Elkartzeko gune bat da, euskaraz egindako nazioarteko ikerketa azaltzekoa eta proiektu berriei bidea zabaltzekoa. Horixe da, hitz gutxitan esanda, Ikergazte ikertzaile gazteen kongresua. Atzo hasi zen bosgarren aldia, eta bihar arte 200 ikertzaile baino gehiago bilduko dira Donostiako Kursaalean, UEU Udako Euskal Unibertsitateak antolatuta.
V. Ikergazte honetan, euskarazko 155 lan aurkeztuko dituzte ikertzaile gazteek —170 lan jaso zituzten antolatzaileek, baina ez dituzte guztiak onartu—. Ohar bidez nabarmendu dutenez, «sekula baino gehiago» izan dira. Bestelako hitzaldiak eta jarduerak ere izango dituzte aukeran.
Pandemia ostean mugarik gabe egindako lehenengo Ikergazte izango da, eta kongresuko koordinatzaile Olatz Arbelaitzek nabarmendu duenez, Ikergazteren «esentzia» berreskuratu dute: «Berriro gure esentziara bueltatu gara: ikertzaileen artean sortuko diren harreman horiek bultzatuko ditugu». Hain zuzen, horixe baita kongresuaren xedeetako bat, ikertzaileek elkar ezagutzea, eta, ondorioz, sareak irutea: «Uste dugu komunitatea sortzeko eta ideia trukerako bereziki ona eta aberasgarria dela».
Ikusi gehiago:Begoña Altuna, EHUko ikertzailea: «Clariah-eus pertsonen, baliabideen eta tresnen sare bat izango da»
Gainera, Ikergazteren ezaugarrietako bat da «diziplinartekoa» dela eta ikertzaileek aukera dutela beste jakintza arloetako kideekin topo egiteko. Aurten, lan gehienak zientzia zehatzetakoak eta natur zientzietakoak dira (53), eta, aldiz, gutxiago dira gainerako jakintza arloetakoak: gizarte zientzietakoak eta zuzenbidekoak (32), ingeniaritzakoak eta arkitekturakoak (30), osasun zientzietakoak (23) eta giza zientzietakoak eta artekoak (hamazazpi).
Zein ekarpen egiten du horrek? Batetik, Arbelaitzen hitzetan, ikertzaileei eskatzen die beren lana «modu sinpleago» batean azaltzea, «dibulgatzaileagoa» izatea, jendeak uler dezan. Beste aldetik, jende desberdina ezagutzeko parada da: «Ezagut dezakezu jende bat, bestela sekula ezagutuko ez zenukeena, ez duelako zure gai bera ikertzen». Eta nabarmendu du horrela ikerketa lerro berriak ere zabaldu daitezkeela.
Izan ere, Ikergazte ez da hiru egunean amaitzen den kongresu soil bat. Arbelaitzen esanetan, emaitza esanguratsuak izan ditu orain arte: «Ikusita daukagu Ikergazteri esker euskarazko produkzio zientifikoa handitu egin dela». Ekarpena, baina, ez da ekoizpen zientifikoan amaitzen. Arbelaitzek ziurtatu duenez, euskararen normalizazioan ere jartzen dute alea: «Lan zientifikoa hor dago, baina baita hizkuntzari dagokiona ere: hiztegi berria ere sortzen da, eta hori euskal komunitate osoari egiten zaion ekarpen bat da».
Berrikuntzekin
Aurten, gainera, elkar eragitea gehiago sustatu nahi dutela azaldu du Arbelaitzek: diziplinarteko proiektuen deialdi bat egingo dute ekainean. Azaldu duenez, taldeek gutxienez hiru ikertzaile izan beharko dituzte, jakintza arlo eta zentro diferenteetakoak: «Elkar ezagutzea bultzatu dugu orain arte; honekin, elkarlana bultzatu nahi dugu».
Iruditzen zaio, gainera, «aukera bat» izango dela ikertzaile gazte horientzat: «Egoten diren proiektu lehiakorretan normalean ez dute izaten aukerarik proiektu bat zuzentzeko, merkatuaren arauek curriculum osatuenak saretzen dituztelako».
Ikergaztez aparte, Arbelaitz ikertzaile gazteen egoeraz ere aritu da: «Uste dut egun ikerlariek kasik bizitzeko zailtasunak dituztela, zeren soldata baxuak jasotzen baitituzte». Euskaldunek, areago: «Ikertzaile gazteak derrigortuta daude merkatuaren arauetan jokatzera. Euskaraz egindako produkzio zientifikoa oso gutxi baloratzen da merkatu hizkuntza horretan».
Hasi da V. Ikergazte, euskal ikerlari gazteen plaza eta topalekua
Atzo hasi eta bihar arte, 200 ikerlari gazte baino gehiago bilduko dira Donostian, UEUk antolatutako Ikergazte kongresuan. Bosgarren aldian, euskarazko 155 ikerketa lan aurkeztuko dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu