«Gizartearentzat hezkuntza garrantzitsua da; era guztietako ikasleek dituzten beharrei erantzuteko gai izan behar du sistemak; ebaluazioa izan daiteke hobetzeko elementu inportante bat». Hiru gogoeta horiekin amaitu zuen Nafarroako Eskola Kontseiluko presidente Pedro Gonzalezek, atzo, parlamentuan egindako hitzaldia. 2013-2014 ikasturteari buruzko txostena aurkeztera joan zen Hezkuntza Batzordeko kideen aurrera. Testuinguruari, baliabideei, hezkuntza politikei eta emaitzei buruz aritu zen. Hamaika datu jarri zituen mahai gainean, tartean, haurren kopuruak behera egin duela, eta jaitsi egingo dela hurrengo hamar urteotan ere. Ondorioak ateratzeko ardura parlamentarien esku utzi zuen, hala ere. Batzordeko kideek egin zuten txostenari buruzko haien azterketa. Oposizioko taldeek jarri zuten kritika mahai gainean. Azken urteotan hezkuntzaren esparruan egindako murrizketak salatu zituzten gehienek, nagusiki. «Emaitzak onak badira, ikasleen ahaleginari esker izan da», erran zuen Bilduko Bakartxo Ruizek. Gutxiagorekin ari direlako lanean geletan.
Datuen bidetik, jaiotzen kopuruak behera egiteak hezkuntzaren plangintzan eragina izan beharko lukeela erran zuen Gonzalezek, atzo, hezkuntza sistemaren testuingurua jorratu zuenean. 2000. urtean, 5.262 haur sortu ziren Nafarroan. 2012an 6.731 izan ziren. «2013an ia 700 jaiotza gutxiago izan ziren; eta datozen hamar urteotan jaiotzen kopuruak %6 eginen du behera». Etorkinen kopuruak ere behera egin duela azaldu zuen Gonzalezek: «%12,5, hain zuzen». Dinamikak ezberdinak dira, hala ere, herrialdearen arabera. «14.000 ekuatorear baziren 2005ean, eta egun, 4.000 inguru; 2005ean, berriz, 5.000 marokoar bizi ziren Nafarroan, eta, egun, 10.000. Bertze hizkuntza bat dute, eta hori kontuan hartu behar da».
Testuinguruari buruz, langabezia ere aipatu zuen eskola kontseiluko presidenteak. «46.000 langabe badira». Lanbide Heziketaren aldeko apustuak gora egin duela azaldu zuen Gonzalezek. Nabarmendu zuen, halaber, herritarren %30ek ez dutela inolako titulurik.
Inbertsioen politika
Hezkuntzaren esku dauden baliabideak ere aztertu ditu eskola kontseiluaren txostenak. Datuak azaldu zituen Gonzalezek, atzo, parlamentuan. «Aurrekontuari eutsi dio gobernuak azken hamar urteotan», nabarmendu zuen, portzentajeei erreparatuta. Aurrekontuaren eta baliabideen inguruko datuek, ordea, eztabaida sortu zuten batzordeko kideen artean. Oposizioko talde gehienek gogor salatu zituzten gobernuaren murrizketak. Aralar-NaBaiko parlamentari Nekane Perezek hezkuntza politiken arloan Gonzalezek nabarmendu zuen datuetako batekin lotu zuen inbertsioen arloan izandako beherakada: «Lau urtean, behar bereziak dituzten ikasleen kopurua ia bikoiztu egin da; gobernuak, ordea, ez du irakasle bakar bat ere gehiago jarri haiek artatzeko. Gaiak kezkatzen duela erranen du gero gobernuak».
Inbertsioek ere politikak agerian uzten dituzte, eta Bilduko Bakartxo Ruizek nabarmendu zuen Nafarroako Gobernuak bertze hainbat erkidegok baino diru gutxiago bideratzen duela hezkuntzaren esparrura. Hau da, aurrekontu osoa kontuan hartuta, bertze hainbat erkidegok baino kopuru murritzagoa bideratzen duela Nafarroak hezkuntzaren arlora. Ikasle bakoitzeko gastatzen duen diru kopuruak ere behera egin duela gaineratu zuen.
Irakaskuntza publikoaren eta pribatuaren artean ere badira ezberdintasunak, Perezek agerian utzi zuenez. «Inbertsioek esparru publikoan egin dute behera, batez ere», salatu zuen. Ezkerrako Marisa de Simonek erantsi zuen sistemak 400 irakasle baino gehiago galdu zituela 2010etik 2012ra. «Oso kezkagarria da hori».
PSNko Carmen Otxoak landa eremuko eskolen egoera nabarmendu zuen bere hitzaldian. Haien alde egin behar dela erran zuen, baina, gaur egun, eskola horietan gurasoek aukeratzeko duten eskubidea ez dela bermatzen. «Dagoena dago, eta kito. Ahaleginak hor jarri behar dira».
Berdintasunaz mintzatu zen Gonzalez, eta zalantzan jarri zuen Bakartxo Ruizek. «Eskolak ez du etxetik eramaten den egoera konpontzen; eta LOMCE erreformak ez du batere laguntzen». Jantokirako eta ikasteko bekak jarri zituen adibide Bilduko parlamentariak, eta esparru horietan gobernuaren inbertsioak behera egin duela salatu zuen.
Bertzelako azterketa egin zuten UPNko eta PPNko ordezkariek hezkuntza sistemari buruz. Gobernuak hezkuntzarekin lotutako gaiekin duen «ardura» nabarmendu zuen UPNk. PPNk, berriz, LOMCEren alde egin zuen.
Haur gutxiago, diru gutxiago
Nafarroako Eskola Kontseiluak parlamentuan aurkeztu du 2013-2014 ikasturteari buruzko txostena.Oposizioko talde gehienek salatu dituzte hezkuntzan egindako murrizketak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu