Koronabirusa. Sara Polo. Save the Children-en haurren politikarako arduraduna

«Hau aukera bat da hezkuntza curriculuma berrikusteko»

Sara Polok ohartarazi du ikastetxeak ixteak eta eskolak digitalki hartu beharrak eragina duela ume eta nerabe zaurgarrienengan, eta gogorarazi du hezkuntza sistemak aukera berak eman behar dizkiela ume denei.

BERRIA.
Irati Urdalleta Lete.
2020ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Sara Polo (Gasteiz, 1991) Save the Children-en Arabarako, Bizkairako eta Gipuzkoarako haurren politikarako arduradunak egokitzat jo ditu Espainiako Hezkuntza Ministerioak ikasturtea amaitzeko emandako jarraibideak. Adierazi du neurri irmoak eta baliabide beharrezkoak direla; batez ere, egoerarik zaurgarrienean dauden umeei laguntzeko.

Hezkuntza Ministerioak jarraibide batzuk zehaztu berri ditu. Zer iruditzen zaizkizue?

Esan dezakegu neurriak norabide egokian doazela; jasotzen dituzte gure proposamenak. Hala ere, eraginkortasuna baliabideen araberako izango da.

Jarraibidea da errepikapena salbuespena izatea. Zuek eskatutakoarekin bat egiten du, ezta?

Ontzat jotzen dugu ikasturtea pasatzea ia arau orokorra izatea, errepikapena neurri ez-eraginkorra eta bidegabea baita eta larritu egin baititzake konfinamendua eragiten ari den ondorioak. Ebaluazio indibiduala egiteaz hitz egiten ari dira, eta horren arabera erabakiko dela ikasturtez pasako duten. Oso garrantzitsua da ebaluazio hori egitea; batez ere, ekainetik aurrerako neurriak hartzeko.

Orokorrean, zer deritzozue udan eskolak itxita egoteari?

Proposatu genuen, hain zuzen, uda aprobetxatzea hezkuntzarako aukera eskaintzeko haur guztiei; bereziki, egoerarik okerrenetan daudenei edo hezkuntza mailako desfasea dutela ebaluatu zaienei. Proposatu dute aukera edukitzea udan hezkuntzari lotutako ekintzak egiteko, eta uste dugu egokia dela uda aprobetxatzeko.

Gutunean azpimarratu zenutenez, gizarte arrakala handitzeko arriskua dago. Zertan oinarritzen zarete hori esateko?

Oso garrantzitsua da argi edukitzea arrakala digitalaren arazoa ez dela bakarra, eta atzean daukala jada existitzen zen arazo bat, are handiagoa: gizarte arrakala. Euskadin, hamar umetik lauk zaurgarria den ikasleen metaketa dagoen eskoletan ikasten dute. Hezkuntza sistemak aukera berak eman behar dizkie ume denei; ez zuen egiten krisiaren aurretik, eta orain, zeuden desberdintasunak larritu egingo dira, ez baditugu hartzen berehalako eta luze gabeko eta luzera begirako neurriak.

Zer eragin izan dezake?

Hezkuntza mailako desfaseak eragina izan dezake haurren bizitza ibilbide guztian. Kontuan eduki behar da horri gehitzen zaiola familiarik zaurgarrienetanestresa egon daitekeela. Honek guztiak haurrengan sortu duen eragin psikologikoa ere badago. Hezkuntzak haurren etorkizuna markatzen du, eta baldintzatu dezake, errotik ez badizkie aukera berak ematen.

Zer neurri hartu daitezke desberdintasunak ez areagotzeko?

Ebaluazioa aldatzea, ikasturtea errepikatzea mugatzeko. Uda aprobetxatzea ere aukera bat dela iruditzen zaigu. Beste neurri bat da hurrengo ikasturteko curriculuma egokitzea. Uste dugu hau aukera bat dela hezkuntza curriculuma berrikusteko. Hurrengo ikasturterako hezkuntza errefortzu gehiago izatea ere badago. Azkenik, analisi bat egitea jakiteko zein den hornikuntza teknologikoa eta eskolek daukaten gaitasuna beste konfinamendu edo osasun larrialdi posible batzuei aurre egiteko.

Bete daitezke?

Bai. Konpromiso bat behar da neurri irmo horiek hartzeko eta anbizio handiko neurriak izateko. Oso garrantzitsua da baliabideak egotea martxan jartzeko.

Eskolak ixteak bestelako ondorio batzuk edukiko ditu?

Argi dago eskolako errutinatik deskonektatzea jada edukitzen ari dela eragina. Beste parte oso garrantzitsu bat dago indarkeriarekin lotura daukana. Izan ere, egun osoa etxean itxita egotean, areagotzen ari da online jasaten duten indarkeria, eta indarkeria etxean jasaten duten umeak ere badaude. Elikaduraren gaia ere oso garrantzitsua da. Ume askok eskolako jangelan jasotzen zuten janaria zen egun guztiko janari oso bakarra. Eskatu dugu konfinamenduan bermatu behar dela ume guztiek elikadura osasuntsu eta orekatua edukitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.