Ofizialki abiatua da kantonamenduetako bozen kanpaina. Atzo hasi eta martxoaren 19a arte iraunen du, hots, hauteskundeen lehen itzuliaren bezpera arte. Hala eta guztiz ere, kanpaina giroa jada sendi zen azken asteetan. Prentsaurreko ala bilkura publikoen egiten ari dira bat ala bestea, bakoitzak bere mezua zabaltzea duela helburu. Ipar Euskal Herriari doakionez, hamar kantonamenduetan eginen dituzte bozketak, beste hamaiketan 2008an egin zituztela. Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusirako kontseilariak izendatuko dituzte, eta, guztira, 72 hautagai dira lehian.
Orain arte, eta funtsean betidanik, eskuinak du gehiengoa ukan Kontseilu Nagusian. Hori dela eta, gehiengoa lortzeko gosearekin ari da buru-belarri alderdi sozialista, aldi honetan ez badu lortzen inoiz ez duelako lortuko. Betiko azkenak izanen direlako martxoaren 20 eta 27ko bozketak. Hain zuzen, Frantziako Gobernuak bozkatu lurralde erreformak kontseilari nagusien desagerpena dakar 2014rako, eta ordutik aitzina, Lurralde kontseilariak dira izendatuko.Horiek Kontseilu Nagusian eta Eskualde- ko Kontseiluan ukanen dute aulkia.
2004an ez bezala, baturik dira ezkerreko abertzaleak, EH Bai koalizioaren barnean aurkezteko hautua egin zutelako Batasunak, ABk eta EAk. Kantonamendu batzuetan aurkezteko hautua egin du EAJk ere.
EH Bairen mezua, Pauera
EH Bairen ordezkariak Pauera joan ziren atzo goizean, Gure herrian Pirinioak euskaldunak dira mezua entzunaraztera. Ekintza horren bidez, Euskal Lurralde Elkargoaren aldarrikapena plazaratu nahi zuten. Kanpainan zehar, Ipar Euskal Herriaren ezagupen instituzionalaren eskakizuna ozen entzunaraziko du EH Baik.
Kontseilu Nagusiak Pauen duen egoitzaren aitzinean egin zuten aldarrikapena.
Hasi da ofizialki kantonamenduetako bozen kanpaina
EH Baik Kontseilu Nagusiaren egoitzaren aitzinera eraman du Euskal Lurralde Elkargoaren eskakizuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu