Haur lapurtuen auzia argitzeko

SOS Ume Lapurtuak elkarteko kideak ez dira ados Aranzadiren txostenarekin, eta beste bat atondu dute, Fraisoron taxuz jardun ez zutela erakusteko. Ehunka testigantza bildu dituzte.

Flor Diaz eta Maria Bueno, bi txostenak eskuan dituztela, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin bildu ondoren. GORKA RUBIO / ARP.
Oihan Vitoria.
Donostia
2014ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Nekea nabari dute, alde batetik bestera fruiturik lortu gabe ibiltzearena. Egia eta justizia gura dute. 1940tik 1990era desagertutako haurren gorpuak non dauden eta zer egin zieten jakitea. Besterik ez. Bidean, baina, oztopoak baino ez dituzte aurkitu. Azkena, Aranzadi zientzia elkarteak martxoan plazaratu zuen txostena. Paco Etxeberria auzi medikuak gidatuta, Zizurkilgo Fraisoro sehaska etxeko (Gipuzkoa) jardunbidea ikertu du. Adopzio oro legezkotzat jo ditu. Ondorioztatu du batean ere ez zela irregulartasunik izan, taxuz lan egin zutela. Gipuzkoako Diputazioak ontzat hartu du ikerketa: sinesgarritasuna eman dio, eta babestu egin du. Haserrea piztu du horrek. SOS Ume Lapurtuak elkartea ez dator bat, eta hipotesi hori auzitan jarri duen beste txosten bat egin du.

Elkarteko kideak ez daude ados idatziak dioenarekin, eta gutxiago, aldundiak hartu duen jarrerarekin. Kezka agertu dute, eta horregatik taxutu dute beste txostena. Aranzadiren argudioei kontra egin nahi diete. Taldeko buru Flor Diazek azaldu du Aranzadiren aurka ez dutela ezer, nahiz eta auziaren muinean bat ez datozen. «Nola ez dira haur lapurtuak egongo? Giza eskubideen urraketa etengabea zen frankismoan». Urteak daramatza auzia argi dadila eskatzen, eta hori lortzeko bidean txostena «ale garrantzitsu bat» izatea espero du. Dena dela, ez da erabat fio. Jakin badaki erakundeek gaia jorratzeko «aparteko interesik» ez dutela: «Erakundeek entzungor egiten diete gure eskaerei, baina ez dugu etsiko. Nora ezean gaude, eta hesi asko ditugu gainditzeko».

«Kolpe franko» jasotakoa da Diaz. Anaiaren berririk ez du, eta haren bila jarraitzen du, urteek aurrera egin badute ere. Andaluziako haur lapurtuen elkarteko presidente Maria Buenoren bisita jaso du asteon, eta, Gipuzkoako elkarteko eledunarekin batera, aldundian izan ziren atzo. Giza Eskubideen eta Memoria Historikoaren zuzendari Marina Bidasoro eta Gizarteratze arloko zuzendari Euken Barreñarekin elkartu ziren. Txostena entregatu zieten.

Ikerketa «zorrotz» eske

Aranzadiren txostenaren «erantzun gisa» osatu dute idatzia, eta ehunka biktimaren lekukotasunak batu dituzte; baita dokumentu argigarri hainbat ere, datu berriekin. Urteak eman dituzte horretan, eta ziurtzat dute gorpuak hilerrietan ez daudela. Irregulartasunak frogatzea dute helburu, eta orduko legean sakondu dute horretarako. «Delitu horiek bizirik daude oraindik. Ezin daitezke sekula preskribatu, nahita eginiko desagerpenak baitira. Hala dio Espainiako Auzitegi Gorenaren epai batek, baina ez da betetzen».

Adopzioetan ez, jaio berritan lapurtutako haurren kasuak salatu dituzte. Diazen esanetan, datu «aski» daude, «behingoz» ikerketa «zorrotz» bat martxan jartzeko. «Ezin dugu sinetsi legez kanpoko ekintzarik egon ez zela: ez da egia. Haurrak galdu zituzten gurasoekin ere ez dira harremanetan jarri», adierazi du Diazek.

Aldundiak bestelako jarrera bat izatea espero zuten Diazek eta Buenok. «Fraisoroko jarduna erabat legezkoa izanda ere, diputazioak ezin dezake lau haizeetara zabaldu haurrik ez zela lapurtu». Buenok jakinarazi du aldundiak berak baduela ohartarazia txostenaren ondorioak «tentuz» hartzekoak direla, frankismoa zegoelako tartean. Espainiako Gobernuaz ere «kexu» dira. «Biktimei galdegiten digute lapurretak dokumentatzea. Non, noiz eta nola egin ziren. Lotsagarria da guri exijitzea hori. Erakundeak izan beharko lirateke agiriak biltzen lehenengoak. Betebeharra dute».

600 biktimaren babesleku

2010. urte aldera oihartzun handia hartu zuten frankismoan eta ondorengo urteetan ustez lapurtutako haur jaioberrien kasuek. Diazek eta Buenok saretzat dute auzia: «Medikuen bidez lapurtzen zituzten». Horrekin kezkatuta, salaketak jarri zituzten erietxeetan ume jaioberriak hil zitzaizkien familia askok. Segituan, erakundeekin jarri ziren hartu-emanean, kasuak argitzen laguntzeko eskatzeko. Aurrerapauso «eraginkorrik» ez dute antzeman orduz geroztik: «Agian, atzera egin dugu. Erakundeek zapaldu eta gaizki tratatu gaituzte; errazagoa da estaltzea, bazter batean uztea. Baina justizia merezi dugu, egia jakitea. Gainera, errudun sentiarazi nahi gaituzte, psikosia eragin dugulakoan. Egin diguten min guztia saihets zitekeen», nabarmendu du Diazek. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 600 biktimari eman diete abaroa. Zurrunbilo hartan hitza hartu zuenetako bat Aranzadiko lehendakaria izan zen. Paco Etxeberria auzi medikua: Eusko Legebiltzarrean, lehenbizi, eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan, gero, mintzatu zen. Adierazi zuen ez zela izan «umeen lapurreta antolaturik». Diazen aldartea aldatu du horrek: «Ez zaigu logikoa iruditzen lan bat egiteko ardura ematea bere iritzia jakinarazi duen pertsona bati. Ikerketa bat nahi dugu, baina inpartziala izan dadila». Salatu dute galdutako 2.000 haurretatik 179 espediente besterik ez dituztela ikertu, eta fiskaltzaren kontra ere egin dute. Kritikatu dute, ikertu ordez, testigantzak soilik hartu dituela. «Erizainei haurrak saltzen zituzten galdetu, eta ezetz erantzun diete. Kito. Ez dute ezer gehiago egiten». Horren harira, erantsi du erietxeetatik ez direla «laguntzarik» jasotzen ari. DNA bankuak jartzea ere eskatua dute; Jaurlaritzak, ordea, ezetz dio, eraginkorrak ez direlakoan. Aintzat har ditzatela exijitu dute: «Ez dugu inor kriminalizatzen. Egia jakin nahi dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.