Hasi dira epaitzen hamar urtez adingabeei sexu erasoak egiteaz akusatutako surf irakaslea. Hondarribiko (Gipuzkoa) surf eskola batean aritzen zen, eta 2011tik 2021era 11 adingaberi sexu erasoak egitea leporatzen diote —denek 16 urte edo gutxiago zituzten erasoak gertatu zirenean—, eta gaur hasi da haren aurkako epaiketa, Gipuzkoako Probintzia Auzitegiko hirugarren aretoan, biktimen lekukotza eta guzti.
Irakaslea 2021eko abuztuan atxilotu zuten, eta orain arte kartzelan egon da. Surf eta skate irakaslea zela gertatu ziren salatutako erasoak. Sexu erasoengatik ez ezik, haurren sexu esplotazioa erakusten duen materiala edukitzeagatik dago auzipetuta gizona. Horiek horrela, fiskaltzak, guztira, 86 urteko zigorra eskatu du: 85 urtekoa sexu erasoengatik, eta urtebetekoa irudiengatik.
EFE berri agentziak jakinarazi duenez, bestalde, akusazio partikularretako batek zigor gogorragoa eskatu du: 290 urte inguru, zigor guztiak batuta. 11 biktimetatik hamar ordezkatzen ditu akusazio horrek. Defentsak, azkenik, akusatua absolbitzeko eskatu du.
Froga berriak
Akusatua ez da biktimen gela berean egon, eta epaiketa ateak itxita egin dute. Auzitegiak ohar bidez azaldu duenez, epaiketa publikoki ez egitea erabaki dute, biktimen «intimitaterako eskubidea ez urratzeko eta ez birbiktimizatzeko».
Epaiketaren lehen saioan, froga berri bat aurkeztu du defentsak, eta beste bat akusazioetako batek. Defentsak argudiatu du akusatua substantzia toxikoen mendekotasunetik ateratzen ari dela, eta hori frogatuko lukeen txosten bat aurkeztu du. Froga hori atzera botatzeko eskatu dute akusazioek, txostena 2022koa delako, eta aurretik ere denbora izan duelako defentsak hura aurkezteko. Akusazioetako batek, berriz, biktimetako baten txosten psikologikoa aurkeztu du. Bi froga berriak, hala defentsarena nola akusazioarena, onartu egin ditu Jone Unanue magistratuak.
Adingabe guztiek ez dute hitz egin oraindik, eta, auzitegiak aurreikusten duenaren arabera, asteazkenera arte edo ostegunera arte luzatuko dira lekukotzak. Hori dela eta, epaiketa martxoaren 21era arte luzatuko da, ezustekorik ezean. Surf eta skate irakaslea izango da hitz egiten azkena.