Hasi dira biktimak deklaratzen. 1990ko eta 2000 urteetan Kote Cabezudo argazkilariarekin modelo jardun ostean haren kontrako salaketak jarrita dituzten andreen txanda da orain Gipuzkoako Probintzia Auzitegian. Gaur hiru andrek deklaratu dute, eta datorren astean berriz epaiketa hasiko da biktima gehiagoren lekukotasunekin. Hamasei emakume fiskalak ordezkatuta ari dira, eta akusazio partikularrak ordezkatuta hamalau; eman du preskribatuta daude lau kasuren berri ere.
Prentsak gaur ez du auzi aretoan sartzeko erarik izan; biktimen intimitatea babeste aldera, ateak itxita egin dira gaurko deklarazio hartzeak. Une jakin batean kazetariei jakinarazi zaie aretoan esaten ari zirena entzuteko era izango zutela, baina gero atzera bota dira epaimahaiko arduradunak. Audioa bakarrik helarazteko arazoak «teknikoak» zeudela azaldu du gero fiskalak, norbaitek irudia ere hartzeko arriskua egon zitekeela, eta horregatik ez dela baimendu gaur deklarazioak entzuteko erarik. Adierazi du espero dutela heldu den astelehenerako konponduta izatea arazoa.
Saioaren amaieran hitza hartu du fiskalak. Adierazi du «sinesgarriak» egin zaizkiola guztiz emakumeen lekukotasunak, eta «kontraesanik» ez dela egon esan dituztenen artean. Nolanahi ere, gogorarazi du epaimahaiak neurtu beharko dituela orain ondo emakumeen hitzak, epaiketan hitz egingo duten lekuko eta perituenak, eta horien guztien arabera ebatziko duela sententzia bat. Asko falta da oraindik horretarako. Hasi besterik ez da egin epaiketa, beste lau aste geratzen dira. Akusazio partikularreko abokatu Mario Diezek adierazi du emakumeek salatzen dituztenak berresteko irudiak ere badaudela. «Esaterako, objektiboa da haur pornografia sortu zuela. Objektiboa da modelo hainbat, Cabezudorekin argazkian egin zituztenean, adingabeak zirela... Nahi duena esan dezake argazkilariak, baina nortasun agirietako datuak hortxe daude, eta perituek egiaztatutako informazioak ere bai». Lekukotasunen antzekotasunak ere egiazkotasunerako zantzu argiak ematen dituela adierazi du abokatuak.
Gaur deklaratu duten andreek eman dute behar adinako informazioa jaso gabe egindako argazkien berri, eta gero Interneten irudi horiek argazkilariak era okerrean erabili zituela adierazo dute. Biktimetako bat adingabea zela erretratatu zuen, biluzik.
Akusatuak berak asteartean izan zuen epaimahaiaren aurrean hitz egiteko era; guztiz ukatu zituen emakumeen kontrako erasoak, haien baimenik gabe egindako argazkiak. Beti ere, modeloek kontratupean jarduten zutela esan zuen, zer egin behar zuten ondo zekitela, eta adingabeen kasuan gurasoak ere jakinaren gainean egoten zirela. Bera argazki saioetan «orkestra zuzendaria» izaten zela esan zuen, «zuzendu» besterik ez zituela egiten modeloak, eta guztiz adostuta egoten zela dena aurrez haiekin. Deliturik egin izana ukatu zuen, eta arazoa egungo gizartearen begiradan dagoela ulertarazi nahi izan zuen, irudi «biluzien» aurrean lehen gizartea ulerberagoa zela adierazita. Ukatu egin zuen, gainera, «pornografia» egin izana, bere irudietan deus «desatsegina» ez zela agertzen argudiatuta. Egozten dizkioten delituen artean daude, ordea, erasoak, iruzurrak intimitatearen aurka egitea, eta haur pornografia sortzea.
Epaiketaren hasierarekin batera, astelehenean, elkarretaratze bat egin zuen biktimen inguruan ehundutako Indarka plataformak auzitegi aurrean. Gaur ohar bat atera dute; auzitegian deklaratu beharrak, berriz, jazo zen dena bizi beharrak, «urduritasuna» sortzen diela adierazi dute eta gogora ekarri dute, gainera, adingabe zirenean izan zutela askok Cabezudorekin hartu-emana.
Oroitu behar da argazkilari ezaguna zela Cabezudo orain dela urte batzuka, modaren munduan sona bazuena. Apurka-apurka, erotismoarekin gero eta lotuagoa jardun zuen. Oraingo epaiketa honetan Cabezudoren kontrako auzibide nagusia epaitzen ari dira, baina ez da bakarra. Aurrez ja zigortu dute andreek bere kontra jarritako salaketekin lotutako hainbat deliturengatik.