Greba hotsak amatatu gabe oraindik, beste sute bat piztu du Nafarroako Hezkuntza Departamentuak, eta, oraingo honetan, haur hezkuntzari eragin dio polemikak: gobernuak 0-12 ikastetxe eredua ezarri nahi du herrialdean, eta Burlatako Hilarion Eslava ikastetxe publikoan eginen du horren proiektu pilotua. Zer izanen da 0-12 ikastetxe bat? 0-3 zikloko, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako maila guztiak hartuko dituen zentro bat. Praktikan, horrek eraginen du, besteak beste, ikastetxeetan espazio bereiziak sortzea, ikasketa planak egokitzea eta hezitzaile gehiago hartu behar izatea.
Burlatako hezkuntza komunitateak, baina, ez du horretarako aukerarik ikusten Hilarion Eslava eskola publikoan, eta uste du kalte handia eraginen diola sare publikoari. Manifestazioa egin dute gaur arratsaldean, Iruñean, Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariaren «ateraldia» kritikatzeko.
«Gure ikastetxeko ikasleak haurrak dira, baina 0-3 zikloa ezartzen badigute, jaioberriekin lan egin beharko dugu», azaldu du Hilarion Eslava eskolako irakasle Ana Cuarterok, manifestazioaren aurretik. «Lan egiteko era zeharo ezberdina da, gaztetxoek eta jaioberriek erritmo eta behar propioak baitituzte, eta, horretarako, espezialistak behar dira». Irakaslearen irudiko, gisa horretako aldaketa batek «alimaleko prestaketa lana» eskatzen du, eta gobernuak ez die inongo baliabiderik eskaini: «Ez dugu informaziorik jaso: ez dakigu zenbat luzatu beharko ditugun lanaldiak, ezta zer baliabide izanen ditugun eskura ere. Ez dakigu ezer». Gaineratu du egoera «bereziki larria» dela familientzat, datorren astean hasiko baita aurrematrikulazio epea.
Profesionalen ezinegona
Manifestazioan, Burlatako hezkuntza komunitatearekin bat egin dute hezkuntzako sindikatuek, eta baita 0-3 plataformako hezitzaileek ere. Gurutzeko plazatik abiatu da protesta, lelo honekin: 0-12aren inposizioari ez. Espaziorik gabe, baliabiderik gabe, zentzurik gabe. Navarro Villoslada kalea eta Merindadeen plaza zeharkatuta, Karlos III.aren etorbidean behera joan da manifestazioa, Sarasate pasealekuraino. Han, Nafarroako Parlamentuaren aurrean, hitza hartu dute Hilarion Eslava ikastetxeko eta Burlatako udal haur-eskolako langileek.
Proiektua «inposatu» egin zaiela salatu dute: «Elkarrizketarik gabe, plangintzarik gabe eta errespeturik gabe ezarri dute. 0 eta 12 urte bitarteko ikastetxe bihurtu nahi dute gure zentroa, aldez aurretik abisatu gabe, adostasunik gabe eta horren bideragarritasuna bermatuko duen proiekturik gabe. Gimeno inprobisatzen ari da».
Irakasleek «ezinegona» adierazi dute, uste baitute proiektu pilotu hau izozmendiaren tontorra baizik ez dela: «Beste askotan gertatu izan den bezala, orain esperimentu gisa aurkezten digutena beste hainbat eskola publikotan ezarriko dute gero». Sinetsita daude, gainera, eredu berria ezartzearen zama osoa irakasleen bizkar egonen dela datorren ikasturtean: «Beldur gara lan kargak ez ote diren handiegiak izanen. Zuzendaritza taldeari, esate baterako, astean 38 ordu gehiagoko lan karga ezarriko diete, ordaindu gabe». Baliabide falta ere kritikatu dute: «Instalazioak ez daude egokituta txikiak behar bezala artatzeko».
Azkenik, salatu dute halako erabakiek «kalte» eginen diotela hezkuntza publikoari, eta Burlatan bertan badirela bi haur eskola: Egunsenti, Nafarroako Gobernuarena, eta Burlatako haur eskola, udalarena.