Haur eskoletako 165 familia euskarazko lerrorik gabe utziko ditu Iruñeko Udalak

HE Gurasoek salatu dute udalak eskola bakarrean eskaintzen duela murgiltze eredua. Bilera eginen dute asteartean, «aukerak aztertzeko»

Euskarazko haur eskolen aldeko manifestazio bat, iaz. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2021eko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Hasia da nabaritzen Navarra Sumaren eragina Iruñeko Udalak kudeaturiko haur eskoletan. Behin-behineko matrikulazio zerrenden datuak aztertu ditu HE Haur Eskoletako Gurasoak taldeak, eta salatu du «165 familia euskarazko eredurik gabe» utziko dituztela 2021-2022 ikasturtetik aurrera.

Euskarazko postuen murrizketa «gradualki, era mailakatuan eta inor baztertu gabe» eginen zutela ziurtatu zuen Enrique Maia alkateak duela bi urte, baina errealitatea oso bestelakoa dela ohartarazi dute gurasoek: «Hainbat familiak gaztelaniazko lerrora jotzen dute oraindik ere, etsita, euskarazko toki bat lortzea zail ikusten dutelako, eta geografikoki gaizki banatuta daudelako».

Navarra Sumak Iruñeko aginte makila hartu eta berehala, atzera bota zituen lauko udal gobernuak haur eskoletan ezarritako aldaketak: 2016. eta 2019. urteen artean, lau zentrotan eskaini zuten euskarazko murgiltze eredua; gaur egun, zentro bakarra da euskarazkoa, eta beste batean euskarazko lerro bat eskaintzen dute, beste hizkuntza eredu batzuekin batera.

Euskarazko eskaintza osoa hiriko iparraldeko auzoetan pilatuta dago, gainera. «Euskaraz ikasteko eskubidea urratua izaten ari da Iruñeko auzo askotan, batez ere hiriburuko hegoaldean, non zenbait haur eskola dauden bata bestearen ondoan, eta bakar bat ere ez da euskarazko murgiltze eredukoa», adierazi du guraso taldeak, ohar batean.

HE Gurasoak taldeak salatu du Navarra Sumaren asmoa dela «familiek euskararen eskariari uko egitea», euskarazko eskaintzari hamaika traba jarrita: «Badakite urte gutxiko tartea dela, jendea sartu eta irten egiten dela, kontziliazio arazoak daudela, hurbiltasuna lehenesten dela, haur eskolak zerbitzu kontzeptu gisa gaizki ulertzen direla... Eta badakite, jakin ere, trabekin euskararen transmisioan eragiten ari direla. Euskarak, hizkuntza gutxitu bat den heinean, hezkuntza arautuan presentzia eta murgiltzea eskatzen ditu, baita etxean ikasita ere, eta are gehiago adin tarte horretan».

Nafarroako Gobernuaren jokabidea ere kritikatu du guraso talde horrek: «Iruñeko Udalak baino toki gutxiago eskaintzen ditu gobernuak, eta ez du euskarazko murgiltze ereduko zentrorik. Alderdi euskaltzaleek sinatutako gobernuaren programa akordioan agertzen den eredu mistoen sustapenari uko egiteko garaia da».

Bilera, datorren asteartean

Oztopoak oztopo, amore ez emateko deia egin diete hiriburuko familiei. Iruñeko Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren eskaintzaz gaindi, mugakide diren udalerrietako haur eskola publikoetako leku libreei buruzko informazioa emanen dute maiatzaren 18an eginen duten bilera irekian: Txantrea auzoko Auzotegi elkartean izanen da, 18:00etan. Bilerara joan nahi dutenek izena eman beharko dute aurretik, [email protected] helbidera mezu bat bidalita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.