Zazpi hilabete eskas falta dira, baina dagoeneko hasi dira datorren urteko ekainaren 8an Iruñea eta Durango batuko dituen giza katearen prestakuntza lanak. Gure Esku Dago plataforman parte hartzen dutenek 123 kilometroko giza katea egin nahi dute erabakitzeko eskubidearen alde, eta, hain kate luzea osatu ahal izateko, milaka katebegi behar dira, milaka herritarren sostengua eta konpromisoa. Mobilizaziorako deia atzo egin zuten, Durangoko Plateruena antzokian, eta lehenengo konpromisoak ere bildu zituzten.
Angel Oiarbidek eta Zelai Nikolasek aurkeztu zituzten deialdiaren nondik norakoak. Esan zutenez, datorren urtea «garrantzitsua» izango da herrien erabakitzeko eskubidea defendatzen dutenentzat, Eskoziak horren inguruko galdeketa antolatuko duelako eta Kataluniak ere gauza bera egiteko asmoa agertu duelako. Testuinguru horretan, mezu argia plazaratu nahi dute: «Herri gisa gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea dugu, erabakitzea herritarroi dagokigu, eta eskubide hori erabiltzeko borondate irmoa daukagu».
Gure Esku Dago plataformako kideek uste dute, norberaren proiektu politikotik harago, erabakitzeko eskubidea «askotariko sentsibilitateen elkargunea» izan daitekeela. Horregatik, herritarrengan utzi nahi dute eskubide horren aldeko lana «aktibatzeko» eginkizuna, eta jarduera hori «ahalik eta askotariko, zeharkako eta zabalena» izango dela iragarri zuten.
Parte hartzeko moduak
Giza kateak ez ditu Euskal Herriko herri guztiak zeharkatuko; hortaz, eskualde bakoitzari ibilbidearen puntu zehatz batzuk egokituko zaizkio, eskualde horretako herritarrak puntu horietara joan daitezen giza katea osatzen dela ziurtatze aldera.
Mobilizazioan parte hartu nahi dutenek bi bide dituzte horretarako: alde batetik, tokian tokiko plataformekin harremanetan jartzea dago. Plataforma bakoitzak zehaztuko die bere herriko lagunei ibilbidearen zein puntutan egon behar duten, datuak hartuko dizkie eta txartel bat emango die, hartutako konpromisoaren adierazgarri.
Parte hartzeko bigarren modua Interneten bidez da. Sarean Gureeskudago.net webgunean sartuta, giza katean parte hartu nahi duenak bere datuak eman beharko ditu, eta, eskualdearen arabera, automatikoki ibilbideko leku batzuk proposatuko zaizkio, horien artean bat aukera dezan. Interneten bidez izena ematen duenak badu beste aukera bat, Hemen behar zaitugu estekan klikatuta: bizilekuaren arabera egokituko litzaiokeen tokiaren ordez, betetzeko zailenak izango diren puntuetako batera joateko konpromisoa hartuko du aukera hori hautatzen duenak. Parte hartzaile guztiei bost euroko diru ekarpena eskatuko zaie.
Atzoko aurkezpenean, parte hartzeko moduen erakustaldi praktikoa egin zuten, eta, bide batez, lehenengo atxikimenduak jaso zituzten. Txaro Arteaga Emakundeko zuzendari ohiak, Eñaut Elorrieta kantariak eta Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariak Interneten bidez hartu zuten giza katean parte hartzeko konpromisoa, eta Pedro Ibarra EHUko irakasleak eta Kepa Junkera musikariak gauza bera egin zuten zuzenean txartela eskuratuta. Kirmen Uribe idazlea da Gure Esku Dago ekimenaren izena daraman kantuaren hitzen egilea, eta hura ere Durangon egotekoa zen, baina azkenean ezin izan zuen ekitaldian parte hartu, New Yorkerako bidean zegoelako; emanaldi berria aurkeztu behar du han. Hala ere, bideo baten bidez, bere sostengua eta giza katean parte hartzeko konpromisoa berretsi zuen.
Erabakitzeko eskubidearen protagonistak «herritarrak» direla esan zuen Uribek: «Askotan elkarrekin zerikusi handirik ez daukagun edo pentsaera desberdinak ditugun herritarrak». Herritar horiek guztiak erabakitzeko eskubidearen aldarriak batzen dituela gaineratu zuen, «iraganera begiratu gabe, gaur egunetik etorkizunera begira; herritar zoriontsuak, herri libre batean».
Hasi da katebegien bilketa
Aurkeztu dute dagoeneko erabakitzeko eskubidearen alde 2014ko ekainaren 8an Iruñea eta Durango batuko dituen giza kateaEkimen «zabal eta askotarikoa» egin nahi dute Gure Esku Dago plataformakoek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu