Koronabirusa. Nelida Zaitegi. EAEko Eskola Kontseiluko lehendakaria

«Hau gizarte osoaren ardura da; eskolak ezin dio guztiari erantzun»

Segurtasun neurriak hartuta ikasle guztiek irailean ikastetxera itzuli behar dutela azpimarratu du Nelida Zaitegik. Baliabide gehiago eskatu aurretik ikastetxeetan dauden guztiak erabiltzearen alde egin du.

LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2020ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Irailaren 7a buruan, ikasturte hasierari begira daude Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikasleak, irakasleak eta gurasoak. Nelida Zaitegi EAEko Eskola Kontseiluko lehendakariak (Abanto, Bizkaia, 1946) argi dauka gizarte osoaren beharra dagoela.

Ikasturtea hasteko prest ikusten al dituzu ikastetxeak?

Uste dut egoera desberdinak daudela. Ezagutzen ditut ikastetxeak astelehenetik zuzendaritza talde guztia eta koordinatzaileak lanean dituztenak; aurreko astean egon zirenak; eta oporretan daudenak, eta hilaren 1ean planteatuko dutenak. Aste honetan iritsiko dira orientabideak, eta horrek berriz pentsaraziko die eurek jada antolatuta eduki zezaketena. Arduratzen nauena da jendea askotan gauzak egiten ari dela eta ez direla kontatzen.

Uste duzu Hezkuntza Sailak ondo antolatu duela itzulera?

Ekainean, ikastetxeetara bidali ziren zirkularrak, hiru egoera zehaztuta. Hezkuntza Sailari dagokiona zera da, ikastetxe guztientzat orokorra denaz hitz egitea. Baina, gero, partikularra dator, eta hori ikastetxe bakoitzari dagokio bere espazioen, dauzkan taldeen, bere ikasleen beharren, ikasle kopuruaren arabera. Ikastetxe bakoitzak egin behar duen kontingentzia planak gainbegiratu behar ditu ikuskaritzak, eta feedback bat itzuli. Ikastetxeek ere komunikatu egin behar dute familia guztiei zer egiten ari diren, zein den egoera... Argi dago ikasle guztiak itzuliko direla eskolara irailean; beste kontu bat da nola eta zer neurrirekin.

Jaurlaritzak ez du esan ikasgeletan positiboak daudenean nola jokatu. Badaukazue berririk?

Badakit egiten ari direla, baina ideiarik ez zer egingo duten. Edozer dela ere, ez dagokit niri. Neurri horiek Osasun Sailarekin batera hartu behar dituzte.

Uste duzu segurua izango dela ikastetxeetara itzultzea?

Erabateko arriskurik eza ez dago, hondartzan, parkeetan, terrazetan ez dagoen bezala. Kontua da abantailak eta desabantailak aztertu behar direla. Hezkuntza prozesuak aurrez aurrekoa izan behar du. Momentu batzuetan konfinatu beharra egon daiteke, eta online izan daiteke, baina ezin da esan online izango dela eta etxean mugarik gabe geratu.

Uste duzu baliabide gehiago behar direla itzultzeko?

Seguruenik bai, baina kontseilukoek esan genuen optimizatu egin behar direla. Kontua ez da irakasle gehiago kontratatzea gauzak berdin egiteko; baizik eta gauza desberdinak egin behar dira, beste denbora batekin, bestelako metodologiaz... Orain, funtsean, hauek landu behar dira eskolan: zaintza emozionala, euskara gakoa da, eta sakon prestatzea online hezkuntzarako.

Irakasle gehiago behar al dira?

Ikastetxe bakoitzaren arabera, dauzkaten ratioen eta ikasleen arabera. Irailean, ikusi behar dugu nola antolatu gaitezkeen dugunarekin; iristen ez garenean, eskatu beharko dugu, eta segur aski beharko da, baina ez eskola guztietan, baizik ratio handiak dituztenetan, ikastetxe oso handietan, lekurik ez dutenetan... Pentsatu behar da zer egin ikasleak berrogeialdian jarri eta gurasoak etxean egon ezin direnean. Hau gizarte osoaren ardura da; eskolak ezin dio guztiari erantzun.

Jaurlaritzak gomendatu du hamar pertsona baino gehiago ez elkartzeko, baina ikasgeletako ratioak ez dituzte jaitsi. Beharrezkoa al da?

Hamar pertsona ez elkartzeaz ari garenean, familiez, lagunez eta abarrez ari gara, segurtasun distantziak ez direlako betetzen. Uste dut zentzuz jokatu behar dugula, eta hamarreko taldeak egin behar baditugu, egingo ditugu. Ikastetxeak begiratuko du nola egingo dituen eta nola eduki ditzakeen hogeiko taldeak bi metrora banatuta gimnasio batean, eta pertsona bat horiek zaintzen, online lan egiten duten bitartean.

Uriartek itzulera presentzialaren alde egin du. Zuen ustez, nolakoa izan behar luke itzulerak?

Uste dut presentziala izan behar duela oraingoz, ezer pasatzen ez den bitartean. Gauzak oso modu desberdinetan egin daitezke: milaka formula daude, eta beste herrialdeetan entseatzen ari dira.

Konfinamenduaren ondorioz, irailean desorekak ikusiko dira ikasleen artean. Nola egin behar zaie aurre?

Ume bakoitzaren egoera ikusi behar da: nola dagoen, zer behar duen... Uste dut ikastetxeek eduki behar dutela malgutasun pixka bat esateko nork behar duen ordu gehiago egotea, nork gutxiago...

Zer baliabide falta daitezke?

Eskola bakoitzaren egoeraren araberakoa izango da: dituzten irakasleen, espazioen eta abarren araberakoa. Uste dut hezkuntza ez dela gastu bat, etorkizuneko inbertsio bat baizik, eta dirua jarri behar da, baina buruarekin, ikaslen ongizaterako eta ikasketarako beharrezkoa den horretan.

Ikasgeletara itzuli aurretik PCRak egin behar al zaizkie irakasleei eta gainerako langileei?

Ez dakit modu orokorrean, baina, agian, arriskuko herritarrei bai. Hezkuntzako langileak funtsezkoak gara; beraz, ondo zaindu gaitzatela, begiratu diezagutela, baina hor egon behar dugu, funtsezkoak garelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.