Astelehenean, Iruñeko haur eskola euskaldunen eskaria murriztuko zuela iragarri zuen Enrique Maia Iruñeko alkateak. Atzo, ehunka lagunek bat egin zuten haur eskola euskaldunen aldeko elkarretaratzearekin. Hiriburuko Udaletxe plaza lepo bete zen «euskaldunen aurkako eraso larria» salatzeko. Izan ere, Navarra Sumak euskarazko eskaintza erdira baino gutxiagora murriztuko du. Are, UPNren aurreko legealdian baino eskaintza murritzagoa eginen du udalak aurrerantzean. Horregatik, oposizioko alderdiei dei egin zieten Navarra Sumaren «erasoak» gelditu ditzaten.
Elkarretaratzera Iruñeko Haur Eskola Euskaldunen Aldeko plataformak deitu zuen, eta bi pankarta paratu zituzten udaletxeari begira: Iruñean haur eskolak euskaraz! eta Iruñeko haur eskoletan lan eta ikasi euskaraz leloekin; horri euskarazko haur eskoletako hezitzaileek heldu zioten. Euskalgintzako kideak ere han izan ziren, baita Maider Beloki EH Bilduko zinegotzia ere. Joan den legegintzaldian bera izan zen Hezkuntza zinegotzia, eta hari egokitu zitzaion haur eskolen afera kudeatzea.
Elkarretaratzearen bukaeran Lourdes Garmendia Donibane haur eskolako hezitzaileak eta Asier Biurrun Iruñeko Haur Eskola Euskaldunen Aldeko plataformako kideak hartu zuten hitza. Oposizioari mintzatu zitzaizkien: «Navarra Sumaren erasoak gelditu ditzatela eskatzen diegu Geroa Bai, EH Bildu eta PSN alderdiei». Herritarrei ere eskari zuzena, «denen bultzada» beharko delakoan: «Lehen bezala, orain ere gure goxotasun, irudimen eta kemen guztia beharko dugu Iruñean euskaraz bizitzeko» .
Deitzaileen arabera, Maiak hartutakoa ez da erabaki bakana izan: «Euskarazko eskaintza murrizteko neurri hau bat dator hilabete hauetan Navarra Sumak euskarafobiaren itzalean hartutako beste neurri batzuekin». Izan ere, haien aburuz, haur eskoletako euskarazko eskaintzaren murrizketa loturik dago beste erabaki politiko batzuekin: euskararen ordenantza bertan behera uztearekin, haurren aisialdian euskarazko eskaintza murriztearekin, euskarazko hedabideak publizitaterik gabe uztearekin edota Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizunak zentsuratzearekin.
Egoera horri aurre egiteko, euskaraz bizitzeko asmoa dutela aldarrikatu zuten: «Gure eskubidea delako, bai, baina eleaniztasunera salto egiteko elebitasunak eskaintzen dituen abantailengatik ere bai». Bozeramaileen arabera, bi hizkuntza ongi menperatuta, errazagoa da beste bat ere ikastea. «Iruñean, bi hizkuntza modu egokian eta orokortuan ikasteko modu bakarra euskarazko murgiltze eredua eskaintzea da», esan zuten.
Administrazioak bertako hizkuntza babestu eta zabaldu beharko lukeela ere esan zuten,baina hori ez dela horrela: «Euskaldunok Iruñean ikusezin, hutsaren hurrengo nahi gaitu UPNk». Hala, haren helburua iruindarrek euskaraz bizitzeko duten eskubideari muga jartzea dela salatu zuten. Seme-alabak euskarazko ereduan hezi nahi dituztenek aukera hori bermaturik izatea ere galdegin zioten udalari.
Manifestazioan giro ona izan zen: Ene Kantak taldekoen dantzarekin hasi zen protesta, eta euskararen aldeko kantak abestu zituzten gero han zirenek Iruñean Kantuz taldearekin batera. «Haur eskola euskaraz» eta «Maia, entzun, Iruñea euskaldun» oihuak ere etengabe aditu zitezkeen plazaren inguruetan.
Eskaintza murritza
Gaur egun Iruñean hamasei haur eskola publiko daude horietarik bost Nafarroako Gobernuarenak dira, eta lautan baizik ez da euskarazko eskaintzarik. Navarra Sumak erabaki du hemendik aurrera bi haur eskolatan baizik ez duela eskainiko, eta, horietako batean, ez da soilik euskarazko eredua egonen. Beraz, Printzearen Harresi eta Donibane haur eskoletako euskarazko eskaintza kenduko du udalak, eta Goiz Eder haur eskolaren eskaintzaren erdiak euskarazkoa izanen dira, baina beste erdiak gaztelerazkoa ingelesezko jarduerekin. Haur eskola euskaldun bakarra Txantrea auzoan egonen da: Izartegi.
Haur eskolak babesteko prest
Ehunka lagun bildu dira Iruñean euskarazko haur eskolen eskaintza murriztu ez dadila eskatzera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu