Mugimendu feminista: «Aurre egingo diogu oldarraldi erreakzionario honi»

Feministek kaleak bete dituzte Martxoaren 8ko manifestazioetan. «Ausardia feminista» aldarrikatu dute, beldurra menderatzeko, isiltasuna hausteko eta atzerantz eraman nahi dituzten horiei aurre egiteko.

Faximoaren eta oldarraldi erreakzionarioaren aurka bat egitera deitu dute feministek. Irudian, Baionako gaurko manifestazioaren une bat. GUILLAUME FAUVEAU
Olatz Silva Rodrigo - Isabel Jaurena - Ekhi Erremundegi
Bilbo - Baiona
2025eko martxoaren 8a
21:25
Entzun 00:00:0000:00:00

Emakumeen Nazioarteko Egunean, Euskal Herriko kaleak hartu dituzte milaka feministek, euren indarra eta ausardia ozen aldarrikatzeko. Faxismoaren kontra, ausardia eta aliantza feministak! lelopean, argi utzi dute «oldarraldi faxistak eta heteropatriarkalak» ez dituela euren eskubideak ukituko. «Elkarrekin indartsuak eta ausartak gara, eta aurre egingo diogu oldarraldi erreakzionario honi», adierazi dute Bilbon, manifestazioaren amaieran irakurritako adierazpenean.

Feminista andana Bizkaiko hiriburuko Jesusen Bihotza plazan batu zen arratsaldean, bertan hasi baita mobilizazioa. Protesta osoan, euri zaparrada izan dute bidean lagun, baina indartsu eutsi diote manifestazioari, oihuak euritakoen mugimenduekin lagunduz. Oihu hauek hartu dituzte Bilboko kaleak, besteak beste: «Gora borroka feminista, antifaxista, antikolonialista!», «Patriarkatua, sionismoa; gauza beraren bi aurpegi dira!» eta «Faxismoaren kontra iraultza feminista!». Tarte batzuetan, «feminismoa» oihukatuz makurtu egin dira manifestariak, eta korrika atera gero, bidea arinago eginez.

Aldarri ugariz jantzi dute protesta. Bloke antirrazistak bere pankarta eraman du, Faxismoaren kontra, dekolonialitatea, antirrazismoa eta komunitatea leloarekin. Kale Nagusia zeharkatu ahala, jendea batuz joan da protestara. Izan ere, kale bazterretan itxaroten egon dira asko, euritik babestuz, eta Plaza Eliptikora arte izan dute zain jendea. Han, batukadaren doinuek lagundu dituzte feministen ahotsak. Eta Kale Nagusiaren amaieran, gazte feministak izan dituzte zain, Gazte feministok faxismoa irauli leloa zuen pankartarekin. Udaletxearen aurrean amaitu dute protesta, eta hor ere, beste pankarta bat: Transfobiaren aurrean feminismo antifaxista.

'Faxismoaren kontra, ausardia feminista' lelopean egin dute Bilboko manifestazioa. ARITZ LOIOLA / FOKU
'Faxismoaren kontra, ausardia feminista' lelopean egin dute Bilboko manifestazioa. ARITZ LOIOLA / FOKU

Amaierako irakurketan, faxismoaren, eskuin muturraren eta populismo autoritarioaren goraldiaz ohartarazi dute feministek, eta erantsi dute goraldi hori «erreakzio patriarkal bortitz» baten eskutik datorrela. «Horrek aurka egin nahi die feminismoari, bere lorpenei, emakumeen eskubideei eta beste hainbat borroka soziali, hala nola LGTBIQ+ komunitateari», zehaztu dute, eta azaldu horren arrazoia dela «iraultza feminista inpugnazio bat» dela «euren proiektu patriarkal, neoliberal, arrazista, kolonialista, kapazitista, transfobo, euskarafobo, supremazista eta ekozidaren aurka».

Kide feministak antolatzen ari dira oldarraldi horri ateak ixteko. Horregatik, Bilbotik «ahizpatasunezko besarkada bat» bidali diete munduko edozein lurraldetan faxismoei eta fundamentalismoei aurre egiten ari diren kideei, besteak beste Argentinako, El Salvadorko, Ameriketako Estatu Batuetako eta Kongoko kideei. Hala ere, gogoratu dute faxismoa ez dagoela «hain urrun», eta, munduko beste hainbat tokitan bezala, azken urteotan eskuin muturrak aurrera egin duela «hurbileko parlamentuetan».

