Euskararen dekretuaren auzia bolo-bolo ibili da azken asteetan, Nafarroako eskuin mediatikoa arauaren zirriborroan jasotako zenbait puntu filtratzen hasi zenetik. Eztabaida hori, ordea, ez da oraingoa: erro sakonak ditu, eta, Maria Txibite lehendakariak desadostasunak gutxietsi nahi izan baditu ere, mesfidantzaren hazia erein dute gobernuari eusten dioten indarren artean.
2019ko urrian, Nafarroako Auzitegi Nagusiak aurreko foru dekretua baliogabetu eta bi astera,Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok jakinarazi zuen gobernua hasia zela «araudi berri bat» prestatzen. Asmoa zen auzitegiak ukitu gabeko puntuei eustea, eta atzera botatakoak moldatzea, besteak beste, eremu euskaldunetik kanpoko lan deialdietan euskarak izan beharreko puntuazioa legez ezartze aldera.
Hori prestatu bitartean, ordea, gobernuak beste erabaki bat hartu behar zuen: epaiari helegitea jarri edo ez. Gauzak bere horretan uztearen alde agertu zen PSN; auzitara jotzeko galdegin zuen Geroa Bai-k. «PSNkoek esaten ziguten hobe zela errekurtsorik ez jartzea, irabazteko aukera gutxi izanen genituelako eta probetxugarriagoa izanen zelako arau berri bat adostea, gobernu ituna oinarritzat hartuta», adierazi diote Geroa Baiko iturriek BERRIA-ri.
Azkenerako, PSNren irizpidea gailendu zen, eta gobernuak ez zuen helegiterik aurkeztu. «Aintzat hartu behar da PSNk oso diskurtso oldarkorra izan zuela aurreko euskararen dekretuaren kontra; hortaz, adostasunerakodei hori aurrerapausotzat jo genuen. Euskararen aurkako muturreko posizioetatik aldentzeko eta irtenbide bat bilatzeko asmoa antzeman genuen». Geroa Baiko kide horiek argi dute «kontzesio bat» izan zela: «Men egin genuen, hori delako, finean, negoziatzea: zeure helburuetako batzuei uko egitea, adostasunaren mesedetan». Helegitea aurkeztu ordez, auzitegiaren epaiak sortutako hutsune juridikoa «foru agindu baten bidez» arautuko zutela iragarri zuen Javier Remirez lehendakariordeak. «2019ko azaroan egin zuten iragarpen hori, berehalakoa omen zen agindua, eta... zain gaude oraindik», azaldu dute koalizioko kideek.
Orain uste dute PSNk «iruzur» egin ziela: «Ez dute asmorik izan euskararen inguruan ezer egiteko. Hasieratik, auzia atzeratu besterik ez dute egin. Ez dute maila politikorik erakutsi». Helegitearena lehen frikzio puntua izan zen, baina ez bakarra. Ezta larriena ere.
Joko zelaia aldatzen
PSN gobernuan sartu arte, Ollo (Geroa Bai) izan zen euskararen foru dekretuaren arduradun politiko nagusia aurreko legealdian, eta baita Nafarroako Gobernuaren hizkuntza politika zehaztu zuena ere. Araudi berria negoziatzen hasteko tenorean, ordea, joko zelaia aldatzea erabaki zuen PSNk: eztabaida Herritarrekiko Harremanetako sailetik atera eta departamentu arteko batzorde berezi bat sortu zuen propio. «Dekretuaren artikulu batzuek zerikusia dute funtzio publikoarekin, eta aitzakia horrekin, lantalde berri bat eratu zen: hor sartu ziren lehendakaria, legelariak, teknikariak...». Ollo kontseilariaren pisua eta erabakitzeko ahalmena zeharo murriztu ziren, PSNk kontrolatutako beste departamentu batzuetako ordezkarien mesedetan.
«Bilera horietan defenditu genuen, besteak beste, euskararen ezagutza aintzat hartu behar zela eremu ez-euskalduneko lan deialdi guztietan, gutxienez, atzerriko hizkuntzen pare. PSNk ez zuen puntu hori era orokorrean onartu nahi, eta lanpostu bakoitzaren ezaugarrien araberakoa izatea eskatu zuen», azaldu dute. Negoziazio luze baten ostean, proposamen baten zirriborroa adostu zuten alde guztiek: «Geroa Bairentzat, oinarri-oinarrizko proposamen bat zen, gutxieneko eskakizunak jasotzen zituena; PSNrentzat, berriz, onar zezaketen maximoa omen zen. Hala ere, bazegoen adostasun puntu bat, eta gu optimistak ginen».
Zirriborroa onartu eta aurkezteko bidean zirela, baina, galga zapaldu zuen Txibiteren alderdiak. «Luzamendutan hasi ziren: aurrekontuak zirela, txostenak zirela... Aitzakia pila bat jarri zituzten, eta, pixkanaka, atzera egin zuten».
Denbora horretan, lan deialdi ugari argitaratu ditu Nafarroako Gobernuak, eta, dekreturik gabe, euskara ez da meritu izan, ez eremu erdalduneko ez eremu mistoko deialdietan. Bai, ordea, ingelesa, frantsesa eta alemaniera. «Eskandaluzkoa da», aitortu dute Geroa Baiko iturriek. «UPNren garaian ere ez zen euskara hain era makurrean tratatu lan deialdi publikoetan».
Egoera anomalo hori konpontzeko helburua zuen euskararen dekretu berriak, baina PSNk hitzartutakoaren edukian atzera egin duela salatu du Geroa Baik: «Urtebete luzez negoziatzen aritu ostean, aldebakarrez erabaki dute zirriborroaren edukiak eta konpromisoak are gehiago murriztea, eta euskara meritu gisa kentzea eremu ez-euskalduneko deialdi guztietatik, eta eremu mistoko beste zenbaitetatik. Hori ez zen adostu genuena. Zaplazteko izugarria izan zen guretzat».
«Erroko» desadostasunak
Hitzartutakoa urratua zela ulertuta, gobernu itunaren jarraipen batzordera jotzea erabaki zuen koalizioak: «Esan genien ez genuela horren konplize izan nahi, eta adostutako zirriborroaren zenbait puntu lehengoratzea proposatu genien, baina erantzuna ezezko borobila izan zen».
PSNko kargudun nagusiek argudio bati heldu diote azken asteetan: desadostasunak «bakanak» eta «azalekoak» direla, alderdien arteko tira-bira hutsak, baina gobernu barruan, «unanimitatea» dagoela. Hori gezurtatu du Geroa Baik: «Gezurra da. Geroa Baik ez du zirriborro horrekin bat egiten, publikoki adierazi dugu. Gobernu barruan ditugun kontseilariek ere ez. Eta PSNk nahi duena egiten badu, guk ere ulertuko dugu maniobrarako tartea dugula, horren aurka egiteko, egokien deritzogun eran».
Ez dute, hala ere, koalizio gobernua erortzen uzteko asmorik: «Desadostasunak handiak dira zenbait puntutan; euskararen auzian, errokoak, baina gobernu itunari eutsiko diogu, PSNri eskuak libre uztea okerragoa izan daitekeelako».
«Hau ez da adostu zena»
Ia bi urte igaro dira gobernuari eusten dioten taldeak euskararen arau berria negoziatzen hasi zirenetik. PSNk atzera egin eta «iruzur» egin diela salatu dute Geroa Baiko iturriek BERRIAn.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu