Itziar Idiazabal. EHUko irakasle ohia

«Haur Hezkuntza funtsezko aroa da murgiltzerako»

Idiazabalek argi du hezkuntza ezinbesteko pieza dela hizkuntza gutxitu bat —kasu honetan, euskara— ikasteko. Gaur-gaurkoz, eskola herren ikusten du ahozkoan: «Ahozko gaitasun aberatsagoa landu behar da».

ARITZ LOIOLA / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2023ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Bizitza irakaskuntzari eta euskarari emana igaro du Itziar Idiazabalek (Gaintza, Gipuzkoa, 1949). Besteak beste EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle ohia, hizkuntzalaria eta Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedraren sortzailea da. Uztailean, Hizkuntza gutxituak globalizazio testuinguruan: zergatik? zertarako? EHUren udako ikastaroetan aritu zen hizlari.

Nola suspertu daiteke hizkuntza gutxitu bat egungo testuinguru globalizatuan?

Galdera potoloa da. Hizkuntza bat berpizteko, sustatzeko edo suspertzeko, erabili egin behar da. Baina erabiltzeko, jakin egin behar da; hori da kontua, jakitea, eta, gainera, erabiltzeko moduan jakitea. Eskolak lan bereziki handia egiten du etxetik euskaldun ez direnekin; hori onartu behar da, baina oraindik ez da nahi beste lortzen erabilerarako gaitasuna edo erraztasuna. Uste dut badaukagula arazo edo erronka bat: eskolak ahalegindu beharra dauka euskara ahoz erraztasunez erabiltzeko gaitasunean lan zuzenagoa egiten.

Orain arte, eskolak zer egin du ondo?

Eskolak ondo egin du euskarari zentralitatea ematean. Euskal irakaskuntza euskararen inguruan antolatu da, eta euskara izan da euskal eskola berritu eta egokitu duen bitartekoa. Balio handi bat dauka euskarak, euskara ez da besterik gabe ikasten den hizkuntza, baizik eta sistema bera hobetzea ekarri duena da. Batetik, elebidun egin du, eta elebidun izatea eskola askoz hobea izatea da. Bestetik, elebidun izateko ahalegin horretan egin duen lanari esker, hiztunek, hemengo jende eskolatuak, badauka gaitasun kognitibo handiagoa elebakarrek baino.

Eta zer du egiteko?

Euskara ikasgai nagusia eta irakaskuntzaren ardatza izanik, erakutsi eta landu beharra dago euskarazko ahozko gaitasun oraindik eta aberatsagoa eta baliagarriagoa. Bestalde, euskararen egoera soziolinguistikoari buruzko ezagutza kritiko bat ere behar da, ze euskal hiztunek arduratu behar dute hizkuntza horren biziberritzeaz, erabileraz... Hori guztia ere ikasi behar da. Uste dut eskolan egiten dela; ez dakit zenbateraino lortzen den, baina badakit helburu hori ere tartean badagoela. Gainera, uste dut berriz landu beharreko zerbait dela irakasleek beren gain hartzea euskalduntzearen ardura eta euskararekiko atxikimendua transmititzearena. Ez dut esaten ez denik egiten, irakasle asko daude ardura handia dutenak, baina badaude —ez dakit zenbat— beren lana egiten dutenak eta esaten dutenak: «Nik nirea egiten dut. Gero, hor konpon haurrek ikasten duten edo ez».

Nola irakats dakieke euskara etxetik ez dakarten haur txikienei, Haur Hezkuntzakoei?

Haur Hezkuntzan zer egin oso ondo pentsatu behar da. Funtsezko aroa da murgilketarako. Arrisku batzuk ere badaude. Izan ere, azken urteetan, zabaldu dira ideia batzuk: haurrari utzi behar zaio; berak dakartzan izaera, gogoa eta ohiturak errespetatu behar dira; utzi behar zaio askatasunez adierazten... Hori besterik ez baldin badaukagu gure irakats-ardatz bezala, euskarak ez du lekurik izango, ze euskara ume gehienentzat ez da euren adierazteko bidea, ez da euren hizkuntza. Izen handiak erabili dira, adibidez, [Maria] Montessori. Montessorik gauza asko aurreratu zituen bere garaian, baina hizkuntza gutxituen edo elebitasunaren garapenari buruz ez zuen hitz erdirik esan. Haur eskolan lortu behar da Lehen Hezkuntzara iristeko euskararen ezagutza nahikoa izatea, euskaraz ondo moldatzen direla ziurtatzen duena. Batzuek esaten dute: «Hori bortxaketa bat bezalakoa da, bere etxeko hizkuntza ukatzea da...». Ez da. Zu ari zara beste hizkuntza bat irakasten.

Haur Hezkuntzan, zein jarduera egin daitezke euskararen jabekuntzarako?

Hizkuntza ekintza da, hizkuntza ez da irakasten hiztegi zerrendak buruz ikasaraziz. Haurrei eginkizun interesgarriak jarri behar zaizkie. Batetik, izango dira hizkuntza eduki substantziala dutenak: ipuinak entzun, ipuinak antzeztu, kantatu... Baina, baita ere, edozein gauza eraiki, mugitu, jolastu... Hor ere hizkuntza tartean sartzen da, eta irakasleak oso arduratsua izan beharra dauka eginkizun horiek guztiak hizkuntzaz jantziak izan daitezen.

Eta nola jarraitu behar da HH osteko etapetan? Nahikoa al da D ereduarekin?

Ea nahikoa den D ereduarekin? Zer da D eredua? D ereduan gauza asko egin ditzakezu. Gauzak egin daitezke oso modu formalean, oso minimoetan, edo maximoetan. Egiten diren gauzek zentzudunak, zirraragarriak eta ikasleen interesa pizten dutenak izan behar dute, eta hori eskolan egin daiteke. Baina, agian, errazagoa da modu formalagoan egitea. Eskolako errutina da testuliburua hartu eta han dagoena gutxi gorabehera jarraitzea eta gero ariketak egitea, eta nik ez dut esango txarra denik, baina asko indartu beharra dago hizkuntzaren erabilera biziagoa, osatuagoa eta autonomoagoa izatera bideratuz. Bereziki, ahozkoa indartu behar da. Horretarako, egiten dena lagunen aurrean aurkeztu daiteke, kanpokoei aditzera emateko aukerak sor daitezke, taldeko lanak egin... Baliabide asko daude ahozkoa lantzeko.

Eskolak zer egin dezake ikasleek euskara jakin ondoren erabil dezaten?

Eskolak bideratu behar ditu eginkizun interesgarriak. Hizkuntza eskoletan, askotan, gauza oso-oso aspergarriak egiten dira, hizkuntza gorrotatzera eramateraino. Horregatik, irakasleen formakuntza etengabe berritzen eta egokitzen joan behar da. EAEn guraso gehienek D eredua aukeratzen dute. Gurasoak ere arduratu egin behar dira, oso ondo jakin behar dute seme-alabak D ereduan matrikulatzen dituztenean horrek dakarrela beraiek ere lagundu behar dutela. Bakoitzari berea tokatzen zaio, eta gurasoek ezin dute esan: «D ereduan apuntatu dut; egin dut egin beharrekoa». Ez da nahikoa. Eskolak zuzendu behar du hori, eskolak inplikatu eta erakarri behar ditu gurasoak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.