«Hau ez da gure bakea»

Euskal gatazkari edo «gatazkei» buruz, ahots propioz jardun nahi dute andreek. Era kolektiboan hainbat ekinbide proposatu dituzte azken hamarkadetan, eta berriki ugaritu egin dira gaia genero ikuspegitik aztertzen duten lanak ere. Asteburuan jardunaldi bat egin da Basaurin, gogoetarako.

Larunbatean Marienean izan zen topaketako argazki bat. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Basauri
2017ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Gatazkak. Euskal gatazkak. Ez baita gatazka bakar bat bizi Euskal Herrian. Indarkeriei eta haien ondorioei emakumeen ikuspegitik begiratu dio mugimendu feministak asteburuan. Gogoeta egiteko tarte bat hartu dute Basauriko Marienea emakumeen etxean (Bizkaia). «Bakea eta bizikidetzaren eremuan emakumeen parte hartzea aitortzea eta bultzatzea» izan da jomuga. Euskal gatazka(k), feminismoa eta emakumeen ekarpen kolektiboa jardunaldian dozenaka lagun elkartu ziren larunbatean.

«Zabalduz eta sakonduz joan den prozesu kolektibo eta askotariko horri gure ekarpena egin nahi diogu», azaldu zuten antolatzaileek. Horretarako, hainbat ekinbide kolektibotako kideek hartu zuten hitza: Ahotsak-ek, Bilgune Feministak, Emagunek eta CEAR-Euskadik. Mahai inguruan nabarmendu zuten gatazkaren kontakizunean emakumeen ikuspegia txertatzeko beharra.

Saioa Iraola Bilgune Feministako kidearen iritziz, bakea berriro kontzeptualizatu beharra dago. Emakumeen eskubideak aitortu behar direla nabarmendu du: «Gainerakoan, hau ez da gure bakea». Bakea «irauli» beharra agerian geratu zen jardunaldian plazaraturiko hainbat iritzitan. «Emakumeok ez bagaude, egingo da kontakizun bat gu kontuan hartu gabe. Konponbideak inklusiboa izan behar du».

Hain justu, haren hitzak ezker abertzalearen esperientziara ekarri zituen Olatz Dañobeitiak. Emakume militanteen ikusgaitasuna aldarrikatzen du, eta haien bizipenak ikertuko ditu doktore tesian. Izan ere, atxilotuta egondako emakumeen iragana eta oraina ere aztertu zituzten Basaurin. Dañobeitiak eta Rosi Arana Txakartegik haien lekukotasunak eman zituzten, eta Oihana Barrios Jaiki Hadi elkarteko psikologoak torturen eraginak eta ondorioak izan zituen hizpide.

Argituz taldeak aztertu ditu euskal gatazkan, emakumeei dagokienez, giza eskubideen urraketa larrienetarikoak zein izan diren. Bertha Gaztelumendiren arabera, lehen azterketa kuantitatibo bat egin dute, eta emakumeen presentzia «txiki geratzeko» arriskua zegoen; izan ere, hildakoen artean emakumeen portzentajea txikiagoa da gizonena baino: %10 izan ziren. Horregatik harago joan dira, eta kontuan hartu dituzte, baita ere, bestelako erasoetako emakumezko biktimak: «Hala nola, mobilizazioetan hildakoak, polizien zaintzapean sexu erasoak jasan dituztenak, torturatuak, kale borrokaren biktimak eta atentatuetakoak». Garrantzitsutzat du Gaztelumendik ikerketa esparrua zabaltzea: «Sexu erasoak, esaterako, gordeta geratu dira, eta emakumeen gorputzak gerra arma gisa erabili dira. Sexu objektutzat hartzen gaituzte, baita polizia etxeetan ere».

Azaroaren 25a

Etorkizunari begira zer behar dauden ere aztertu zuten jardunaldian. Esaterako, Zuriñe Rodriguez ikerlariak esan zuen gatazka «hegemonikoaz» hitz egiteko emakumeek «eroso» aritzeko guneak behar dituztela. «Izan ere, agenda hetero patriarkal politiko eta mediatikoa aurrera doa baina, emakumeok bertan gaude? Bakea negoziatzen den guneetan gure ahotsa dago?».

Adibideak ere eman zituen ikerlariak: 2011ko Aieteko (Donostia) konferentzian, parte hartzaileen artean emakumeak %24 besterik ez ziren izan, eta Baionako ETAren armagabetze ekitaldian emakume bakar batek hartu zuen hitza. «Negoziatzerakoan zenbait gauza ezin da esan, baina beste datu batzuk eman daitezke. Nahasten ari da konfidentzialtasuna eta gardentasuna. Eta horrelako prozesuek gardenak behar dute. Jakina da, emakumeok botere guneetatik at gaude». Ildo horretan, Rodriguezentzako «bereziki» mingarria izan da berriki jazo den adibide bat: izan ere, bakearen artisau deituek jakinarazi dute Parisen abenduaren 18an egitekoa zuten mobilizazioa, beste data batera aldatu dutela: azaroaren 25era. Hain justu, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Egunera. Horregatik, ikerlariak uste du mobilizaziorako data berriro ere aldatu behar dela. «Nola bermatuko dugu oroimen anitza gure aldarriak agenda politikoan ez badaude? Estrategiak sortu behar ditugu, erasoaldi patriarkal baten aurrean gaudelako».

Justizia eta erreparazioa

Gatazka bera ulertzeko ere ikuspegi patriarkala nagusitzen dela uste du Jule Goikoetxea EHUko irakasleak, eta gatazka eta boterea kontzeptuak ikuspegi feministatik berriz pentsatu behar direla. «Boterea ahalmen gisa ulertu behar da, norbere burua gobernatzeko, burujabetza lortzeko». Gatazkari buruz baikorra da; gatazka badago «aldaketa» egon daiteke, haren aburuz.

Irantzu Mendia ere irakasle da EHUn. «Justizia trantsizionala» izan zuen hizpide; Euskal Herrian zer leku izan dezakeen hausnartu zuen. «Ez da akordiorik egon aldeen artean, eta ohiko justiziaren tresnak ez dira nahikoa giza urraketei erantzuteko». Nazioarteko hainbat esperientzia aztertu, Euskal Herriko egoerarekin alderatu, eta hainbat ondorio atera ditu. Mendiaren arabera, andreen aurkako indarkeria planifikatua eta maila handian egindakoa izan dela frogatzen bada, gizadiaren kontrako krimena litzateke. Gainera, bortxaren ondorio «sakonak» tratatzen ez badira, betikotu daitezke: «Justizian eta erreparazioan sakondu behar da, sistemak ez daukalako gaitasunik horri egoki erantzuteko. Indarkeria politiko-matxista aztertu eta oroimen kolektiboa berreskuratu behar da, egia, justizia eta erreparazioa helburu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.