«Polarizazio izugarria»

«Adierazpen askatasuna erabiltzen ari dira, eta ideia feministak instrumentalizatzen ari dira gorroto diskurtsoak sustatzeko eta matxismoa, homofobia eta xenofobia legitimatzeko», salatu dute. Diskurtso horiek «instituzioetan, kaleetan, auzoetan, lantokietan eta unibertsitateetan» ari dira zabaltzen, eta «polarizazio izugarria» eragiten ari dira. Horrek indarkeria erreakzionarioa areagotzea dakar, «batez ere, emakume migratuen, arrazializatuen, transen eta bolleren kontra».

Feministek argi esan dute bakarka ezin diotela egoerari aurre egin. «Horrelaxe nahi gaituzte faxistek: bakartuta, desmobilizatuta, itxaropenik gabe». Mugimendu feministak, baina, denbora darama kontrakoa egiten: «Denbora asko daramagu borrokan, eta orain ez gara geldi geratuko: mobilizatzen jarraituko dugu». «Ausardia feminista» aldarrikatu dute, beldurra menderatzeko, isiltasuna hausteko, eta eta atzerantz eraman nahi dituzten «matxiruloei» aurre egiteko. «Borroka feministak hamarkadak daramatza jendearen bizitzak aldatzen; izan dezagun horretan jarraitzeko ausardia, eta sor dezagun dena aldatuko duen indar hori». Horretarako, mugimendu «sendoa, kritikoa eta antolatua» behar dutela jakinarazi dute, kide feministei mugimendura batzera dei eginez.

Aldarrikapen zehatzak ere egin dituzte udaletxearen aurrean. Indarkeria matxistarik gabeko bizitzak exijitu dituzte, baita «zaintza sistema publiko komunitarioa» ere. Horrez gain, Euskal Herria «harrera herri bat» izan dadin nahi dute, eta Bilbon emakumeen etxe bat ere bai. «Gaur berriro oihukatuko dugu Atzerritarren Legeak egunero hiltzen duela jendea».

Mahai gainean jarri dituzte ere nekropolitikak. Argi utzi dute ez dutela nahi gerra industria gehiago Euskal Herrian, ezta defentsa aurrekontua handitzea ere. Gerra «bakez» mozorrotzen dutenei, zera esan diete: «Ibaitik itsasora, Palestina aurrera!». Beste eskaera bat ere egin diete manifestaziora joan diren feministei: «Adineko emakumeekin dugun zor patriarkala ordaintzeko garaia da, eta horregatik pentsiodunen herri ekinaldi legegilea sinatzera animatzen zaituztegu».

Amuge Euskadiko Emakume Ijitoen Elkarteak hitza hartu du protestaren amaieran, eta Basauriko sutean kaltetutako familiak jasaten ari diren egoera salatu du. «22 familia kalean daude, bizitoki alternatiborik gabe; mugimendu feministak ezin du beste aldera begiratu». Hain justu, «feminismo intersekzional eta eraldatzailea» aldarrikatu dute. 

Ekitaldian, hainbat pentsalari feministen hitzak ekarri dituzte gogora. Besteak beste, gogorarazi dute Angela Davisen arabera «itxaropena diziplina bat» dela, eta Audre Lordek dioela «nagusiaren tresnek» ez dutela «inoiz nagusiaren etxea suntsituko». La Basuk eman dio amaiera ekitaldiari. Bartolo abestia kantatzeaz gain, egun honetarako propio sortutako kanta abestu zuen: «Faxismoaren aurka, ausardia feminista, altxa ukabila!».

