Koronabirusa. Michel Glanes. Baionako Ospitaleko zuzendaria

«Hasi gara beheititze txiki bat sumatzen; presioa apaldu da»

Baionako ospitalean 43 paziente artatzen ari dira COVID-19agatik; horietarik hamar, suspertze zerbitzuan. Glanesek egoeraren berri eman du: haren ustez, ospitaleak «saturazioa» saihestu du.

BOB EDME.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2020ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Baionako ospitaleko zuzendaria da Michel Glanes. COVID-19 gaitzak eragindako epidemiari nola aurre egin dioten azaldu du. Lehen olatuak ez zuen bereziki erasan Ipar Euskal Herria; bigarrenak, berriz, bai.

Nola dago gaur egun Baionako ospitalea?

Bigarren olatuaren barnean gara: irailetik, nahiko progresiboki igo dira kopuruak, eta duela bizpahiru aste tontorrera heldu ginen. Orduan, COVID-19a zuten 60 eta 65 paziente artean hartzen genituen egunero; egun batzuetan gutxiago, besteetan gehiago. Geroztik, gune lau batera heldu gara, eta ez dugu berriz goratzerik ukan. Hasi gara beheititze txiki bat sumatzen, eta horrek presioa pixka bat apalarazi du ospitaleratzeetan. Ez dakigu zertara goazen orain, baina erran daiteke, emeki, apaltze bat ukan beharko genukeela ondoko asteetan. Gaur-gaurkoz, Baionan COVID-19 a duten 33 paziente badira. Gero badira beste hamar bat paziente positibo eman dutenak, baina ez direnak berez COVID-19agatik artatuak, baizik eta bestelako osasun arrazoi batzuengatik.

Eta suspertze zerbitzuan? Zenbat pertsona ari dira arta intentsiboak jasotzen gaixotasunari aurre egiteko?

Suspertze zerbitzuan hamalau ohe ditugu COVID-19a duten erientzat. Hamahiru okupatuak izan ditugu, gehienez. Orain, hamar paziente dira bertan koronabirusarekin, eta beste sei bestelako patologiekin. Tentsioak izan dira, arta biziki pisuak direlako, baina ez gara gaindituak izan. Atzo, Auvernia-Rodano-Alpeak [Frantzia] eskualdetik bi paziente errezibitu genituen suspertze zerbitzura: aurre egiten ari garen seinale. Hemendik aitzina, hamabi izango ditugu, beraz. Egokitzeko tartea badugu; saihestu dugu saturazioa, eta segitzeko prest gara.

Suspertzetik ateratzen diren pazienteek artak behar dituzte. Baionako ospitalean kudeatzen duzue hori?

Birgaitze zerbitzu bat badugu Baionako ospitalean, eta hor artatzen ditugu suspertze zerbitzutik ateratzen direnak. Epe luzera begira, Donibane Lohizunen [Lapurdi] Berreskuratze Unitate Berezitua dugu, arta pisuak ukan dituzten eta sendatzeko bidean diren erientzat. Hamabi ohe dira han: bigarren olatuan zehar, beti okupatuak izan dira, baina jariotasuna ukaitea permititu digu unitate horrek, harat igortzen ditugularik Baionako ospitaleko lekuak libratzen ahal ditugulako.Bestalde, beste egitura batzuetan ere hartzen dituzte ospitaleratzearen ondotik, hala nola Kanbon [Lapurdi]. Osasun egituren arteko trukaketa horrek ahalbidetzen du Baionako ospitalean egonaldi nahiko laburrak egin ahal izatea, eta, beraz, oheak erregularki libratu ahal izatea.

Eta hemendik aitzina, zer?

Kontua da ospitalean badugula atzerapen epe bat. Populazioaren baitan gertatzen hasten dena ikusteko, ospitaleak bizpahiru asteko epea behar du. Orain, esaterako, Pirinio Atlantikoetako departamenduko intzidentzia tasa apaltzen hasi da, baina handia da oraindik: 260koa. Apaltzearen joera sumatzen hasi gara, eta pentsatzen dugu ondoko asteetan zinezko apaltze bat izanen dugula.

Batzuek aipatzen dute hirugarren olatu bat ere etorriko dela. Posible da. Bigarren olatuari aurre egiten segituko diogu oraingoz. Bigarren olatuan zehar, gure aktibitatearen %35a gibelatu behar izan dugu, baitezpadakoak ez ziren osasun ekintzak pusatuz. Horiek ere berriz programatzen hasi beharko dugu; nahiz eta bigarren olatua arindu, gure lana ez da txikituko.

Zer zailtasun ukan dituzue bigarren olatuari aurre egiteko?

Ospitale guztietan ezagutu duten zailtasuna osasun langileen falta izan da. Zerbitzu askotan langileak faltatu zaizkigu, zaurgarri direnak eta haurdun direnak geldialdian direlako. Baionako ospitalean, guztira ehun langile pasa geldituak ditugu. Horregatik ere utzi behar izan dugu bertan behera zerbitzu jakin batzuetako aktibitatea, langile horiek COVID-19 unitateetara bideratzeko. Usaian, absentismoa %9,5ekoa da, eta jadanik zenbaki handia da, baina pandemiarekin %11ra heldu da. Halere, berrantolaketari esker, behar bezainbat langile ukan ditugu. Tentsio handiagoa izan ditugu larrialdien zerbitzuan, eta horregatik ekarrarazi dugu unitate mugikorra. Egun batzuetan, hogei paziente baino gehiago heldu zirensintomak zituztelako. Ez genuen aski oherik eri horiez gain besteak ere artatzeko. Unitate mugikorrarekin, leku arazoa konpondu dugu.

Zer aldatu da lehen olatutik?

Esperientzia bagenuela: zerk funtzionatu zuen, eta zerk ez. Bigarren olatuak gehiago hunki gaitu, baina lortu dugu ikasi dugunetik aitzin egiten. Lehen olatuarekin konparatuz segurtasun eta higiene neurriak hobeto menperatzen genituen; horri esker, babes material gutxiago behar izan dugu. Lañoki aritu gara, bagenekielako nola aurre egin. Arta materiala ere hobeto menperatzen genuenez, suspertze zerbitzura kasu larrienak baizik ez ditugu igorri.

Pazienteen soslaia aldatu dea?

Lehen olatuan adineko pertsonak artatu genituen gehienbat. Irailean, lehen olatuan baino gazteagoak ziren, eta baziren biziki gazteak ere. Denbora joan ahala, lehen olatuko soslai bera izatera heldu gara: adineko pertsonak dira gehienak. Suspertzezerbitzuan diren erien batez besteko adina 70 urtekoa da; eta COVID-19 unitateetan direnena, berriz,80 urtekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.