Pilar Kaltzada. Save The Children erakundeko lehendakariordea Espainian

«Haur pobreziak aurpegi asko ditu, eta uste dugun baino hurbilago dago»

Ekainean hautatu zuten Save The Children-eko Espainiako lehendakariorde. Bazterrean diren familiak laguntzeko premia nabarmendu du, «inor atzean gera ez dadin».

Ion Orzaiz.
2020ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Pandemiak arrakalak sortu ez, aurretik zeudenak «larriagotu» dituela uste du Pilar Kaltzada kazetari eta Save The Children erakundeko ordezkariak (Donostia, 1970).

Save The Children-en Espainiako presidenteorde izendatu zintuzten ekainean. Nola ikusi duzu zeure burua hilabete hauetan?

Duela lau urte sartu nintzen erakundearen patronatuan, baina, uztailaz geroztik, beste ardura eta beste eginkizun batzuk ditut, eguneroko jardunari lotuago. Gainera, oso une berezian heldu zaizkit ardura berriak. Martxotik, gure erakundea larrialdiko jardunbideetan murgilduta dago halabeharrez. Gure lana da eragitea, haurren eskubideak bete daitezen, baina baita arreta zuzena eskaintzea ere. Haur zaurgarrienekin egiten dugu lan batez ere, eta, bistan denez, pandemiaren ondorenak haur horiek kolpatu ditu bereziki.

Nola aldatu du zuen eguneroko jarduna normaltasun berriak?

Haurrei eragiten dieten gizarte arrakalak ez dira oraingoak. Faktore berriak agertu dira, baina lehendik zeuden desoreka egiturazkoen gainean; hortaz, gure helburua ez da aldatu. Pandemiak egin duena izan da hesi handiago bat jarri, eta laguntzeko bideak zaildu. Egoera zailenean dauden haurrek, esaterako, espazio fisikoak behar dituzte gizarteratzeko, eta gu saiatzen gara horiek eskaintzen, baina, egoera honetan, zailagoa da: aurrez aurreko harremanik gabe, ez genekien zer egoeratan ziren familia horiek. Urgentziazko sistema bat antolatu genuen, eta, horri esker, gure lanak ez du etenik izan. Aitzitik, inoiz baino gogorrago ari gara lanean.

Itxialdiak eragina izan al du bazterrean diren haurrengan?

Oso handia, bai. Haurrei esan zitzaien etxean gelditzeko, baina, pobrezia egoeran diren askorentzat, etxea ez da espazio seguru bat. Haiendako ez da onuragarria hor itxita egotea. Adibidez, aurrez aurreko eskolak eten zirenetik, haur askok ezin izan dute ganorazko otordurik egin.

Zer ematen die eskolak egoera zaurgarrian diren haurrei?

Normalean, familiak eskaini ezin diena: sozializazioa, bizi proiektu bat garatzeko aukera, baliabideak... Azken hilabeteetan, gainera, beste desoreka bat ere azaldu zaigu: arrakala digitala. Online hezkuntza garrantzitsua da, baina ez dugu ahaztu behar etxe guztietan ez dagoela pertsona adina ordenagailurik, ez konexio egokirik, ezta sakelako telefonorik ere. Arrakala gehiago, lehengo arrakalen gainean. Horregatik, lehentasuna eman behar zaio aurrez aurreko hezkuntzari. Hezkuntzak segitu behar du betetzen berezkoa duen funtzio orekatzailea. Ez badugu aparteko baliabiderik jartzen, ezin dugu esan hezkuntza denontzako eskubidea denik.

Gizarte laguntzarako programak izan ziren, hain zuzen ere, alarma egoeran eten ziren lehenetarikoak. Miopiaz jardun zuten agintariek?

Beti bezala, oreka kontua da hau ere. Erabakiak hartzen dituztenen larruan jarri beharko genuke, ez baita erraza berehalako erantzun bat ematea osasuna eta segurtasuna bermatzen diren bitartean. Hala ere, denbora honetan frogatu ahal izan dugu egoeraren araberakoak izan behar dutela neurriek. Erantzuna ezin da izan denontzako kafea, hori eginez gero lehendik desabantailan zeudenak izango baitira kaltetuenak. Hortaz, ulergarria da lehen kolpean administrazioa saiatu izana arrisku behinekoena errotik mozten, baina horrek ondorioak ditu: eskola errefortzurik gabe, atzean geldituko dira ehunka haur; eta, aparteko laguntzak eman ezean, larriagotu egingo da familia askoren pobrezia egoera.

Ba al dago loturarik pobreziaren eta eskola porrotaren artean?

Frogatua dago baietz: familiaren egoera prekarioak eragin handia du ikasketa prozesuan eta eskola porrotean. Gure ikerketen arabera, urtea amaitzerako, haurren pobrezia ia %32ra igo daiteke Espainian. Eta arazo larriena ez da unean uneko argazkia, oraingo gabeziek gazteengan eragin ditzaketen ondorioak baizik. Izan ere, haurtzaroan gertatzen diren fenomenoek bizitza osorako orbana uzten dute, eta gure beldurra da ehunka adingaberen kasuan zauri hori ez ote den gaindiezina izango.

Euskal Herria ere, oasia bainoago, oihana da askorentzat...

