Hau guztia zertarako?

Irati Urdalleta Lete - Oli Artola Apeztegia
2024ko martxoaren 24a
05:00
Entzun

Ipar Euskal Herriak markatu du iparra. Esnatu gara Zuberoan, bazkaldu dugu Nafarroa Beherean eta lokartu gara Nafarroan. Saltoka jarri da Iruñeko Udaletxe plaza. Erriberako lur idorrak ez zuen egarririk. Egin dugu topa Arabako Errioxan. Kasik ito gara Gasteizen. Marea biziek hartu dute Bizkaiko kosta. Eta olatuak jarraitu du Gipuzkoan barrena Baionaraino; tsunamia bi horietan. Baina hau guztia zertarako?

Kulturaren soka tenkatu ohi dute instituzioek, eta sokatira horretan erre izan zaizkigu oin azpiak, zartatu eskuak. Instituzioek, eta horien politikek, balio dezakete edo beharko lukete kulturaren —eta, beraz, euskararen— hari muturrak harilkatzeko eta estropu sendoa sortzeko. Estropua korapilorik gabeko soka da. Hariak elkarrekin dantzan, trentzatuz, osatzen dena, eta haustea ia ezinezkoa den eraztuna da. Balio du kontrako korronteei eusteko, atzera begira aurrera egiteko. Top kontrakorronteei, eta arraun. Top oldarraldiei, eta arraun.

Euskal kulturak eskertuko luke instituzioen babes handiagoa, Korrikaren kilometroak erosteaz harago. Lekukoa harrotasunez zeruratzeko, egunerokoan euskara zeharkakotasunez landu behar da, maitasun hitz ederretatik ekintzara pasatu. Euskara ukitu ezin den ondasun higiezin baten moduan tratatu baino, urratu egin behar da, erabili; eta horretarako bideak erraztu behar dituzte boterea dutenek, erabilarazi, iristen ez zaionari heltzeko bideak zabaldu. Iritsarazi.

Baina etxea ezin da teilatutik hasi. Eta ez du balio soilik atarian «kaixo» esateak, askotan zerbitzu publikoetan gertatzen den moduan. Euskaraz artatzen diguten medikuak nahi ditugu, tramiteak euskaraz egin nahi ditugu, baita azterketak ere. 

Orain arte, euskal herritarrek erakutsi dute badutela nahikoa indar herri gogotik pareta zurrunak hausteko, edota zirrikituetan bidea egiteko. Honela hasi ziren lehen ikastolak, gau eskolak… herritik, eta herriarentzat. Eta muga ikusezinek —eta uste baino ukigarriagoek— jarraitzen duten bitartean, segitu beharko dugu Korrika —eta antzerako egitasmoak, antzekorik bada— antolatzen. Euskarak eta euskal kulturak behar baitu herri gogoa piztea, euskararen su txikia sute izateko. Beraz, izan piromano. 

Eta hamaika eguneko lasterketa honek balio du muga ikusezin baina zurrunak malgutzeko, zapaltzaileak zaizkigun estatuei bat garela adierazteko. Herri hau plurala dela, eta aniztasuna kolorea dela. Lekua duela etorkinak, adinekoak, trabestiak, haurrak, gurpil aulkian doanak, gaztetxeroak, euskara ikasleak, feministak, queerrak… eta lekua ez ezik, gure bideak ere sarri gurutzatzen direla. Eta zeharkatzen gaituen zapalkuntza komun bat dugula: euskalduntasuna. Baina zapaldu bezainbeste puzten gaitu, horrek egiten baikaitu herri, euskaldun. 

Eta Korrikak balio du nork bere bidetik baino norbere bideak elkarrekin zabaltzeko eta urratu beharrekoetan bidelagun izateko. Alegia, nola baxoa hala brebeta egin behar ez dutenek ere Ipar Euskal Herriko lagunek euskaraz egiteko eskatzeko. Balio du herri gogo hori pizteko. Balio du euskaran ez ezik euskal kulturan ere alfabetatzen duen AEKri laguntzeko, publikoa duina izan arte alternatibak eraikitzeko. Balio du Euskal Herria idealean bizitzeko, lekukotik atzera, baina baita aurrera ere. Elkartasuna, zaintza, bizipoza eta indarra ikusten baita furgonetako kideen zein prentsa taldekoon artean ere. Funtsean, Korrikaren ibilbideak nola, hala jostea Euskal Herria, euskal gizartea, komunitateak eta komunikabideak. 

Segi sua pizten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.