Etzi urtebete beteko da urriaren 7tik, Israelek Gazaren aurkako sarraskia hasi zuenetik. Horren harira, Euskal Herriko Palestinaren aldeko hainbat ekintzailek protestak antolatu dituzte gaurko: 12:00etan, Bilbon, Jesusen Bihotzetik hasita abiatu da manifestazio bat, eta 18:00etan abiatu da beste bat Iruñean, Golem zinemen ataritik. Palestinar erresistentziaren aldeko aldarria egingo dute, baita elkartasuna adierazi ere.
Ikusi gehiago
Jendea pixkanaka-pixkanaka bildu da Jesusen Bihotzaren inguruan. Manifestazioa abiatzerako, Eneko Callek, Palestinarekin Elkartasuna plataformako kideak, hartu du hitza. Israelen jarrera kritikatu du: «Azken egunotan, agerian geratu da Israelek ez duela bakerik nahi, eta gerra eskualde osora eramatea duela helburu». Protestarekin, bi xede dituzte: Palestinako erresistentziari erabateko babesa adieraztea eta Israeli eta haren konplizeei aurre egitea. Manifestazioa 12:00etan hastekoa zen, baina antolatzaileek jakinarazi dute pixka bat geroago abiatuko zela.
Manifestazioa atzerapenez hasiko dela iragarri dute antolatzaileek. Lehenengo oihuak hasi dira @berriapic.twitter.com/dXcfd10k1z
— Gotzon Hermosilla (@GotzonH) October 5, 2024
12:30 aldean abiatu dira azkenean. Jendetza batu da Bilboko kaleetan, eta bertan izan da, besteak beste, Atef Abu Saif idazle palestinarra eta PAN Palestinako Aginte Nazionaleko Kultura ministro ohia. Israelen aurkako eta Palestinaren aldeko oihuak nagusitu dira: «Boikot Israel! Palestina askatu!». Hauxe da manifestaziorako aukeratu duten leloa: Palestinar erresistentzia babestu. Israel eta bere konplizeei aurre egin.
Manifestazioa abiatu da. Aurrean, ikurrina eta Palestinako ikurra. Gero, pankarta nagusia. Atzean, milaka lagun @berriapic.twitter.com/S8mLNGgT1G
— Gotzon Hermosilla (@GotzonH) October 5, 2024
Bilbon, milaka lagunek egin dute bat aldarriekin; manifestazioaren burua Plaza Eliptikora iritsi denen, abiapuntuan jendea zegoen oraindik.
Jendetza dago manifestazioan. Plaza Eliptikora iritsi da, eta abiapuntuan oraindik jendea dago @berriapic.twitter.com/ajEzNomIn4
— Gotzon Hermosilla (@GotzonH) October 5, 2024
Hasi eta ordubete ingurura iritsi da manifestazioa amaierako lekura, Bilboko udaletxearen atarira. Eta bertan irakurri dute adierazpena: «Israelek ez du nahikoa herri palestinarra desagerrarazten saiatzearekin. Sionismoa proiektu supremazista eta espantsionista da, eta bere lurralde goseak ez du mugarik».
Boikoterako deia eginez eta "ibaitik itsasorainoko Palestina askea" aldarrikatuz amaitu da ekitaldia @berriapic.twitter.com/vtG2m0b4cR
— Gotzon Hermosilla (@GotzonH) October 5, 2024