Udaltop Euskal Herri osoko udaletako euskara zerbitzuen topaketak hasi dira gaur, Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean (Gipuzkoa). Bihar amaituko dira, eta 16 urte bitartekoentzat hizkuntza politika egokia antolatzeko gakoak ematea eta horri buruz hausnartzea izango du helburu. Izan ere, galdera hau du oinarrian topaketak: «Eskolak bakarrik ezin badu... Zer eta nola egin behar dugu udalerrian hobeto 16 urte bitartekoentzat hizkuntza politika egokia antolatzeko?».
XIV. Udaltop da aurtengoa, eta parte hartzaileek aurrez aurre zein online ikusteko aukera dute. Jardunaldian, besteak beste, euskara zerbitzuen esperientziak trukatzea, esperientzia horiek nola hobetu hausnartzea, eta esperientzia berriak elkarlanean abiatzea dute helburu, euskara zerbitzuek egiten duten lana hobetzeko asmoz.
Horretarako, hitzaldiak, mahai inguruak eta talde lanak antolatu dituzte bi egunetarako, eta hitzaldien artean jartzeko bideo-testigantza batzuk ere egin dituzte. Horrela, parte hartzaileek aurtengo gaiarekin lotura duten «praktika onak» ezagutzeko aukera izango dute.
Pilar Kaltzada Gonzalezek aurkeztuko du Udaltop, eta Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, eta Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak Hego Euskal Herriko ikuspegi orokorra emango dute. Xan Aire Seaska-Ikastolen Elkarteko ordezkariak, berriz, Ipar Euskal Herrian haur eta nerabeen euskarazko errealitatea hobetzeko gakoak emango ditu.
Gaia lantzeko, baina, ez diote Euskal Herriko egoerari bakarrik begiratuko, eta Kataluniari ere erreparatuko diote. Izan ere, Marina Gay i Faura Omniun Cultural elkarteko kideak eta Jesus Vinyas i Cirera Kataluniako Eskola Kontseiluko kideak katalanaren erabilera indartzeko 67 hobekuntza proposamen egingo dituzte.
Bihar, ordea, eskola orduz kanpoko jardueretan jarriko dute arreta. Horretarako, Joseba Suberbiola Soziolinguistika Klusterreko kidea «hiztun hobeak» sortzeko moduez arituko da. Horrez gain, Edurne Otamendi Garmendia eta Rakel Romero Martinez de Zabarte Donostiako eta Gasteizko udaletako euskara zerbitzuetako kideek udalerrietan 16 urte bitartekoentzat hizkuntza politika egiteko tresnak emango dituzte.
Topaketari amaiera emateko, parte hartzaileek talde lanak egingo dituzte, eta Mirari Martiarena Iraolaren eta Idoia Torregarai Martijaren binakako bakarrizketa bat ikusteko aukera izango dute.