 

Faxismoaren aurka aliantza transfeminista antolatzera deitu dute Baionan

Mobilizazio feminista Baionan, larunbat arratsalde honetan. GUILLAUME FAUVEAU
Mobilizazio feminista Baionan, larunbat arratsalde honetan. GUILLAUME FAUVEAU

Azken hamarkadetan Martxoaren 8 batez Baionan izan den mobilizazio jendetsuena antolatu dute Ipar Euskal Herriko mugimendu feministak. 1.300 pertsonak parte hartu dute Faxismoaren kontra, ausardia eta aliantza transfeminista lelopean antolatutako manifestazioan. Indartsu hartu dituzte Baionako karrikak borroka feministatik faxismoari aurre egiteko asmoa agertuta. Ezkerreko alderdietako ordezkariek eta sindikatu nagusiek hartu dute parte protestan. Festa giroan amaitu dute eguna, Planning Familial elkarteak antolatutako kontzertuekin.

Baionako geltokian zuten egina deialdia arratsaldean. Protesta abiatu aitzin, ke pote ubelak piztu dituzte burua estalia zeramaten hainbat emakumek, eta iaz Euskal Herrian hildako emakumeen izenak oihukatu dituzte: Eneritz, Yaneli, Leonor, Kayle,  Laure, Mirentxu, eta beste bi anonimo. Batukadaren harrabotsak eta manifestarien oihuek osatu dute indarkeria matxistaren biktimei egindako omenaldia.

Sutan kolektibo transfeministaren izenean, iazko urtean Ipar Euskal Herrian izandako «itsuskeriak» gaitzetsi ditu Aña Iriartek: bi feminizidio izan dira, bortxaketa bat baino gehiago, instituzio katolikoetan izandako abusuak azaleratu dira, sexu osasunaren Baionako arreta zentroa itxi dute, eraso transfoboak izan dira, eta mezu islamofoboak zabaldu dituzte karriketan. «Eskuin muturrak eta faxismoak euren maskara kendu eta bisaia agerian utzi dute; baina ez gaitezen engainatu: hor izan dira beti, askotariko formatan disimulaturik. Sare sozialetan eta Frantziako hedabideetan diskurtso erreakzionarioak konplexurik gabe zabaltzen ari diren honetan, aliantza antifaxista osatuko dugu transfeminismotik».

Segurtasunaren izenean feminismoa «instrumentalizatzen» dutenak ere gaitzetsi ditu, eta «arrazismoa eta islamofobia elikatzeko baizik balio ez duen femonazionalismoa» salatu. Eta Poliziaren kontra ere egin du: «Ez dira sekula aterabidea izanen. Polizia konplizea da!».

Gizonen pribilegioak zalantzan jartzeak oldarraldi erreakzionario bat ekarri duela iritzi diote feministek. Azaroaren 25ean errandakoa errepikatu diete gizonei: «Ez bazara konponbidea, arazoa zara. Eta, zoritxarrez, arazo izaten jarraitzen duzue. Emazte, trans eta bolleron zapalkuntza betikotzen duen sistemaren sostengua zarete».

Oro har, feministek erran dute «bizitza hiltzen» duen sistema baten kontra borrokan ari direla. «Bortizkeriarik bortitzenek zeharkatzen dute gure egunerokoa. Testuinguru horretan, feminismoak erakutsi digu pertsonala politikoa dela: errenta ordaindu ahal ez izatea bortizkeria da; hegoalde globala ustiatzea bortizkeria da; gizonen aliantza bortizkeria da». Horren aurka, fronte transfeminista antolatu eta gizarte mugimenduekin aliantzak egitera deitu dute.

 

Indarkeria sexistari eusten dion sistema zapaltzailea salatu du mugimendu feministak, Iruñean

Martxoaren 8ko manifestazioa Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Martxoaren 8ko manifestazioa Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU

Mugimendu feministak pauso bat ematen duen bakoitzean bueltan «oldarraldi erreakzionario» bat jasotzen dutela adierazi dute gaur, Iruñean egindako manifestazioan. Azaldu dutenez, zapalkuntza mekanismo berriak agertu dira, eta horiek ezin dira dikotomia sinpleetan ulertu: «Berriro ere Euskal Herriko kaleetara atera gara indarkeria sexistari eusten dion sistema zapaltzailea salatzeko, krisi ekosoziala eta immigrazio politika arrazista eta kolonialak iraunarazten dituenaren aurka».