Bazter guztietan zakurrak ortozik, eta, gure herria, tamalez, ez da salbuespena, baina arazoa ikusezina da. Haur pobrezia aipatzen den aldiro, guztiok irudikatzen ditugu gureak ez diren haurrak, gure bizimoduarekin zerikusirik ez duten tokietan edo muturreko egoeretan bizi direnak. Ideia horri esker justifikatzen ditugu gizarte desorekak: kanpotarrak dira, ez dira gizarteratu... Baina ebidentziak erakusten digu ezetz, hori ez dela errealitatea. Euskal Autonomia Erkidegoan, adibidez, badira familia ugari aurrera egin behar dutenak urtean 7.000 euro jasota, egoera oso prekarioan. Oso nabarmena da azken boladan fenomeno hori larriagotu egin dela, baina lehendik ere bazegoen halako kasuen poltsa bat gure herrian. Gure auzoetan, gure bizilagunen etxean ere gertatzen dira halakoak.

Zein da pobreziaren aurpegia XXI. mendeko Euskal Herrian?

Pobreziaz hitz egitean, geure iruditeria kolektibotik ezabatu beharko genuke kale kantoi batean ortozik eta eskean dabilen haurraren irudia. Pobreziaren benetako aurpegia askotarikoa da, eta pentsatzen dugun baino askoz hurbilago dago: eguneroko otordu guztiak ziurtatuak ez izatea pobrezia da, etxean hotza pasatzea pobrezia da, eta baita eskolara joan ahal izateko laguntza behar izatea ere. Gure zentroetako batera etortzen den gaztetxo batek, adibidez: eraikinera sartzean, ez du inoiz berokia kentzen. Esaten diogu «kendu berokia eta eseri, lagunduko dizugu eskolako lanekin eta gero askaria emango dizugu». Baina ez du kendu nahi. Zergatik? Ez du etxe barruan berokia kentzeko ohiturarik, bere etxean hotza egiten duelako beti. Hori pobrezia da, baina ez da ikusten. Pobrezia ikusteko, haren bila joan beharra dago. Ez dugu geure inguruan erraz antzematen, baina hor dago. Eta pobrezia bezala, haurren kontrako indarkeria ere ikusezina da.

Indarkeria?

Bai. Normalean, oso argiak dira pautak: etxe zaurgarrienetan, indarkeria kasuak askoz gehiago izaten dira, gurasotasun positiboen eredurik ez dago... baina bortxa hori ez da inon ikusten. Oso hedatua dagoen iritzi bat da, familia bakoitzean zer gertatzen den, hori etxe barruan konpondu beharreko zerbait dela. Horrek indarkeria kasuak ez ikustera garamatza. Horrekin batera, badago beste uste ustel bat: haurrak familien jabetza direla, eta ez direla pertsona osoak. Noizbait izango dira pertsona osoak, eta orduan aitortuko zaizkie eskubide guztiak, baina ordura arte, ez. Hori oso pentsamolde kaltegarria da: haurrek bermatuak izan beharko lituzkete eskubide guztiak jaiotzen direnetik. Kolektibizatu egin behar da haurren eskubideen defentsa.

Zer esan nahi du horrek?

Ezin dugula segitu zenbait eskubide urraketa normalizatzen: adibidez, kalean heldu batek haur bati zaplazteko bat ematea eta ingurukoek pentsatzea «auskalo zer egin duen». Orain pentsa ezazu haur baten ordez emakume bat dela, eta bikotekideak zaplaztekoa ematen diola kalearen erdian. Era berean erreakzionatu eta onartuko genuke? Ez dut uste. Askoz errazago onartzen dugu indarkeria erakustaldi hori haurren kasuan, uste dugulako gizarteari ez dagokiola haurren eskubideen defentsan aktiboki parte hartzea. Gurasoen auzia dela, alegia. Ikusezintasuna dakar horrek, eta arazo larri bat da hori, ikusten ez dena ez baita zuzentzen. Ikusten ez dena kronifikatu egiten da.

Pobreziaren feminizazioa antzeman daiteke Euskal Herrian?

Gurean, haurren pobreziaren argazkia hau da: bi ume dituzten familia unitateak, guraso bakarrekoak —gehienetan, emakumezkoa—, pobretuak eta lanik ez daukatenak. Emakume horien bizkar gelditzen dira etxeko zaintza lan guztiak, diru iturriak bilatzea, haurrei laguntzea eskolako lanekin... Hortaz, lehengo galderari erantzunez, ez gara oasi bat, inondik inora ere ez, baina zera gaineratu nahiko nuke: oso eskura dugula haur pobrezia behingoz bukatzea.

Nola?

Baditugu bitartekoak, eta, urriak izanagatik, bideratu litezke bestelako neurri batzuk ezartzera. Adibidez, oinarrizko errentaren erreforma egin behar den honetan, guk eskatzen dugu haurren interesa lehenetsi dadila. Haurren eskubideen gutunak esaten duena konplitzea, alegia. Eta estatu guztiek izenpetu dute. Horrez gainera, badaude proposamen zehatz asko, gure ustez aparteko baliabide zuzkidurarik gabe ere aurrera atera daitezkeenak.

Adibidez?

Guraso bakarreko familien zaintzarako laguntza sistema propioa jartzea, adibidez. Arrazoi ekonomikoengatik gertatzen den eskola segregazioa konpontzeko neurriak ere beharko lirateke, egoera zail edo problematikoeneko ikasleak pilatu egiten baitira zenbait ikastetxetan. Bi urte artekoentzako plaza gehiago behar dira haur eskola publikoetan, eta auzo nahiz hirigune guztietara iritsi behar dira; bereziki, egoera sozioekonomiko zailenean dauden sektoreetara. Tamalez, munduan ez dago oasirik haurren eskubideei dagokienez, baina Euskal Herrian baditugu baliabideak, ezaugarriak eta baldintza egokiak gauden egoeran baino hobeto egon gaitezkeela sinesteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.