Nafarroako Gobernuko Osasun Sailak eguneratu egin du txertaketa egutegia, eta berritasun bat nabarmendu du: haur jaioberriak txertatuko dituzte errotabirusaren aurka. 2019az geroztik, 25-32 asteko haur goiztiarrei soilik jartzen zitzaien errotabirusaren aurkako txertoa, baina oraingo aldaketarekin, haurrek bi eta lau hilabete betetzean txertatuko dituzte lehen mailako arretan egiten diren azterketa pediatrikoak baliatuta; ahotik emango zaie dosia.
Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Gaixotasun Kutsakorren eta Txertaketen atalak egindako aurreikuspenen arabera, aurten 4.800 haur inguruk jaso ahalko dute txerto hori. Gobernuak 143.000 euro inguruko inbertsioa egingo du.
Errotabirusa gastroenteritis akutua eragiten duen birusa da. Infekzio hori ohikoagoa da neguko hilabeteetan, eta batez ere haurrei eragiten die. Beherakoa, goragaleak eta gorakoak sortzen ditu, eta, kasu batzuetan, sukar handia. Gainera, deshidratazio larria ere eragin dezake, bereziki 0 eta 2 urte arteko umeetan.
Osasun Departamenduak azpimarratu duenez, errotabirusaren aurkako txertoa oso eraginkorra da infekzioa ez garatzeko eta ospitaleratu behar ez izateko, baina, orain arte ez denez txertaketa egutegian jasota egon, familia asko beren kabuz ordaintzen ari ziren. Joan den urtean Osasun Ministerioko Osasun Publikoko Batzordeak txertaketen egutegian sartu eta Nafarroako Txertoen Aholku Batzorde Teknikoak onartu zuen, eta hala, aurten, errotabirusaren aurkako immunizazioa txertaketa egutegian sartuko da.
Giza papilomaren aurkakoa
Txertaketa egutegian bestelako aldaketak jaso ditu Nafarroako Gobernuak. Batetik, ikasturte honetan giza papilomaren birusaren (GPB) aurkako txertoaren dosia aldatuko da: bi dosi ematen zituzten lehen, eta dosi bakarra emango dute orain. Txerto hori gaur egun 12 urteko haurrei eta txertorik hartu ez duten 26 urte arteko emakumeei eskaintzen zaie, baina ikasturte honetan eta hurrengoan txertorik hartu ez duten 18 urtetik beherako mutilei ere eskainiko zaie Nafarroan. Hala, 2007an, 2008an eta 2009an jaiotakoak ere txertatuko dituzte ikasturte honetan (2024-2025), eta 2010ean eta 2011n jaiotakoak, berriz, 2025-2026 ikasturtean.
Bestetik, 20-balente (VNC-20) txerto pneumokoziko konjugatua jaso ahalko dute aurretik gaixotasun horren aurkako txertoa hartu ez duten 65 urtekoek —orain arte erabiltzen zen 23 txerto polisakaridoaren ordez hartuko dute—.
Azkenik, zoster herpesaren aurkako txertoa hartzea gomendatuko diete 65 eta 75 urte bitartekoei. Horrela,1950ean eta 1960an jaiotakoek ere txerto hori hartu ahalko dute.