Joan den ostegunean, Bilboko Etxarri II gaztetxea husteko operazioa hasi zuen Ertzaintzak Errekalde eta Irala auzoetan. Eraikina husteko agindua ostiralerako zen, baina bezperatik hasi ziren ertzainak inguruak hartzen. 20:30ean manifestazio bat abiatu zen Errekaldeko osasun zentrotik, eta ondoren istiluak egon ziren.
Ertzaintzaren oldarraldiaren ondorioz hainbat lagun zauritu ziren. Horietatik, Iker Arana 33 urteko auzokideak izan zituen zauririk larrienak: Basurtuko erietxean ebakuntza egin behar izan zioten, eta barrabil bat galdu du. Ospitalean dago oraindik, sendagiria jasotzeko zain, eta handik irtendakoan salaketa jartzeko asmoa du.
Ezer baino lehen, zer moduz zaude?
Hemen jarraitzen dut, ospitalean [Basurtun], zauriarekin. Puntu batzuk kendu dizkidate, drainatzeak ere bai, eta beharbada etzi emango didate sendagiria. Ea apurka-apurka osatzen naizen.
Gogoratzen duzu zer gertatu zen ostegun iluntzean?
Ni Iralan bizi naiz, eta ostegunean bizilagunen komunitatearen bilera izan genuen. Gutxi gorabehera 21:00etan amaitu zen. Lagun batekin gelditu nintzen, jaitsi ginen Eskurtze institutua dagoen aldera, eta han beste lagun batzuekin hitz egiten aritu ginen. Handik Etxarri gaztetxea ikusten genuen, aurrez aurre dagoelako, baina han ez zegoen istilurik. Manifestazioa Errekalde auzoko beste toki batean zegoen, osasun zentroaren paretik hasi baitzen, eta, istilurik egotekotan, han egongo ziren, baina gu geunden lekuan ez zen ezer gertatzen ari. Berrogei pertsona baino ez geunden gehienez ere, denak auzokoak, eta gertatzen ari zena kuxkuxeatzen ari ginen, beste ezer egin gabe. Han ez zegoen inor aurpegia estalita edo gauzak botatzen.
Eta orduan izan zen ertzainen oldarraldia?
Ertzainak gure aurrean zeuden, gaztetxearen parean, eta ez dakit urduri jarri ote ziren edo zer gertatu zen, baina haietako batek arma gugana destatu eta tiro egin zuen. Ertzainak begiratu zidan, makurtu zen eta zuzenean barrabiletara apuntatu zidan.
Ikusi zenuen zerekin jo zintuen?
Bai, foam bala batekin izan zen. Foam pistolekin apuntatu dezakezu, eta, hala eginez gero, ez duzu hutsik egiten. Lehen, gomazko pilotak botatzen zituztenean ez zuten apuntatzen, baina pistola berri hauek mira daukate apuntatu ahal izateko, eta ez dute huts egiten. Ertzainak apropos tiro egin zidan barrabiletara.
Zer moduz joan da ebakuntza?
Ebakuntza egin aurretik oso urduri nengoen; esan zidaten barrabil bat lehertuta neukala, eta ebakuntza egitean ikusiko zutela bestea nola zegoen. Azkenean, badirudi bestea salbatu ahal izan didatela, baina ikusiko dugu hemendik aurrera gauzak nola doazen. Ospitalean ondo zaintzen naute, lagun asko etorri zaizkit eta telefono dei eta mezu ugari jasotzen ari naiz, adore emateko.
Salaketa jartzeko asmorik ba al duzu?
Sendagiriarekin batera lesioen agiria emango didate, eta horrekin salaketa jarriko dut, noski. Hau egin didana ezin da kalean ibili arma batekin. Horrelako jendea ezin da polizia moduan aritu. Norbaiti barrabiletara tiro egiteko, ez dakit zer pasatu behar zaizun burutik.
Eta salaketa horrek aurrera egitea espero duzu?
Arazoa da inpunitate osoz aritzen direla, eta inoiz ez zaiela ezer gertatzen. Begiratu zen gertatu zen [Iñigo] Cabacasen aferarekin: Eusko Jaurlaritzak esan zuen ikerketa egingo zuela, eta azkenean, ezer ez. Lotsagarria da. Telebistan ikusi dudanez, oraingoan iragarri dute ikerketa bat irekiko dutela: ea egia den, eta behingoz zerbait egiten duten. Salaketa jartzeaz gain, agerraldi bat egiteko asmoa daukat.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saila jarri al da zurekin harremanetan?
Larunbat goizean ertzainak etorri ziren, nirekin hitz egin nahi zutela esanez, baina nahi zutela ni bakarrik egotea, lagunik eta abokaturik gabe, eta ez zitzaidan egokia iruditu. Beraz, ez nuen haiekin hitz egin. Horretaz aparte, ez dut Eusko Jaurlaritzaren, Bilboko Udalaren edo beste inongo erakunderen deirik izan.