Berriro gertatu da: 203 ume Haurreskolak partzuergoan sartu ezinda geratu dira, haur eskola batzuetako leku falta dela eta. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren arabera, Bilbon, Donostian eta Irunen (Gipuzkoa) daude itxaron zerrendak. Sindikatuek neurriak hartzeko eskatu dute.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako haur eskola publikoak batzen dira Haurreskolak partzuergoan, eta izen ematea doakoa da 2023-2024ko ikasturtetik. Matrikulazioak «izugarrizko gorakada» izan du Lorea Igartua LAB sindikatuko —sindikatu horrek du gehiengoa partzuergoan— irakaskuntzako ordezkariaren esanetan: «Iaz, oker ez banago, aurreko ikasturtean baino 1.200 matrikulazio gehiago izan ziren; orain, aurrekoan baino 300 gehiago izan dira».
Eta, horrekin batera, lehendik hiriguneetan eta herri handietan zegoen arazoa, leku falta, are larriagoa bihurtu da: «Hirietan, doakotasuna iritsi aurretik ere bazegoen eskaera bat ez zena asetzen; orain, gehiago». Azaldu duenez, «apurka-apurka» ireki dituzte haur eskola batzuk. Baina: «Ez dira haur eskola oso handiak; beraz, ez daukate leku nahikorik».
«Hirietan, doakotasuna iritsi aurretik ere bazegoen eskaera bat ez zena asetzen; orain, gehiago»
LOREA IGARTUALABeko irakaskuntzako ordezkaria
Hezkuntza Sailak egin du argazkia. Orotara, 8.812 leku eskaintzen ditu Haurreskolak partzuergoak; horietako 5.173 daude beteta, eta 3.639 libre. Arazoa, ordea, herririk handienetan dago. Bilbon, 762 leku eskaintzen dituzte, eta horietatik 659 daude beteta, eta 103 libre. 132 ume daude itxaron zerrendan. Zergatik? Familiek haur eskola jakin batzuk aukeratu dituztelako. Donostian, 575 lekuko eskaintza dago —497 daude hartuta, eta 78 libre—, eta 48 haurreko itxaron zerrenda sortu da. Azkenik, Irunen, 91 lekukoa da eskaintza, eta 89 daude okupatuta; itxaron zerrendan, berriz, 23 ume daude. Irailerako zerrendak murriztea espero dute, familiek libre dauden lekuak hartzeko aukera izango dutelako. Gainera, Hezkuntza Sailak dioenez, Bilboko eta Donostiako udalak eskaintza handitzekoak dira —160 eta 50-60 leku, hurrenez hurren—, baina Irungo Udalak horrelakorik egingo duelako berririk ez dute.
Donostiako Kattalin haur eskola da leku faltan dabiltzan horietako bat. Amara Berri auzoko haur eskola publiko bakarra da, eta bertako hezitzailea eta koordinatzailea da Silvia Dos Santos. «Ni 2015etik nago Kattalinen, eta urtero egoten da eskaera handia; ez da aurtengo kontua bakarrik. Urtero egoten dira itxaron zerrendak, Kattalinen sartu ezin diren familiak». Datu batzuk eman ditu: 0-1 urtekoentzako zortzi leku dituzte; 1-2 urtekoentzat, berriz, 26, baina zortzi aurreko ikasturtetik dauzkaten umeek betetzen dituztenez, hemezortzi izaten dituzte eskuragai. «Hemezortzi leku horiek, agian, 40 familia inguruk eskatzen dituzte; 0-1 gelako zortzi lekuak, berriz, 12-16 familiak».
Ordea, Dos Santosek zehaztu du hasieran Kattalinen lekurik gabe geratzen diren zenbait familiak hiriko beste haur eskola batzuetan lortzen dutela lekua: «Familiek beti nahi izaten dute etxetik gertuen duten haur eskola, baina Donostiak baditu lekuak». Aurten, azkenean, 0-1 urteko ume bakarra geratu da kanpoan, eta 1-2 urteko hamalau inguru.
«Ni 2015etik nago Kattalinen, eta urtero egoten da eskaera handia»
SILVIA DOS SANTOSKattalin haur eskolako koordinatzailea eta hezitzailea
Egoera hori betikotu egin da Kattalinen: «Kattalinen, doakotasuna ez da arrazoia; 2015etik egoera bera bizi dugu». Alabaina, ikusten du egoerari buelta emateko beharra, eta, horretarako, haur eskolak sortu behar direla: «Loiolako Erriberan aurreikusita dago beste haur eskola bat sortzea. 2020an irekitzear zegoen, baina dena gelditu zen, eta orain arte ez da martxan jarri. Uste genuen irail edo urri honetan ireki ahalko zela, baina, antza denez, 2025eko irailerako egongo da prest. Hor 40 edo 50 leku jartzen badira, asko arinduko du auzoko egoera».
Beste ezin batzuk
Leku falta ez da haur eskolen arazo bakarra, Igartuaren esanetan. Ordutegietan ere ikusten du hutsunerik. Igartuaren arabera, 2022-2023ko ikasturtean 07:30etik 17:00ak arte zeuden irekita haur eskolak, eta, hiru umek eskatuz gero, 17:30 arte luzatzen zuten ordutegia; aldiz, ikasturte honetan, 07:30etik 16:00etara daude zabalik. «Guk eskatzen dugu guztia aztertzea eta benetako beharretara egokitzea». Halaber, kexu da «tramite gehiegi» egin behar direlako izena ematean: «Haurren matrikulazio kopurua kontrolatzeko egiten dute, haur gehiago ez matrikulatzeko». Familien beharrei erreparatzeko eskatu du: «Uste dugu familiek dituzten beharren araberako zerbitzu bat eman beharko litzatekeela». Horregatik, sindikatuak mozioak aurkeztu ditu leku arazoak dituzten herrietako udaletan.
Steilasek ere mahaigaineratu ditu matrikulazioko «gorabeherak». Behin-behineko datuak aztertu dituzte. Matrikulazio kopuruari begira jarrita, ikusi dute urtebete baino gutxiagoko haurren matrikulazioan «jaitsiera oso esanguratsua» egon dela. Arrazoi nagusietako bat gurasotasun baimenen luzapena izan delakoan daude: «Administrazioak joan den ikasturtean abian jarritako araudian txertatu zuen, hain zuzen, gurasoak jaiotza baimenean edota haurren zaintzagatiko eszedentzia egoeran badaude eta arrazoi horrengatik laguntza ekonomikoa jasotzen badute, haien haurra ez dela zerbitzuan onartua izango».
Haur eskola txikienei ere erreparatu die sindikatuak: «Onartze araudi berriaren bidez, herri txikietako edota gela bakarreko haur eskoletan ordutegi murriztuak ezarri nahi dituzte; sei orduko zerbitzua da, 14:00ak arte». Sindikatua ez dago norabidearekin ados: «Haur eskolan izena eman eta zerbitzua jaso ahal izateak guztiontzat eskubide unibertsala, publikoa eta doakoa izan behar du».