Euskarazko haur eskolen auzian, UPNren «politika grisa» albo batera uzteko eskatu diote Asironi

Iruñeko Euskalgintza osatzen duten eragileek manifestaziora deitu dute, Iruñeko haur eskoletan euskarazko lerroak zabaltzeko. Abenduaren 11n izanen da protesta, Nafarroako Parlamentutik abiatuta.

Iruñeko Euskalgintzako kideak, Laba elkartean egin duten agerraldian. IÑIGO URIZ / FOKU
Iruñeko Euskalgintzako kideak, Laba elkartean egin duten agerraldian. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
IRUÑEA
2024ko azaroaren 26a
17:30
Entzun

Iruñeko Zabalgunean bizi da Vera Lucia perutarra. Nafarroara heldu zenetik, argi izan zuen euskarazko ereduan eskolatu nahi zituela seme-alabak. «Gure herrian, kitxua eta aimara hizkuntzak desagertzen ari dira, eta hemen, aldiz, errespetatu egiten da euskara, bai eskolan, bai familien artean. Nire seme-alabek hori ikastea eta barneratzea nahi nuke». Horregatik matrikulatu zuen 2 urteko semea Izartegi haur eskolan. Euskararen aldeko hautua, baina, garesti atera zaio, hiria alderik alde zeharkatu behar baitu goizero: Zabalgunetik Txantrearaino. Guraso askorentzat, hori da seme-alabak euskarazko murgiltze ereduan eskolatzeko aukera bakarra, eskaintza murritza baita udal zentroetan.

Beste guraso batzuek seme-alabak euskaraz matrikulatu nahi bai, baina gertuago dituzten zentroak hobesten dituzte, logistikak ezinezko bihurtzen baitu goizero autoa hartzea eta kilometro parrastada egitea, haurra eskolara eramateko eta handik jasotzeko. Leire Arrateren kasua da. Hiru alabaren ama da, eta, familia osoa euskalduna izanagatik ere, erdarazko haur eskola batean matrikulatu behar izan zituzten haurrak, hori baitzen gertuko aukera bakarra: «Auzo guztietan eman beharko litzateke euskaraz ikasteko aukera», esan du, etsipen puntu batez.

Bi horiek ez dira kasu bakanak. Iruñean, 0 eta 3 urte bitarteko haurrak euskaraz eskolatu nahi izatea oztopo lasterketa da kasu askotan, eta oztopo horien berri ematen duten testigantza batzuk bildu ditu Iruñeko Euskalgintza plataformak, kanpaina berri batean. Plataformaren parte dira AEK eta IKA euskaltegiak, Sortzen elkartea, Euskalgintzaren Kontseilua, Hizkuntza Eskubideen Behatokia, HE Gurasoak, Euskal Herrian Euskaraz eta Administrazioan Euskaraz Taldea. Euskarazko haur eskolen arazoari konponbidea eman nahi diote, eta neurriak eskatu dizkiote Iruñeko Udalari. Kalera ere emanen dute aldarria, manifestazio baten bidez: abenduaren 11n eginen dute, 17:30ean, Nafarroako Parlamentuaren paretik abiatuta.

https://youtu.be/cOaBXE6Ey2k?si=DtI6_s13TA5Ue6pB

«Bada garaia auziari irtenbidea emateko», adierazi dute Iruñeko Euskalgintzako kideek gaur, Laba elkartean egin duten agerraldian. «Udalaren betebeharra eta ardura da Iruñeko biztanleen eskubideak bermatzea. Baina ez hori bakarrik: gizarte kohesioa eta elkarbizitza ere bermatu behar ditu udalak, eta belaunaldi berriei aukera eman euskara ezagutzeko», esan du Iker Mundiñanok, IKA Arturo Campion euskaltegiko ordezkari eta plataformako kideak. Haren irudiko, murgiltze eredua da horretarako bidea, «Iruñean dugun egoera diglosikoa aintzat hartuta», sistema horrek soilik bermatzen baititu «elebitasuna eta eleaniztasuna».

«UPNrekin baino okerrago»

Mundiñanok gogoratu du Iruñeko Udalaren Euskararen ordenantzaren 26. artikuluan jasota dagoela «euskarazko haur irakaskuntzarako eskaerak aintzat hartzea, bermatuz gurasoek euren seme-alabendako hizkuntza eredua hautatzeko duten eskubidea», baina gaineratu du hori ez dela betetzen gaur egun. Are: euskalgintzako ordezkarien ustez, egungo egoera «UPNren garaian baino are okerragoa da» haur eskolen eskaintzari dagokionez: «Arduradun politikoak aldatzen badira ere, eskolen egoeran ez da halakorik, edo are, atzera egin dugu. Auzo askotan ez dago euskarazko eskaintzarik eta murgiltze giroan haur eskola bakarra dugu (Izartegi), eta UPNrekin bi ziren».

Iruñeko Udalak euskarazko lerroak eskaintzen ditu Buztintxuri, Arrotxapea, Arrosadia eta Lezkairu auzoetako haur eskoletan, baina ez dira murgiltze eredukoak, zentro berean gaztelaniazko lerroak ere badaudelako, eta euskarazko edukiak ingelesezkoekin batera ematen dituztelako. Horregatik, galdera zuzena egin diote Joseba Asiron alkateari: «Gai izanen al da UPNk egiten zuen politika gris horri eusteko?».

Iruñeko Euskalgintza osatzen duten eragileek, hala ere, aukera ikusten dute egoerari buelta emateko: «Gobernu itun programatikoan haur eskolen auzia sartu zuten, eta uste dugu konponbidea bilatzeko helburuarekin sartu zutela. Eta Asiron alkateak ere adierazpenak egin zituen, esanez auzo guztietan bermatuko zela euskaraz ikasteko aukera».

Horregatik guztiagatik, «hitzetatik ekintzetara» pasatzea galdegin diete udal gobernua osatzen duten taldeei: «EH Bildu, PSN-PSOE, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa alderdiei, gehiengoari alegia, eskatu nahi diegu irtenbidea adosteko. PPri eta UPNri adierazi nahi diegu ez dezatela zangotrabarik jarri, behingoz, Iruñeko auzo guztietan haur eskolak euskaraz eskaintzeko modua adostu dezaten». Abenduaren 11n kalera aterako dira, aldarrikapen horiek ozentzeko eta udalbatzari bestelako politikak eskatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.