Hasi da lurra kolorea hartzen

Gaur urtebete piztu zen Nafarroan azken 30 urteetan izandako suterik handiena: 3.538 hektarea erre zituen. Kalte nagusiak arintzeko lan premiazkoenak eginak dituzte. (Bideoa albistearen amaieran).

Nafarroako Gobernuko ingurumeneko teknikari bat eta Tafallako alkatea, kaltetutako eremua ikuskatzen, atzo, Puiun. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Puiu
2017ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun

Gaur da urtebete Nafarroan sute handi bat piztu zela: Puiuko, Tafallako, Añorbeko, Artaxoako, Garinoaingo eta Barasoaingo (Nafarroa) lurrak kiskali zituen. Nafarroan azken 30 urteetan piztutako suterik handiena izan zen, eta 3.538 hektarea erre zituen. Urtebete pasatu da ordutik, eta lurra hasi da pixkanaka leheneratzen; errautsen kolore beltza ari da berde edo hori bihurtzen.

Kalte nagusiak arintzeko lan premiazkoenak egin ditu Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuak. Urtarrilean hasi zituzten lanak, eta uztailaren bukaeran amaitu. Gobernuko ingurumen arduradunek eta suhiltzaileek bisita egin zuten atzo suak hondatutako eremura.

Lanak hasi baino ez dira egin. Eva Garcia Ingurumeneko eta Lurralde Antolamenduko zuzendariak azaldu du «azterketa lasaia» egin behar dela eta ekintzak «epe ertainera edo luzera» egin behar direla. «Eremuan esku hartuko dugu, baina, lehenbizi, garrantzitsua da naturak bere kabuz zer egin dezakeen ikustea».

Hala ere, Nafarroako Gobernuko teknikariek gertutik jarraitzen dute eremuaren bilakaera, eta pozik daude, erritmo onean baitoa.

Suak ez zituen eremu guztiak berdin hondatu, ordea, eta, horregatik, denak ez dira ari berdin leheneratzen. Erretako mendiaren %80 modu naturalean ari da bere onera etortzen, bizirik iraun duen begetazioaren kimuetatik. Suak gehien hondatutako eremuetan, zuhaitzen adarrak guztiz erre ziren lekuetan, kimuak oinarrian ateratzen ari dira. Kalte gutxiago jaso zuten zuhaiztietan, berriz, kimuak adaburuetan daude. Basozainen arabera, 75 urte edo gehiago igaro daitezke paisaiak lehengo itxura berreskuratu arte. Inoiz berreskuratzen badu.

Kiskalitako zuhaizti autoktonoari dagokionez, haien bilakaera ikusi eta moztu egin dituzte kimurik ez zutenak, hilik zeudenak.

Lurra berritzeko beharra

Aldi berean, landaketak ere egin dituzte. Aurretik higadura arazoak zeuden lekuetan, suak berebiziko kaltea egin ez zuen arren, lurra egoera txarrean zegoen, eta 63.500 landare jarri dituzte: guztira, 70 hektarea. Artea, erkametza, olibondoa, almendrondoa, alepo pinua, patxarana, ezkaia, intxaurrondoa eta lizarra landatu dituzte, besteak beste. Horrela, lortu dute suak eragindako substratu galera arintzea.

Neurri horiekin batera, mendi-bideak hobetu eta ganaduarentzako itxiturak berritu dituzte. Gainera, faunaren azterketa ere egiten ari dira; izan ere, txikiagotu egin da espezieen kopurua.

Garciak azpimarratu du «zuhurtziaz» jokatu behar dela; izan ere, leheneratze prozesuaren hasierako fasea baino ez da oraingoa. Hurrengo asteetan, xehetasunez ebaluatuko dituzte hondamendiari erantzuteko hartutako neurriak, eta lehengoratzerako bigarren fasean egin beharreko lanak aztertuko dituzte.

AP-15 autobidearen erdibitzailean piztu zen sua, Puiu eta Tafalla artean, eta, haize bolada gogorren eraginez, azkar hedatu zen Artaxoarantz. Foruzaingoak zigarrokin bat aurkitu zuen sua piztu zen lekuan, eta DNA ere topatu zuten, baina ezin izan zen zigarrokina jaurti zuena identifikatu.

Bideoa: Erretako lurrak, urtebete pasatu ostean (Argazki Press).

[youtube]https://youtu.be/IA1LzShwGC4[/youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.