Nafarroako Gobernuko ingurumeneko arduradunek eta suhiltzaileek bisita egin dute gaur goizean 2016ko abuztuan suak kaltetutako eremura. Nafarroan azken 30 urteetan egon den suterik handiena izan zen, eta 2.347 hektarea erre zituen. Nafarroako Gobernuko teknikariek gertutik aztertzen dute eremuaren bilakaera, eta pozik agertu dira erritmo onean doalako.
[Youtube]https://youtu.be/IA1LzShwGC4[/Youtube]
Hala ere, suak ez zituen eremu guztiak berdin hondatu, eta, beraz, denak ez dira berdin leheneratzen ari. Erretako mendiaren %80 modu naturalean ari da bere onera etortzen, bizirik iraun zuen landarediaren kimuetatik. Kiskalitako zuhaizti autoktonoari dagokionez, haren bilakaera ikusi eta moztu egin dute kimurik ez zuena. Horrez gain, higadura arazoak zituzten eremuetan 63.500 landare landatu dituzte, guztira 70 hektarea.
Eva Garcia Ingurumeneko eta Lurralde Antolamenduko zuzendariak esan duenez, Erdialdeko Garapeneko Partzuergoarekin eta Puiu, Tafalla, Añorbe, Artaxoa, Barasoain eta Garinoaingo (Nafarroa) udalekin lanean aritu dira. Oraindik lanak ez dira amaitu, baina Garciak nabarmendu du "azterketa lasaia" egitea beharrezkoa dela eta ekintzak "epe ertainera edo luzera" egin behar direla. "Eremuan esku hartuko dugu, baina lehendabizi garrantzitsua da naturak bere kabuz zer egin dezakeen ikustea", gaineratu du Garziak.