Gasteizen eta Donostian bezala, Nafarroako hiriburuan ere Faxismoaren aurka, ausardia eta aliantza feministak! lelopean egin dute mobilizazioa, Antoniutti parketik abiatuta. Gogoratu dute sare sozialetan, prentsan, kalean eta proposamen politikoetan ikus daitekeela eskuin muturraren, faxismoaren eta jarrera erreakzionarioen gorakada. Eta ez dela urruneko zerbait, ezkerreko sektore batzuetan ere antzeman daitekeelako diskurtso arrazisten gorakada. 

Adierazi dute mugimendu feministak urte luzez egindako lanaren emaitza direla garaipen ugari, baina oraindik bidea dagoela egiteko. «Feminismoarekin posizionatzeko ausardia aldarrikatzen dugu, norbere erosotasunetik ateratzeko aldarri gisa eta erresistentzia eta ofentsibarako lubaki gisa», erran dute.

Aliantzak egiten jarraitzera dei egin dute: «Aspaldi ekin genion bide honi, eta ez dugu inolako asmorik atzerapausorik emateko. Faxismoaren kontra, ausardia eta aliantza feministaz armaturik gaude».

 

Feminismoarekin posizionatzeko ausardia aldarrikatu dute kolektibo feministek Gasteizen

M8 Gasteizen

Feminismoarekin posizionatzeko ausardia aldarrikatu dute Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU

Gasteizko mugimendu feminista, pentsiodunak, gazte feministak, sexu langileak, Emakumeak Gerraren Aurka taldea, Afrikako emakumeen plataforma eta Auzoan Bizi taldea. Kolektibo horien guztien aldarrikapenak atera dituzte kalera gaur Gasteizen, Faxismoaren aurka, ausardia eta aliantza feministak! lelopean; mugimendu feministak Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira egindako manifestazioan.

Feminismoarekin posizionatzeko ausardia aldarrikatu dute martxa horrekin; izan ere, haien irudiko, feminismoa ezinbertzekoa da «eraldaketarako proposamen integralak» egiteko.

Gogora ekarri dute 2023ko azaroaren 30ean egindako greba feminista orokorra, eta azpimarratu geroztik aldaketa handirik ez dela gertatu. Are, erran dute herriz herri, auzoz auzo mapatzeak egiten ari direla, Arabako herri akordioa osatu eta instituzioei eskari zehatzak egiteko.

Salatu dute sistema zisheteropatriarkal, kapitalista, kolonial eta arrazistak «birfundatzen» jarraitzen dutela. «Ez da soilik urrutiko zerbait; eskuinetik datorrena ez da mugimendu estanko bat. Ezkerreko sektore batzuetan ere ari gara ikusten feminismoaren kontrako jarrerak, sexu langileen aurkako posizioak, jarrera esentzialistak, mezu transfoboak edota diskurtso arrazisten gorakada, sistema honen sostengurako ezinbesteko harreman eta ideiak sortzen eta hedatzen dituztelarik», gehitu dute.

Hortaz, eskaera eta aldarrikapen zehatzak egin dituzte, bertzeak bertze: Afrikako emakumeen kolektiboak gizartean errotutako aurreiritzi arrazistei aurre egiteko konpromiso zehatzak eskatu ditu; Emakumeak Gerraren Aurka taldeak, berriz, gogora ekarri ditu munduan barrena hainbat gatazkatan borrokan eta erresistentzian dabiltzan kideak, eta premiazkotzat jo dute gizartea desmilitarizatzea, baita Euskal Herriko industria militarra gizarte onurako ekoizpen zibil bihurtzea ere.

 

Gizarte feminista bat eraikitzeko indarrak batzera dei egin dute feministek Donostian

Donostiako manifestazioan jendetza bildu du mugimendu feministak. JON URBE / FOKU
Donostiako manifestazioan jendetza bildu du mugimendu feministak. JON URBE / FOKU

«Elkartu gaitezen, saretu gaitezen herriz herri eta asanbladaz asanblada. Batu ditzagun indarrak herri eta gizarte feminista bat eraikitzera bidean», adierazi dute mugimendu feministak Donostian egindako manifestazioan. Faxismoaren kontra, ausardia eta aliantza feministak! lelopean, azpimarratu dute desberdinkeriek bere horretan dirautela. Era berean, gogorarazi dute jarrera erreakzionarioen gorakada eskuinetik datorrela, baina ezkerreko sektore batzuetan ere agertzen hasia dela «feminismoaren kontrako jarrera».

