Hasi da 23. Korrika: «Harrotu Euskal Herria, aurrera Korrika»

Lasterketara «irribarrez» joateko deia egin dute AEK-ko arduradunek, eta giro onean hasi da, Irunen, oso jendetsu; hizkuntza eskubideen aldarria egin dute hasiera ekitaldian

Lehen kilometroa AEK-ko irakasleek egin dute, jendearen txalo artean. JON URBE / FOKU
Lehen kilometroa AEK-ko irakasleek egin dute, jendearen txalo artean. JON URBE / FOKU
arantxa iraola
2024ko martxoaren 14a
17:20
Entzun

Abian da 23. Korrika. Iragarrita zegoen eran, 16:00etan atera da. Aurretik, lasterketa euskaltzaleko koordinatzaile Ane Elordik Korrikaren amaieran irakurriko den mezua sartu du lekukoan, zeina eskuz esku, euskaltzalez euskaltzale ibiliko baita, eta aurtengo ekinaldia martxan jarri du, leloa gogoan hartuta: «Harrotu Euskal Herria, aurrera Korrika». Ordurako jendez lepo zegoen Irungo San Joan plaza, eta une hunkigarriak izan dira. Lehen kilometroak Bidasoko AEK-ko irakasleek egin dituzte, txalo artean. Jendea erruz batu da espaloietan ere.

Lasterkaldia hasi aurretik, AEK-ko arduradunek hartu dute hitza. Txalaparta hotsen bidez erakarri dute jendearen arreta. Hizkuntza eskubideen defentsa egin dute; euskaraz egiteko zailtasunen gainean ohartarazi dute, eta Korrikaren bidez ahalduntzera deitu.

«Gaur egun handia da euskal komunitate osoarentzat, gu denontzat», adierazi dute. Lasterkaldiak Euskal Herria «ezker-eskuin» zeharkatuko duela gogoratu dute, eta bidea «irribarrez» egiteko eskatu dute, euskararen aldeko hautua «harro» aldarrikatzeko. Ane Elordirekin batera, Bidasoaldeko AEK-ko arduradun Beñat Alzagak hartu du hitza ekitaldi horretan.

Behin lasterkaldia hasita, lehen lerroan, Azterketak euskaraz mezua erakutsi dute hainbat korrikalarik. Hain justu ere, aurten Korrikak propio omendu ditu Ipar Euskal Herrian etsaminak euskaraz egin ahal izateko eskubidearen alde borrokan ari diren ikasle, irakasle eta familiak. Baxoa eta brebeta etsamin ezinbestekoak izaten dira ikasketa prozesuan aurrera egiteko, eta Frantziako hezkuntza agintariek trabaz bete izan dute horiek euskaraz egiteko bidea.

Lasterketan zehar ere maiz ekarri dute gogora aldarria: «Azterketak euskaraz!».

Osasun langileak, alderdi politikoetako ordezkariak, kultur eragileak, gazte mugimenduko ordezkariak, ikastetxeetakoak, sindikatuetakoak... Eragile askok eraman nahi izan dute lekukoa, giro onean.

 

Hondarribian ere oldeka ibili da jendea. Tartean, Jaizkibel konpainiak ere eraman du lekukoa, eta alarde parekidearen aldeko aldarria ozendu du.

Hendaiara egin du gero, eta, besteak beste, Azkainetik eta Uztaritzetik pasatuko da. Goizaldean helduko da Nafarroa Beherera, Aiherratik. Aurreko aldietan bezala, Euskal Herriko hamaika herri eta auzo igaroko ditu 11 egunean, Harro herri lelopean, eta, azkenean, Baionan emango diote amaiera. Guztira, 2.700 kilometro egingo dituzte aurten korrikalariek; iaz baino 620 gehiago, alegia.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.