Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Lehen Hezkuntzako ikastetxe gehienek debekatu egin dituzte sakelakoak

Begoña Pedrosaren arabera, Jaurlaritzak teknologia berrien erabilerari buruzko gogoeta kritikoa bultzatu du, ikastetxe bakoitzak araudi propioa landu dezan. Altxa Buruak zenbaitetan eskatu arren, Hezkuntza Sailak inoiz ez ditu debekatu sakelakoak.

Begoña Pedrosa, Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean, artxiboko irudian. RAUL BOGAJO / FOKU
Begoña Pedrosa, Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU
joxerra senar
2025eko urtarrilaren 27a
13:35
Entzun 00:00:0000:00:00

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Lehen Hezkuntzako ikastetxe gehienek erabaki dute sakelakoak debekatzea. Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuaren arabera, martxotik abendura bitarteko gogoeta prozesu baten emaitza da erabaki hori. Sakelakoa oso kasu bakanetan soilik erabili ahal izango da, «ehuneko txiki-txiki batean», helburu pedagogikoren baterako bada. Halakoetan, baldintzak ondo zehaztuta egongo dira, eta «familiekin hitzartuta» jardungo dute.

Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean eman du berria Pedrosak. Azaldu du Jaurlaritzak gogoeta prozesu kritiko bat bultzatu duela martxotik ikastetxeen artean, teknologia horien erabileraz hausnartu zezaten. Abenduan bururatu zen prozesua: ikastetxeek euren araudia landu behar izan dute, eta, hura osatzeko, Hezkuntza Sailaren laguntza izan dute. «Gure asmoa da hezkuntza komunitateari hausnarketa kritiko bat eginaraztea. Teknologia bai, baina noiz, non eta nola? Familiek eta ikastetxeek eurek badute ardura ariketa horretan», esan du Pedrosak. Orain, jakinarazi dute ikastetxe bakoitzak egin duela hautua. Araudi horietan zehaztuta utzi dute noiz erabil daitekeen sakelakoa eta noiz ez. Egoera gehienetarako debekatu egin dute. «Denok dakigu zeintzuk diren joko arauak, eta betearazi egingo ditugu». Pedrosaren ustez, behin arauak zehaztu eta gero, oso garrantzitsua da «irakasle guztiek eta familiek» bat egitea. «Teknologiaren esparruan etengabe egin behar da gogoeta». Ostiralean, kasurako, jardunaldi batzuk egingo dituzte Gasteizen, hezkuntza komunitatearentzat.

Aspaldian piztuta dago sakelako telefonoen erabilerari buruzko eztabaida. Jaurlaritzak orain urtebete egin zuen gaiari buruzko agerraldia, baina ez zuen irizpide zehatzik eman; ez zituen eskoletan sakelakoak debekatu, eta ez zuen esan baimenduta egongo zirenik ere. Hain zuzen, ikastetxe bakoitzaren esku utzi zuten sakelako telefonoen eta erloju adimendunen erabilera erregulatzea; Hezkuntza Sailak 2024 amaiera arteko epea jarri zien horretarako, eta prozesu horren emaitzak eman ditu orain: «gehienek» debekatzea erabaki dute.

Alabaina, badago mugimendu bat eskoletan beren-beregi eskuko telefonoak debekatzearen alde: Altxa Burua; sakelako telefonoa erabiltzearen ondorioek kezkatzen dituzten familiak dira. Komunikabideetan-eta hainbatetan aldarria zabaldu ondotik, abenduan egin zuten agerraldi bat Eusko Legebiltzarrean. Hartan, zera galdegin zioten Hezkuntza Sailari: propio ontzeko dekretu bat eskolak sakelakorik gabeko «arnasgune» edo «espazio libreak» bihur daitezen. Jaurlaritzak ez du horrelako erabakirik hartu.

Eskola segregazioa

Eskola segregazioaz galdetuta, Pedrosak esan du ezin dela pentsatu aldaketa handirik gertatuko denik soilik matrikulazioari begirako neurriak hartuta. «Hori atal bat da. Gizarte eztabaida bat hasteko, anbizioa izan behar dugu, eta otsail amaierarako hitzarmen mahai bat abiarazi asmo dugu. Elkarri aurpegira begiratu behar diogu, eta hitz egin, pentsatzeko nolakoa izango den etorkizuneko Euskadi».

Pedrosaren arabera, hezkuntza komunitatea entzun behar da, eta ados jartzen saiatu. «Araudi berriak eta programa berriak osatu behar ditugu, ikasle migranteen beharrei aurre egiteko».

Martxoaren amaieran, Euskal Eskola Publikoaren lehen plan estrategikoa aurkeztuko dute Eusko Legebiltzarrean. Pedrosaren irudiko, «mugarri bat da». Proposamen asko jaso dituzte, eta ordenatu egin behar dira. «Horretan gabiltza. Etorkizunerako ardatzak markatu behar dira, eta horietatik sortuko dira etorkizunerako konpromisoak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.