«Hainbat ardatz eta alorretan, zenbait mekanismoren bitartez, askotariko zapalkuntza eta esplotazio egoerak jasan behar ditugu», erran dute. Hortaz, ezinbertzekoa zaie feminismoa ezkerreko borroken erdigunera eramatea, hiru ardatzetan arreta berezia jarriz: indarkeria matxista, krisi ekosoziala eta sistema arrazista.

Are, Donostiako kasuan bereziki salatu dute «metaketa kapitalistaren zerbitzura» jarri dutela hiria, turismoaren mesedetara. Horregatik, funtsezkotzat jo dute hiriko zenbait gune defendatzea, hala nola Emakumeen Etxea. Sistema arrazista eta kolonialari dagokionez, hiriburuan migratzaileen kontra gertatzen ari den «oldarraldi arrazistan» jarri dute arreta: «Turismoaren mesedetara eta atzerritar zuri boteretsuen zerbitzura jarri dute hiria, eta, botere kolonialisten ondorioz, gure komunitatea eta lurraldea eraikitzera datozenei arrazakeriaz eta indarkeriaz tratatzen zaie».

Horregatik guztiagatik, kaleak hartzera dei egin dute: «Faxismoaren kontra, ausardia eta aliantza feministez armaturik gaude».

 

Nafarroako Gobernuak dei egin du indarkeria matxista ukatzen duten mezuei aurre egitera

Nafarroako Gobernuak Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira egindako ekitaldia. NAFARROAKO GOBERNUA
Nafarroako Gobernuak Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira egindako ekitaldia. NAFARROAKO GOBERNUA

«Berdintasunaren arloan izandako lorpen eta aurrerapen guztien aurkako erreakzio gisa, azken urteetan indar handia hartu dute aurrerapen horiek kriminalizatu nahi dituzten diskurtso matxistek. Kontakizun horiek informazio faltsua erabiltzen dute, eta ukatu egiten dute desberdinkeriak daudela», adierazi du Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidenteak. Haren erranetan, beharrezkoa da desinformazioari eta gezurrei aurre egitea, eta, horretarako, informazio zorrotza erabiltzea da gakoa.

Nafarroako Gobernuak elkarretaratzea egin du eguerdian, Nafarroako Jauregiaren aitzinean. Txibitek ez ezik, Unai Hualde parlamentuko presidenteak ere hartu du hitza: «Berdintasuna ez da emakumeen kontua: herritar guztien konpromisoa eskatzen du. Berdintasuna oinarrizko giza eskubidea da, eta, gainera, ezinbestekoa da gizarte baketsua bermatzeko eta emakumeentzat eta gizonentzat giza potentzial osoa lortzeko».

Agerraldian erran dutenez, anitz dira berdintasunaren arloan egindako aurrerapausoak gaitzesteko erabiltzen diren bideak, hala nola: datuak manipulatzea; feminismoa, berdintasuna eta bestelako kontzeptuak desitxuratzea; soldata arrakala dagoela ukatzea, eta emakumeen aurkako indarkeria hutsaltzea. Horiei aurre egiteko, «politika publiko feministak» bultzatzen jarraituko dutela adierazi dute: «Soilik horrela eginen dugu aurrera gizarte guztiz demokratiko baterantz: berdinzalea, inklusiboa eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabea».

 

Afganistango emakumeei elkartasuna adierazi die Plazandreok-ek

Emakumeen Nazioarteko Egunean Afganistango emakumeei elkartasuna adierazi die Plazandreok emakumeen plataforma politikoak. Donostiako San Martin merkatuaren inguruan egin dute ekintza: «Afganistango emakume eta neskatoen egoera kritikoa da 2021eko abuztuan talibanak boterera iritsi ondoren. Herrialdea hondatzen ari zen krisi humanitario suntsitzaileari giza eskubideen urraketa sistematikoa eta errepresioa batu zaizkio».

Adierazi dutenez, nazioarteko komunitateak egoera hori salatu du, eta bertako agintariei eskatu diete lege diskriminatzaileak indargabetzeko eta emaztekien zein bertze kolektibo batzuen giza eskubideak errespetatzeko neurriak ezartzeko. 

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (2)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.