eskubidea denik. Ez dut uste gestante [haurdunaldi subrogatuaren testuinguruan besteentzat ernaltzen duten emakume] guztiak (ezta gehienak ere) esplotazioaren biktimak direnik. Oso kritikoa naiz ugalkortasunaren industriarekin. Oso kritikoa naiz feminismo abolizionistarekin». Hori argi utzita, bi helburu ditu liburuak. Baga: «Haurdunaldi subrogatuaren alde daudenek uler ditzatela kritika feminista, antikapitalista eta antikolonialak». Biga: «Alokairuzko sabelen kontra daudenek findu dezatela diskurtsoa».
Polarizazio diskurtsibo hori gainditzeko helburuarekin jorratu du gaia Fernandezek, zazpi ertzetatik. Liburuan landu duen lehena filosofia da. Tere Maldonado filosofoari eta Josebe Iturrioz militante transfeministari galderak eginez landu du ertz filosofikoa. Planteamendu filosofiko desberdinak plazaratzeaz gain, altruismoaren ideiari heldu dio Fernandezek. Argi du andreak diziplinatzeko modu bat dela: «Zergatik da zilegiago ni nire koinatarentzat ernaltzea, oso eskuzabala naizelako, irtenbide ekonomiko batengatik egitea baino?».
Kulturaren ertzari Katixa Agirre idazlearen eta Irantzu Varela kazetariaren laguntzarekin heldu dio Fernandezek, eta iritzi publikoari erreparatu diote. Gizarte Zientziei dagokienez, Amaia Perez Orozko ekonomialaria, Elixabete Imaz antropologoa eta Jule Goikoetxea izan dira elkarrizketatuak. Industriaren, merkatuen eta deslokalizazioaren rolaz, burujabetzaz eta familia eta ugalketa ereduez hausnartu dute. Ikuspegi perinatalaz, zera: «Asmoa zen Ana Mendia emaginaren eta Estitxu Fernandez Maritxalar psikologo perinatalaren eskutik ulertzea zertan datzan haurdunaldia, besteak beste».
Familia aniztasunari ertz askotatik heldu dio Fernandezek, Ianire de la Calva FeministAldeko kidearekin, Borja Muñoz EHGAMeko kidearekin eta Iosune Centeno antropologoarekin hitz eginda: «Abiapuntu bat da galdetzea ea familia eredu hau ez-normatiboa den, ala, kontrara, familia heterosexual nuklearra betikotzeko modu berri bat ote den».
Zer egin? Horri erantzuten dio azken atalak, legegintzarenak. Itziar Alkorta legelaria, Oihana Etxebarrieta EH Bilduko legebiltzarkidea eta Miren Ortubai abokatua izan ditu bidelagun Fernandezek alor horretan: «Legeztatzen badugu, baina bakarrik modu altruista batean, zein korapilo agertuko dira? Ilegalizatzen badugu guztiz, zein korapilo agertuko dira?».
«Patxadaz hausnartzeko grinarekin» egin du liburua Fernandezek: «Kontrakoek uler ditzatela ñabardurak, eta aldekoek uler ditzatela kritika sozialak. Hor erdian gaude ni bezalako asko, pil-pilean dagoen gai honetaz diskurtsoa garatu nahian, baina pixka bat galduta».
Gauza berari deitzeko, zein izen erabili?
June Fernandezek, Aingeruak eta neskameak liburuan, haurdunaldi subrogatu kontzeptua erabili badu ere, kontzepturik zehatzena ordezkapen bidezko ernalketa dela iruditzen zaio. «Hori da Sara Lafuente Funesek gomendatzen duena, bere ikuspegia erabat kritikoa bada ere», dio liburuan. Zergatik erabili du, ordea, haurdunaldi subrogatu? Euskaraz «ulerterrazagoa» iruditzen zaiolako, nahiz eta anglizismo hori «hutsa» den bere horretan. Gauza berari deitzeko, ez ditu erabili amatasun subrogatu —«iruditzen zait gestanteei ama kategoria inposatzea haien autodeterminazioaren kontrakoa dela»—, ezta alokairuzko sabela ere, nahiz eta hainbat elkarrizketatuk erabili duten.